Asel Luzarragaren Txile

NDE5Mg==

Ondo etorri Txilera, Latinoamerika berriaren eredura. Ondo etorri atzerritar enpresari zuria bazara, inbertitzeko dirua, zure aberastasunak azkar biderkatzeko gogoa eta, batez ere, eskrupulu gutxi badauzkazu. Ondo etorri turista bazara eta gidaliburuek adierazitako bideetatik mugitzeko eta agintzen dizuten aldera begiratzeko prest bazaude. Ondo etorri ikusi behar ez den guztiari ezikusiarena egingo badiozu eta komeni ez den ezeren berri emateko tentaziorik ez badaukazu. Ondo etorri jatorrizko herrien alde folklorikoan eta agentziek adieraziko dizuten komunitateetan egun bakan batzuetarako barneratzeko otzantasuna badaukazu (gehiegi barneratzea ere ez da komeni). Ondo etorri botereari men egiten dioten ideia aproposak badakartzazu eta agintarien ezaugarri eder guztiak (benetakoak zein fikziozkoak izan) laudatzeko eragozpenik ez badaukazu. Hori da Pinocheten garaiko Txile.  

Ez, ez zait ahaztu Pinochet hilda dagoela, izan ere, haren zaintzapeko konstituzioa eta egitura onartu zituen Kontzertazioak ezin hobeto egin du Pinocheten oinordetzaren administrari lana azken hogei urteotan, lekukoa benetako jabeari itzuli arte. Hau da Latinoamerikarako eta mundu osorako eredua. Neoliberalismoaren laborategi txukun eta esanekoa. Ameriketako eskolakoen ikasgela kutuna.   Baina demagun atzerritarra eta zuria izan arren, herria bizi den egiazko mailan bizitzeko ausardia daukazula. Demagun turista hutsa izateari utzi eta markatu ez dizkizuten bideetatik jotzea erabaki duzula. Demagun jendearen otzantasuna koloka jar dezaketen “ideia arrotzak” dakartzazula. Demagun ikusi behar ez dena ikusi ez ezik, leku publiko eta ireki batean idazteko lotsagabekeria daukazula. Orduan, gerta daiteke halako egun arrunt batean lege betearazteko uniformea jantzita daramaten horiek, jeneral zenari lan zikina egitera ohitutako berberak, zure ateraino iristea.  

Gerta daiteke, halaber, ordena gerrikoan eskegita daramaten horiek zure etxean gida turistikorik gabeko txangoa egin nahi izatea. Gerta daiteke haien artean Howardesen ikasitako aztiren bat egotea, demagun Victor Hugo Blanco kapitainen bat dela. Gerta daiteke azti horrek makilatxoa astindu eta inoiz ikusiko ez dituzun gauzak zure etxeko bazterren batean agerraraztea. Gerta daiteke hori nahikoa izatea minutu batetik bestera zu, “ideia arrotzak” ekarri dituzun atzerritar hori, terrorista bihurtzea eta ordu gutxitan pantaila leialak ospetsu bihurraraztea. Gerta daiteke funtzionario abegitsuek udako kanpamendu berezi batean izena emanaraztea, saria zuk beste merezi duten lagun berriak egin ditzazun eta Txilen egin duzun bideaz ausnartzeko behar beste denbora izan dezazun.  

Ondoren, zorionekoa zu, justizia sistema ondo olioztatua ere ezagutuko duzu. Halako batean, zorte apur batekin, zure merezimenduak ere jakingo dituzu, eta zure onerako fiskalak eta polizia arduratsuek mimo handiz sortu dituzten frogak ere bai. Egunez egun, zu ezertaz jabetu baino askoz lehenago zuretzat beren beregi idatzi duten gidoia ezagutzen hasiko zara, eta eman dizuten protagonista eginkizunera egokitzen, dena txiletar gidoilari finek prestatu dizuten amaiera zoriontsura iritsi arte. 

