Herriari kendu, elizei eman

Herriari kendu, elizei eman –

Iaz pandemiagatik atzeratu eta ekainean izan genuen EAEn Bigarren Hezkuntzako irakasleak hautatzeko oposizioetako lehen atala, idatzizkoa. Irailean ebaluatuko dira idatzizkoa gaindituko dutenen programazioak, lehenagotik egin behar izan dituztenak. Ziurrenik, urriaren amaiera arte ez da bukatuko azkeneko azterketa: hirurogeita hamar gai inguruko zerrenda batetik zozketaz ateratako bat mintzoz aurkeztu beharko dute izangaiek, epaimahaien aurrean, irizpide inpartzial eta zentzudunen bidez osatutako epaimahaiak. Oposizio gogorrak dira, ia urte bi kirioak dantzan.

Herriari kendu, elizei eman
Portugaleteko Andra Mari eliza. Egilea: Ebaki (wikimedia)

Erlijioko irakasleek lanpostu finkoa lortzeko ez dute sekula oposiziorik gainditu behar izan. Gotzaindegiak aukeratu ditu missio canonica delakoan jarduteko, eta ez bide zaio erosoa jendaurrean aitortzea zein irizpide zehatz erabili duen. Gotzaindegiaren webguneko Erlijio katolikoko irakasleen baremazioa esteka sakatu eta hutsik ageri da. Hori bai, diru publikotik ateratzen dira haien soldatak, irakasle misiolariak Gotzaindegiak proposatu eta Eusko Jaurlaritzak izendatzen eta ordaintzen baititu.

Era berean, lege-proiektu bat onartu berri du Jaurlaritzak «erlijio-aniztasuna babesteko eta kultu-zentro berriak irekitzeko», bi helburu horiek elkarri derrigorrez lotuak baleude bezala. Izan ere, egon zaitezke erlijio-aniztasuna babestearen alde; baina aldi berean uste izan dezakezu ez dela Jaurlaritzaren zeregina ez udalak ez beste edozein erakunde behartzea kultu-zentro berriak irekitzera, eta mugatu beharko lukeela ziurtatzera inor ez dela bere fedeagatik edo fedegabetasunagatik saritua edo zigortua.

Lege-proiektu honetan guztiak dirudi arraro samarra. Ezagutarazi dizkigun EAEko fededunen eta fedebakoen kopuruak txundigarriak dira. Katolizismoa ei da EAEko konfesio nagusia, 1.489.864 sinestun. Nola zenbatu dituzte? Mezetara ez doaz hainbeste. Isilean otoitz egiten dutenak izango dira menturaz 1.489.864?

515.771 omen dira sinesgabeak. Ez 515.770, edo 500.000 inguru, baizik eta 515.771. Pentsa liteke neurgailu kuantikorik sofistikatuenak baliatzen hasiak garela. Ez da sinesgaitza zehaztasun hori?

Ez horrenbeste, kontuan hartuz gero datu horien iturria CIA dela, eta Deustuko Unibertsitateko erakunde batek ere lagundu duela datuok plazaratzen; eta Gotzaindegiak Batxilergoko Erlijio-irakaslegaiak Deustuko Unibertsitatean gradu garesti bat egitera bultzatu izan dituela, hots, Baccalaureatus in Scientiss Religiosis ikasketa kanonikoa, «hezkuntzaren eta irakaskuntzaren bidez fedea transmititu nahi duten sinestunentzat» eskainia. Matematika edo Filosofia sinestunek zein sinesgabeek irakats ditzakete, eta Erlijioa, berriz, sinestunek baino ez. Noski, gradu hori ez dago gaztelaniaz baino. Tankera horretako diskriminazioak kontrolatzen kontzentratu beharko luke Jaurlaritzak.

Lege-proiektua udalen aurkako eraso bat da; atentzioa ematen du elizei dagokienez darabilen mintzamolde goxoaren eta udalen aurkako kontu-eskearen eta errietaren arteko kontrasteak. Elizak eta fedeak «babestu» eta «bermatu» behar dira; ostera, udalei exijitzen zaie «zuzeneko edo zeharkako bereizkeria edo murrizketa arbitrario bat eragin dezaketen alderdiak saihestea», aditzera emanez orain arte bereizkeria eta arbitrariotasuna erabili dutela. Jaurlaritzak zaindu egiten ditu elizak, udalak behartu: «udalek hiri-antolamenduko planak eguneratu beharko dituzte»; «erlijio-erabileretarako ekipamenduetara bideratutako lurzoru-erreserbak aurreikusi beharko dituzte».

