Atsedenik ez drogarik gabe
Bainu gatzak (bath salts) dute izena eta AEBtako herritarrak ikaratuta ditu. Legezko produktua izan arren, droga gogorren eragina du, anfetaminen eta kokainaren mailakoa. Zombie eraso baten eta hainbat suizidio kasuen atzean bath salts hauek daudela susmatzen dute.
2011 urtean 6.138 pertsona artatu zituzten bainu gatzen drogaren eraginak jota. Esnifatu egin ohi da, kokainaren antzera. Iazko daturik ez badago ere, bainuko gatzen erabilera gora doala diote adituek. Merkeak dira “Purple Wave,” “Zoom” edo “Cloud Nine” izenean datotzen 50 miligramoko poltsak, 50 dolarretik behera. Aluzinazio latzak eragiten dituzte, psikosiak ere bai kasu batzuetan. Izan ere, estimulagarriz osatutako bonba kimikoak dira bainu gatzak. Kokainaren pozoiketa halako hamairu eragin dezake. Gernu froga normaletan ez da drogaren aztarnarik agertzen. Epe luzera eskizofrenia eragiten duela diote medikuek.
Drogaren gehiegizko erabileraz arduratuta dago, besteak beste, Itsas Armada. Bideo-iragarkia zabaldu berri dute bainu gatzen arriskua nabarmenduz. Zeresana ekarri du publizitateak. Exajerazioa eta dramatismoa bor-borka ditu bideoak. Drogaren ondorio psikologikoak jota dagoen gazte baten amesgaiztoko esperientzia beldurgarria erakutsi dute.
Atsedenik ez Drogarik gabe izen okerreko kanpainak bezala, arrazoi desberdinak tarteko oihartzun handia izan du honek ere.