Autodeterminazio erreferendum proposamena Konstituzioaren debatean (4)

Autodeterminazio erreferendum proposamena Konstituzioaren debatean –

Pernandoren egiekin hasita, Katalunian egun autodeterminazio erreferendum loteslea eta Estatuak onartua nahi dute, eta Estatuko botereek ez dute nahi. Euskal Herri penintsularrean, batez ere EAEn, badago erreferendum nahia, eta erreferenduma nahi duten gutxiz gehienek independentzia nahi dute. Madrilgo Kongresuan, 1978ko ekainaren 16an, Francisco Letamendia Ortzik autodeterminazio eskubideari buruzko zuzenketa bat aurkeztu zuen. Une hartan Euskadiko Ezkerra taldean zegoen Letamendia, eta handik laster Herri Batasunera igaro zen. 

Autodeterminazio erreferendum proposamena Konstituzioaren debatean (4)Letamendiak zioen Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1966ko abenduan onartu eta 1976ko martxoaren 23tik indarrean den Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunari jarraikiz -169 estatuk berretsia; tartean, Espainia-, Euskal Herriak eskubidea zuela autodeterminatzeko, eta horrenbestez, hori nola egin azaldu zuen -Goyo Monrealek, berriz, zioen gorago aipaturiko itun hori legedi espainolaren parte zenez gero, besterik gabe, har zitekeela autodeterminatzeko erabakia-. Zein zen Letamendiaren proposamena?

Erreferendumera deitzeko proposamenak Autonomi Erkidegoko Biltzarretik abiatu behar zuen, haren laurdenak proposatu eta Biltzarraren gehiengo osoak onarturik. Erreferendumak garaile ateratzeko gehiengo osoaren aldeko botoa behar zuen Euskadiko lurralde bakoitzean, ez lau lurraldeetako biztanleria osoa kontuan; hots, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian, gehiengo osoa. Emaitza baiezkoa izatera, Espainiako Estatuak aitortu beharra zuen Estatu berria, eta haren burujabetza osoak barne hartzen dituen funtzio guztiak eskualdatu behar zizkion1.

Gaur egun EAE eta Nafarroa Garaia hartuko genituzke subjektutzat seguru asko, baina azpimarratu beharrekoa iruditzen zait batere anbiguotasunik gabe adierazi izana erreferenduma Estatu berria sortzeko zela.

Esan beharrik ez dago alderdi espainol guztiek, bakoitzak bere ñabardurekin, aurka egin ziotela eta iraindu ere egin zutela eskuindarrek, nork gehiago nork gutxiago. Eta katalan eta euskaldunek? Roca Junyent salatik atera omen zen bozketa baino lehen. Sole-Turak aurkako botoa eman zuen esanez komunista katalanek ezberdin ulertzen zutela autodeterminazio eskubidea. Ez omen ziren konstituzio ideologista testimonial bat egiten ari, gehiengoak onartzen ez zituen proposamenak alde batera utzi behar omen ziren, halakoek zatiketa eta urradura ikaragarriak eragin zitzaketelako. Eskuin espainolak irainak eta ezker espainolak Sole-Turaren antzeko anbiguotasunak; teorian, nolabait bai, baina praktikan inola ere ez.

Eta EAJk? Marcos Vizcayak zuzenketa-proposamenari baiezkoa eman zion, baina honela azaldu zuen bere botoa:

el PNV ha votado sí al derecho de autodeterminación como tal derecho teórico, pero no a su ´constitucionalización´, y añade que `me gustaría que los aquí presentes sepan valorar y entender el sentido de nuestro voto, y se abstengan de interpretaciones distintas a las que acabamos de dar2.

EAJren anbiguotasun ezagunak. Autonomi estatutua nahi zuen, eta eskubide historiko foralak xedapen gehigarri batean jasotzea Konstituzioan. Handik urte batzuetara Mitxel Unzetak azaldu zuen ezen eztabaida konstituzionalean EAJk ez zuela autodeterminazioaren gaia planteatu. Letamendiak eta Goyo Monrealek bai. Kongresuko Batzordean EAJk onartu zuen Letamendiaren zuzenketa, baina gainerako bozketetan abstenitu egin ziren. Zergatik? UCDk esaten omen zien xedapen gehigarriaz hitz egin zitekeela, baina autodeterminazio eskubideaz ez3. Itun foralaren bitartez autodeterminazio modu batera irits zitezkeela pentsatu zuten, eta foruen aurrekari historikoa egoteaz gainera, “politikoki salgarriagoa” zela.

Letamendiaren autodeterminazio eskubideari buruzko proposamena bozkaturik, bost aldeko boto eta 11 abstentzio egon ziren. Boto horiek katalanenak ziren. Trías Fargasek azaldu zuen diputatu katalan gehienen ikuspegia:

Nosotros ya nos hemos autodeterminado. Nosotros somos partidarios de esta Constitución (…) No hemos votado la enmienda del señor Letamendia por razones obvias, porque nos ha parecido que su autodeterminación llevaba un objetivo final separatista, que evidentemente no es el nuestro.

Trías Fargas EDCko (Esquerra Democràtica de Catalunya) diputatu izan zen Bartzelonatik 1977an eta 1979an CIUtik. Hark adierazi zuen ikuspegiaren gainean, Letamendiak zioen oker zegoela. Ezker abertzalearen helburua ez zen separatismoa, baizik eta independentismoa; eta autodeterminazio eskubideak ez zuen derrigor esan nahi independentzia, baizik eta aukera berdinak eman nahi zitzaizkiela independentziaren aurka zeudenei, eta alde zeudenei. Jakina, hori demokrazia defendatzea bada, edo izan liteke, baina espainiar erako demokrazian ez da kabitzen, orain arte behinik behin ez.

Autodeterminazio erreferendum proposamena Konstituzioaren debatean (4)

Saiakera-idazlea

2 pentsamendu “Autodeterminazio erreferendum proposamena Konstituzioaren debatean (4)”-ri buruz

  • Zinez, egungo espainia post-frankistari beldur handiagoa ematen dio prozesuen demokratizazioak hortik eratorri daitezkeen emaitzak baino. Gureari dagokionean, argi izan egun erreferendumik egitekotan independentistok galduko genukeela. Ez gaude garairik onenean, esan beharra dago, abagunea txarra da eta egoeraren nolakotasunak ez digu onurarik ekarriko. Bide horri ekiteko baldintzak nahiko txarrak dira eta, gainera, guk ez diogu gure buruari batere laguntzen. Autodeterminazioa legala ezin badaiteke legala izan alegala izan beharko da edo, behar izatekotan, ilegala. Guk erabaki besteen baimena behar izan gabe.

  • Prozesuen demokratizazioari eta emaitzei. Katalunian zer esanik ez, eta demagun EAEn ere, autodeterminazio erreferendum lotesle bat eginez gero, egungo inkesten oso bestelako emaitzak aterako lirateke
    . Horregatik diote beldurra.