Prentsa manifestazioari begira

Berriak eta Garak manifestazioak duen sostengu zabalari erreparatu diote gaurko titularretan. Berrian Koldo Aldabek dio “gutxitan” jaso duela manifestazio batek gaur egingo denak adinako “sostengu askotarikoa”, “azken urte honetan bakegintzari eta normalizazio politikoari begira hainbat alorretan egindako urratsen ondorio ere izan liteke babes horren oinarrietako bat, eta euskal gatazka konponbidera eramateko ekimenen emaitza ere bai, konponbide horretan euskal presoen eskubideak eta haien parte-hartzea ere aintzat hartu beharrekoak direla uste dutenak gero eta gehiago diren seinale”. Sostegun zabal hori zenbatu du Garak eta 5.000tik gorakoa dela dio titularrean. “Manifestazioak ikaragarriko jendetza batuko duela aurreikusten da, ze herriz herri antolatzen ari diren autobusak oso kopuru handitan dabiltza. Herri askotan bikoiztu egin da normalean gisa honetako manifestazioetarako antolatzen duten autobus kopurua…”

Deiak ere manifestazioak bilduko duen jende kopuruari erreparatzen dio, eta gaurkoa “gogoratzen den handiena” izan daitekeela dio. “Gaurko manifestazioan ETAko presoei aplikatzen dien espetxe politikan aldaketak eskatzeaz gain, balio izango du ezker abertzale ilegalizatuak erakutsi dezan ze indar duen eta ze babes daukan oraingo apustu politikoaren aurrean. Muskulua ateratzeko ahalegina izango da, ETAren agiria asteburu honetan bertan iritsi daitekeela dioten zurrumurruen artean”.

El Paísek ere gaurko manifestazioari eskaintzen dizkion lerroak testuinguru politikoan kokatzeko dira. Luis R. Aizpioleak titularrean dio Batasuna gaurko manifestaziora presio artean joango dela. Presioak ETAk ez duelako publiko egin oraindik hainbeste esperotako agiria: “Abenduaren 11n, Batasunako kide Rufi Etxeberriak iragarri zuen Eguberrietako jaietan Euskadi bake aro batean sartuko zela. Horregatik, eta notiziaren gabezian, Gernikako akordioan Batasuna babesten duten alderdien artean –Aralar eta Eusko Alkartasuna- ezinegona nagusitu da, iragan iraileko akordioan ETAri su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatzeaz gain, indarkeria behin betiko uzteko borondatean konprometitu zedin eskatzen baitzioten”. Presio horiei Batasunak berak ere presio eginaz erantzuten diola dio El Paisek, “ETAri eta Gobernu zentralari presio eginaz”.

El Correok ere El Paísen bide beretik Batasunarentzat manifestazioa “une konprometituan” iritsi dela dio, ETAren agiria ez baita iritsi. Hala ere,k El Correok Pedraz epaileak manifestazioa baimentzeko emandako aginduarekin titulatu du albistea. Erabaki hori hartzeko, epaileak bi txosten kontraesankor izan ditu eskuartean El Correoren arabera, Gurdia Zibilarenak Batasuna eta ANVren interbentoreak” ikusten zituen deitzaileen artean eta Polizia Nazionalaren txostenak dio “argi” dagoela deitzaileen artean ez dagoela ilegalizaturiko alderdiarekin lotura duen jenderik.

Iazko manifestazioaren irudia

Irudia | Iazko manifestazioaren irudia | z | LGPL
manifestazioa

Zer duzu buruan “Prentsa manifestazioari begira”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude