Askatasunaren bidea

Askatasunaren bidea –

Espainiar justiziak Omnium elkarteko Jordi Cuixart eta ANCko Jordi Sanchez espetxeratu ditu. Erabakia jakin eta Assembleako presidentearen gutun bat argitaratu du ARA egunkariak, euskaraturik dakarguna, Omniumeko buruak grabatu duen bideoarekin batera:

.

Jordi Sanchez (Assemblea Nacional Catalana)

Askatasunerako bidea ez da beti erraza izaten. Baina horrenbeste jenderekin egiten denean beti da atsegina. Audientzia Nazionalaren jarduera, herri batek bozka bidez adierazitako borondatea aldatzeko une erabakigarrian heldu dela pentsatuko du baten batek.

Estatu espainiarrak arbuiatu egin ditu behin eta mila aldiz politikaren eta elkarrizketaren bideak. Gaur bertan uko egin dio Puigdemont presidenteak luzatutako gonbidapenari, elkarrizketari bi hilabetez aukera emateari.

Estatu indartsua da Espainia, eta bere egia inposatzeko botere mekanismo guztiak ditu. Ikusi genuen urriaren 1ean, lehendik ere ikusia genuen bezala. Eta benetan, espainiar agintariek hautatu duten bideak presio handia ezartzen digu, min handia ematen digu, eta pauso bakoitza kontzientzia osoz ematera behartzen gaitu. Baina guk herritarren borondatearen indarra dugu, eta indar hori, pertseberantzia bera agertzen badugu, menderaezina izango da.

Askatasunaren bideaAskatasunaren bidetik jarraitzeko egin dugun apustua argia eta hausnartua da. Ez dugu ezer ezkutatzeko. Estatu bat izan gura dugu, Errepublika bat. Beste ezeren gainetik demokratak gara. Inork ez gaitu aldatuko.

Auzitegi Nazionalak guri askatasuna kentzeko hartu duen erabakiak ez du funts juridikorik ez prozesalik. Duela egun batzuk hartu zen jada erabaki hori, Auzitegian gaur izan dugun agerpena baino lehen, eta halaxe berresten dute Erret-Jauregian iragan urriaren 12an izandako ehunka komentariok, milaka txiok eta aurretiazko informazioek. Estatu espainiarrak nazioarteko iritzi publikoaren aurrean eta Europako epaitegi eta gorteetan azaldu beharko du erabaki hori. Argi esanda, eskandalu bat da. Europako lotsetako bat.

Ez dut zigorra onartzen. Ez ditut kautela-neurriak eta ondorioak onartzen. Niri askatasuna kentzeko erabakia ez da bidezkoa. Eta Estatuko agintariek lotsa pasa beharko dute erabakiagatik.

Lasaitasunez espero dut askatzeko agindua. Badakit helduko dela, ezin da bestela izan. Deliturik ez dagoenean, ezin da espetxeratze agindurik egon. Gaur Espainiar Epaitegietan egin den bidegabekeriaren aurrean, zuzenketa bat eskatzen dut, espero dut, exijitzen dut.

Badakit, ziurtasunez, nire herrialdeko herritarrek erantzun zibiko eta baketsua emango dutela, beti bezala. Gure askatasunen eta eskubideen alde manifestatzeko eta exijitzeko eskubide osoa dugu. Baina era berean, eskubide hori indarkeriarik gabeko konpromiso ezin erosizkoaz gauzatzeko eskatzen dut. Ez gara inoiz indarkeriaren tranpan erori. Orain ere ez gara eroriko.

Espetxeratze agindu gehiago ere helduko dira agian, akaso autogobernuaren etete bat, edo beharbada Estatuaren aldetik oldarkortasun handiko neurri politikoak. Ez dezagun iparra gal. Konfiantzarekin eusten badiogu, konpromisoarekin, mobilizatuak eta zibikoak orain arte bezala, urriaren 1ean edo joan den 3ko greba orokorrean egin genuen bezala, guztion artean independentziara helduko gara.

Puntu honetan nire konfiantza agertu nahi dut gure Parlamentuaren gehiengoak har ditzakeen erabakien gainean, eta gobernuaren izenean Puigdemont presidenteak eta Junqueras presidente ordeak agertu duten elkarrizketa estrategiaren alde agertu. Banatu nahi gaituzten honetan, ager gaitezen bat eginda bidearen azken zatian. Uko eta atzera-egiterik gabe, burua hotz eta erabaki ausarta aurrera egiten jarraitzeko, oso hurbil dugun honetan.

Inork ezingo gaitu garaitu elkarrekin jarraitzen badugu. Batuta, indartsu, pluraltasunean bat eginda, askatasunaren, demokraziaren eta Errepublika katalanaren alde modu baketsuan mobilizatuta.

Askatasuna duina eta osoa da, edo ez da. Aurrera!

.

Jordi Cuixart (Omnium)

Askatasunaren bidea Askatasunaren bidea Askatasunaren bidea

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.