Lege berriak estaldura juridikoa eman nahi dio «kultu-zentroak edo lekuak irekitzeko eta erabiltzeko oinarrizko eskubideari». EAE, alabaina, Espainiaren zati da, eta Konstituzioaren arabera Espainia akonfesionala da. Estatu akonfesionaletan, definizioz, diru eta lurzoru publikoz lagundu beharreko oinarrizko eskubideak etxebizitza, hezkuntza, osasuna, lana eta gisakoak dira; ez sinesmen partikularrak. Zergatik?

Pandemian ikusten ari garenez, Osakidetzan berdin artatzen dituzte katolikoak, ateoak, musulmanak, edonor. Hezkuntza Publikoa ere nornahirentzat da, inor ez du baztertzen sinesmenengatik edo diruagatik. Joera unibertsal hori duten erakundeak dira estatu akonfesionaletan oinarrizko eskubideak. Aldiz, eliza bakoitzak bere fededunekin duenez oroz lehen lotura, aldez aurretik baztertzen du bere burua oinarrizko eskubide akonfesionalen zerrendatik. Kultu erlijiosoak gauzatzeko lurzoruak eta eraikinak ez dira oinarrizko eskubideen artean izan, harik eta Jaurlaritzak gure erkidegoaren egitezko konfesionaltasunari bultzada berri hau eman dion arte.

Jaurlaritzak udalak hertsatzen ditu elizek nahi dutena gauzatzera; baina gainera, lege-proiektuaren esanetan, udala bera izango da elizen gurari horiek behar bezala betetzen direla jagon beharko duena. Erabakia, Jaurlaritzarena; onurak, elizentzat; erantzukizuna, udalena baino ez. Garbi ikusten da jokaldia: elizek, gauzak ez badira berek nahi bezala irteten, udala salatu ahalko dute, udalari ordainarazi, ez Jaurlaritzari, are gutxiago beren buruari. Ez al dago beste biderik erlijio-aniztasuna babesten ahalegintzeko, udalak horrela umiliatu gabe?

Historiak hainbat bider erakutsi duenez, estatua eta eliza bereiztea lagungarri zaio elkarbizitzari. Eusko Jaurlaritzak, kontrara, diru publikoa ikaragarrizko hutsuneak dauzkaten eskola edo osasun publikoan erabili beharrean, elizak bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea erabaki du berriro. Ohitura itsusia inondik ere, guztion sosa minimo demokratikoak betetzen ez dituzten talde pribatuei oparitzea.

Herriari kendu, elizei eman Herriari kendu, elizei eman Herriari kendu, elizei eman

2 pentsamendu “Herriari kendu, elizei eman”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-07-26 11:27

    Legeria hau, erlijio-ikasgaiarekin gertatzen den bezala, Eliza Katolikoaren pribilegioei eusteko pentsatua dago. “Erlijio-aniztasuna bermatzea”-eta azala eta apaindura besterik ez da.

  • Bale Markos, baina Hezkuntza Sailaren ardurapean dauden funtzionarioek ere ez dituzte betetzen zuk aipatzen dituzun” minimo demokratiko” horiek. Gainerako hiritarrok behartuta gaude hezkuntz txar eta obligatorio hori ordaintzen. Justuak dira hezkuntza sistema estataletik soldata jasotzeko pribilejioa lortzeko baldintzak? Edo zuk esaten duzun moduan” baremazioa”? Eta gero ze mekanismo daukagu hiritarrok zuen lana fiskalizatzeko? Zergatik ezin dugu jakin ikastetxeetako ebaluazio diagnostikoak? Ikuskaritzak zergatik ez ditu ikertzen ikastetxeetako ” aprobatu orokorrak”? Edo ematen dituzten ohorezko matrikulak? Uste dut hezkuntz sistema publikotik kobratzen dutenen artean erligioko irakasleak ez direla txarrenak, gainerakoak askoz ere korruptuagoak dira.
    Laburbilduz: eskola publikoko irakasleok ez daukazue erlijioa ematen duten irakasleokin sartzeko eskubide moralik.