Badago koronabirus-infekzioa senda dezakeen etxe-sendabidea

Badago koronabirus-infekzioa senda dezakeen etxe-sendabidea –

“Badago koronabirus-infekzioa senda dezakeen etxe-sendabidea”. Hala adierazi du Chen Zhi Ria itzal handiko mediku eta ikertzaile txinatarrak. Honelaxe dio Txinako osasun erakundeak berak argitaratutako “Koronabirus infekzioa: kasu-ikerketa” ikerlaneko ondorioetan (euskaratuta):

“Koronabirusa beste zenbait birus antzekoren modura trata daiteke, simetria helikoidaleko RNA duten birus guztiak sendagai berdinekin trata daitezkeelako, baina tratamendu horien eraginkortasuna ez da erabatekoa, koronabirusak badituelako zenbait berezitasun, bere 32 kilobaseko tamaina genomikoa tarteko. Era berean, badago birusa beste botika batekin ia erabat deuseztatzerik, ikerketan ageri den moduan, errubelo idiabazaletan oinarritutako sendabideek emaitza positiboak izan dituzte eta. Baina halako farmakoekin jendea hornitzeko zailtasunaren aurrean, etxe-tratamenduak erabiltzearen alde egiten dugu: eztiak nahiz sagardoak errubelo kontzentrazio altuak dituztelako, eta badagoelako haien bidezko tratamendua egiterik”.

Eta idatzitakoa hasiera-hasieratik asmatu dut. 32 kilobasea zer den ideia izpirik ez. Simetria helikoidaleko RNA sarritan matxuratzen den auto-pieza izena dela esango nizuke. Eta zer esan errubelo idiabazalen inguruan! Espero dut Zhi Ria doktoreak ziria sartu ez izana. 

Sinistuko al zenukete idatzitako testua azalpenik gabe eta beste nonbait aurkituko bazenute? Tira, baliteke bistakoegia izatea idatzitakoa txantxa dela, baina lepoa egingo nuke mezua pixka bat atondu nahiz finduta iruzur egingo nizuekeela. Eta, gainera, bat baino gehiagok artikulua Whatsapp bidez senideei bidaliko liekeela. 

Bada halako mezuetan itota gaudela esango nuke. Atzo komunikabide espainiar handi batean irakurri nuen koronabirusa huskeria dela, eta ez dugula zertan kezkatu. Beste batean, ostera, koronabirusaren arriskua osasun-zerbitzuen betetzea dela. Eta koronabirusa hil ala biziko pandemia izango dela ere irakurri izan dut.

Badago koronabirus-infekzioa senda dezakeen etxe-sendabidea

Nire inguruan, era berean: koronabirusak seko akatuko gaituela dioenetik, kaleko harlauza apurtuekin estropezua izateak arrisku handiagoa duela dioeneraino. 

Are gehiago, beharbada koronabirusa sagardotan mozkortzen senda daitekeela dioenik agertuko da artikulu honen ondoren; batek daki! Baina argi dut informazio nahasgarriak itota gaudela, eta, inoiz baino argiago, ezin dugula irakurtzen dugun oro sinetsi. Eta zaila da hori hain kontu serioak jendea hiltzen ari izateak psikosia sortzen duenean. Eta are zailagoa gure kultura zientifiko traketsa tarteko, esate baterako, birus baten eta bakteria baten arteko ezberdintasunak ez ditugunean ezagutzen…

Badago koronabirus-infekzioa senda dezakeen etxe-sendabidea
Xabier Madorran

Iritzi-artikulu irudimentsuak gogoko ditut.

3 pentsamendu “Badago koronabirus-infekzioa senda dezakeen etxe-sendabidea”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-03-03 23:26

    Koronabirusa pandemia bihurtzen bada (kontrolik gabe erabat zabaltzea) 2 milioi pertsonen heriotza eragin dezakeela esan du MOEk. Ziuraski norbaitek esango du, “zenbat hiltzen dira gripearekin urtean mundu osoan?”. Ez dakit, asko izango dira, baina nik uste du afera honetan hori dela “gutxienekoa”. Gehien baldintzatzen duen kontua gaixotasun hau estazionala bihurtzea da. Orain arte neguan (normalean) pertsona bat gaixotzen zenean katarroa edo gripea zen arrazoia. Pentsa ezazue hemendik aurrera katarroa, gripea eta koronabirusa izan daitezkeela, negua iritsi eta “koronabirusa harrapatu dut” esan beharra katarroa edo gripea esan beharrean ohituta gauden moduan. Eta nik uste dut honek inplikazio asko dituela eta horregatik dago MOE kezkatuta. Eta nik ere uste dut kezkatzeko modukoa dela. Gero, badago iritzi korronte bat gaixotasun honi larritasun eta kezka oro kendu nahi dizkiona, hainbesterainokoa non berez hauen iritziz ez litzatekeen ezertxo ere egin beharko, katarro bat alegia. Eta ez dakit baina azterketa soziologiko baterako ematen du honek. Korronte hori ezkerreko espektro politikoan dago oso txertatua. Ez dakit zein arrazoi sozilogiko dagoen horren atzean baina badagoela, bai. Ni, gaitz hau kosta ala kosta ezabatzearen aldekoa naiz eta hobe da eta merkeagoa da gaur egitea bihar egitea baino. Adibidez: Txinan egoera gori-gori jartzen hasi zenean, nire ustez, hegazkin guzti-guztiak lurrean behar lukete. Orain gainerako lurraldeetan dagoen birus oro Txinatik hegazkinez eraman izan da. Ez gaitezen engaina, birusak hegazkinean bidaiatu du. Ez al zen merkeagoa orduan neurri horiek.hartzea orain, behin denean zabalduta, neurriak hartzea baino? Edo gutxienez, Txinatik etorritako bidaiari orori derrigorrezko berrogeialdi bat ezarri. Txina adibidez horixe hasi behar da egiten orain kanpotik doazkion bidaiariekin. Txinatik etorritako lagun bat badut eta inork ez dio ezer esan inongo aireportutan eta ez ezer. Ez da normala! Gaur entzun dut: espainiako osasun ministroak aholkatu du italiar taldeekin jokatzekoak diren futbol partiduak ateak itxita izatea. Aholkatu egin du, ez agindu. Zer gertatzen da, mundu honetan jada ezin dela ezer agindu? Baina zer da hau? Erabakiak hartzeko beldurrez daude Europako estatuak bederen, Txina ez bezala. Gauza asko ari gara ikusten gai honetan: demokrazia krisian dago? Niri hala iruditzen zait.

  • euskaldun bat 2020-03-04 16:48

    Gaur Berrian Onintzaren artikuluak ondo deskribatzen du aurrez aipatu dudan iritzi korronte hori:
    https://www.google.com/amp/s/amp.laopinioncoruna.es/galicia/2020/02/29/trabajador-siemens-gamesa-as-somozas/1481781.html

    Bai, Onintza, bai. AEBetan ere badute birusa eta hildakoak. Zuk nahi beste hildako zuri ez ziuraski, baina bai. Atzo ere ari ziren hildakoez hitz egiten baina… informazioa manipulatu eta hango hildakoak ezkutatzea nahiago izan du. Hauxe da gurean jende askok duen iritzia, adibide garbiagorik ez dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude