Athletic gorri ta zuria ez doa Tel Aviv-era
Europa Leagueko Hapoel Kyriat-Athletic partida zen jokatzekoa bihar Israelen. Baina Athletic ez doa. Athletic ez doa! “Eh, entzun duzu? Athletic ez doala!” Hori bai, izan zitekeen palestinarren eskubideen alde, izan zitekeen Estatu terrorista eta terrorifiko baten hilketak salatzeko. Demonio! Izan zitekeen printzipio kontuengatik! Haurrak hiltzen dituztelako, familiak banatzen dituztelako! Baina noski ez da horregatik. Globoa hustu da, purrust.
Athletikeko jokalari gajoak ia bi orduz egon dira Loiuko aireportuan, hegazkina hartu ala ez hartu… erabaki ofizial baten zain. Eta azkenean UEFAk partida atzeratu du, terrorista palestinar gaizto batek atentatua egin baitu gaur goizean Tel Aviven. Beno edo halako zerbait. Xehetasunek inporta al dute halako kontutan? “Antza denez, gizonezko bat autobusera igo da, barruan pakete bat jaurti, eta ihes egin du. Handik gutxira, bonba lehertu egin da”, informatu du EiTBk Eugeni Garcia Jerusalemen duen berriemailearen bidez.
Atzo bertan irakurtzen nituen Hodei Iruretagoiena (@hirual) Berriako kazetariaren txio batean Oscar De Marcos Athletikeko jokalariaren hitzak: “En Israel están en guerra y eso acojona un poco” (Israelen gerran daude eta horrek apur bat kikiltzen du).
De Marcos: “En Israel están en guerra y eso acojona un poco” eldesmarquebizkaia.com/athletic-club/… Gerra Israelen?! Masakrea! eta Palestinan! #israeliboikot
— Hodei(@hirual) Azaroa 20, 2012
Benetan kikiltzen duena da nola Euskal Herriko, eta munduko erakunde gehienek ezikusiarena egiten duten Gazan gertatzen ari denaren aurrean. Hedabide nagusien desinformazioak kikiltzen du. Gaiaren inguruan dugun ezjakintasunak, are gehiago, jakin nahi ezak! Ez al da ba kikiltzekoa?
Su-etena dela eta asko dira poztu direnak, Palestinan bertan, zer esanik ez, eta handik kanpo.
Dena den, batzuentzat ez da behar bezain laster iritsi. Irakurri bestela Deiako portadako titularra:
“La Tregua en Gaza llega tarde para el Athletic”
To!