NDE5Mw==

   Pertsonaia berria ondo barneratzen lagunduko dizute bertako tokiko telebistek eta egunkariek, dagozkizun lerroak presa barik ikas ditzazun. Halako batean, zure pertsonaiak eman behar zuen guztia eman duela iragarriko dizute eta, hasieratik izan duten eskuzabaltasun berberarekin etxerako hegazkina ordainduko dizute, Txileko esperientzia paregabea inoiz ahaztu ez dezazun. Pentsa zenbat esperientzia berri zure etxean kontatzeko! Tamalez, zure etxeko txangoa hartan argazki kamera kenduko dizute, zure onerako manipulatuko dituzten argazkiak ateratzeko eraman zutena ez bide zelako nahikoa eta, beraz, ez duzu edukiko benetan erakustekoa litzatekeen argazki sorta. Zorte apur batekin, funtzionario uniformedunek ateratakoak oroigarri interesgarria izango dira.  

NDE5Mw==

Dena dela, ez pentsa ikuskizuneko protagonista bakarra izango zarenik. Noizean behin, antzeko papera eman dieten maputxeak eta okupetan mugitzen diren anarkistak ere izango dituzu bidaide. Gehienen thrillerrak zurea baino askoz lehenago hasi ziren, noski, baina jakin behar duzu haientzat prestatu dituzten gidoiak eta zurea oso antzekoak direla. Beharbada, aztiek haien etxeetan agerrarazi dituzten objektu miragarriak ez dira berberak, baina antzik ez dute faltako. Jakina, haiei ezin diete etxerako hegazkinik ordaindu, mundu berriak ezagutarazteko gogoa falta ez badute ere, eta horregatik, ordainetan, udako kanpamenduko egonaldia luzatu egingo diete, udarekin batera udazkena, negua, udaberria, hurrengo uda, hurrengo udazkena, hurrengo negua, hurrengo udaberria… ere ezagut ditzaten, Korear film hartan bezala, baina hango lakua eta baso ederrak ikusteko paradarik gabe.

  Tarte horretan, zorionekoa bazara, beste esperientzia gogoangarriak ere izango dituzu. Demagun lurraren haserrea ezagutzea dagokizula. Inon behar dutenei laguntzeko aukerarik ematen ez badizute, telebistak egunero ekarriko dizkizu hondamendiari lotutako zirkua eta egia baino ikusgarriagoa diren fikzioak. Zer esan meatzari dohakabeen reallityaren jarraipena egiteko pribilegioa badaukazu. Ez dago ezer ederragorik guztien presidentea (batzuena besteena baino presidenteago, jakina) senideek aurreko egunean jaso zuten idatzia ofizialki noiz irakurriko duen itxarotea baino. Aldi berean hamaika tokitan egoteko gai den azti nagusiak eman behar dituelako albiste on guztiak! Eta bera bertaratzen ez den bitartean munduak itxarotea dauka. Azken finean, albistea ez da meatzariak ondo dauden, hori bigarren mailakoa da. Partaide bihurtu zaituzten film erraldoi honetan garrantzitsuena azti nagusia aurreko egunean iritsi zen mezu hori irakurtzen eta mundu osoari erakusten agertzea da. Une loriatsu hori leku guztietan gogoratzeko ondo gordeta eramango du familiena izan behar zuen paper zatia.

  Hori dena eta gehiago bizi ondoren, ez esan Txileko esperientziak ez duenik merezi izan. Eta batez ere ez esan diktadura apaindu horretatik ahalik eta urrunen bidaiatzeko aukera ez dela Txilek egin dizun oparirik onena!

  Asel Luzarraga

Aselen armairua aztiak poltsa agerrarazi ondoren

Irudia | Turistak Aselen etxean | A. Luzarraga | Creative Commons By SA
Irudia | Armairua aztiak magia erabili aurretik | A. Luzarraga | Creative Commons By SA
Irudia | Aselen armairua aztiak poltsa agerrarazi ondoren | A. Luzarraga | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.