Arturoren kondaira, mitotik errealitatera
Arturoren kondaira, mitotik errealitateara –
Arturo erregearen kondaira pop kulturaren askotariko bitartekoen bidez heldu zaigu, tartean ipuinak eta bereziki telebista, marrazki bizidunak tartean direla, ETBren lehenengotarikoak, esango nuke bideo-jokoak ere badaudela, noski! Kondaira hori, baina, garai hartan Europan mamitzen ari ziren beste batzuen arteko bat da, adibidez, Errolanen kantua gesta kantu famatua.
Arturo britainiarraren kondaira Ingalaterrako koroak piztutako gatazka politiko-militarren erdian kokatu zen, Eduardo errege ingelesaren asmo espantsionistentzako enbarazu bilakatuta, borrokan ari baitzen galesen burujabetzaren kontra. Errege ingelesak (1239-1307) kondaira horren korapiloa ondo askatu behar zuen, gauzak bere aldera ekarri nahi bazituen.
.
Arturo britainiarra (galesa) itxuraldatzen
Gruffudd (Geofrey ingelesez) Monmouthekoa galesak balentriaz betetako historia bat idatzi zuen XII. mende erdialdera. Bertan, ordea, britainiarrak anglosaxoien inbasioaren kontra borrokatzen dira (V-VI. mendeetan gertatutakoa), eta Arturo, galesen jainko txiki bat, britainiarren errege borrokalari mitiko bihurtuta agertzen da Gruffuden istorioan.
Gruffudd Monmouthekoaren liburuaren arrakasta zabaldu egin zen, piztu egin zen Arturo erregearen gortearen inguruko jakin-mina, eta kopiak eta bertsioak ugaldu egin ziren. Jatorrizko Arturoren aldamenean, Camelot delako gaztelu bat eta Mahai Biribileko hamabi zaldunak agertzen hasi ziren hurrengo kopia eta bertsioetan. Liburuaren orduko 215 kopia gordetzen dira egun, izan zuen arrakastaren seinale. Arturo erregearen itzala luzatzen eta luzatzen ari zen, eta XIII. mende hasierarako, Europara ere zabaldu zen.
.
Arturo itzuliko ote da?
Camelotez eta Mahai Biribileko zaldunez gain, Arturoren hilobia ere hasi ziren testuetan aipatzen. 1184an, Glastonburyko abadetxea erre zen eta, hura berreraikitzerakoan, komenigarria iruditu zitzaien bertako fraideei, itxura guztien arabera Henrike II.a errege ingelesak zirikatuta, Arturo erregearen hilobia aurkitu zutela iragartzea, eta hezurdura batzuk aurkeztu zituzten horren erakusgarri. Orduko aditu ‘zorrotzenek’ ere ontzat eman zituzten aurkikuntzok! Ingelesek sinetsi egin zuten hilobiaren kontua.
Baina gauzak besterik ziren galesentzat: ARTURO BIZIRIK ZEN oraindik ere, Gruffudd Monmouthekoa herrikidearen jatorrizko kontakizunak erakusten zuen bezala. Izan ere, hor Arturo ez zen hiltzen: anglosaxoien kontrako borrokan zauriturik, Avalon uharte misteriotsura erretiratu zen, haren arreba Morganaren domeinura, sendatzera; suspertzean, berriz itzuliko zen britainiarrak gidatu eta anglosaxoiak kanporatzera (Jesukristo berpiztua bailitzan). Londresen, baina, errege ingelesak ziren agintari eta, Henrike III.a eta Eduardo I.a errege ingelesen garaian, puri-purian ziren haiek galesen kontra zuzendutako gerra kanpainak. Galesak, berriz, kornualestarrak bezala, anglosaxoiek mendebaldera bultzatutako britainiarren hondarrak/ondorengoak ziren (ikus aurreko artikulua).
Arturoren kontakizunaren mezua ez zen lasai geratzeko modukoa Eduardorentzat, inondik ere: Llywelyn ap Gruffudd printze gales burujabea gales kondairako Camber lehen britainiar erregearen eta Arturoren herriaren buruzagia zen! Arturo, bestalde, Konstantino enperadore erromatarraren biloba omen zen, Gruffudd Monmouthekoaren ‘historia’ liburuaren arabera. Ez zen txikia marka, eta laidoa handiegia zen Eduardo ingelesarentzat.
.
Arturoren hilobia
Galesek beren autonomia berretsi zuten ordu arte Eduardoren menderakuntza asmoen aurrean. 1277an, baina, Eduardok erasoa jo zuen galesen kontra. 1278ko Aste Santuan, Eduardo Glastonburyra agertu zen bisitan, Ingalaterran. Ehun urte inguru lehenago aurkitutako Arturo eta Ginebra erreginaren ustezko hezurrak desobiratu zituzten eta, ilunabarrean egindako antzezpen zeremonia zaindu batean, ingeles erregeak bere eskuetan erabili zituen hezurrok, baita denen aurrean erakutsi ere: ARTURO HILIK DAGO, iragarri zuen, eta ez da inoiz itzuliko.
1283ko uztailerako, sei urteko gerra desorekatu eta higatzailearen ondoren, Galesen konkista fisikoa bukatua zen. Eduardo errege ingelesak arreta handiz prestatu zuen konkista sinbolikoa. Britainiarren (galesen) buruzagia ez zen garaile sartu Londresen, Arturoren istorioak zioen bezala, hilik eta pika baten puntan bere moztutako burua iltzatuta baizik. Errege ingelesak, gainera, agindua eman zuen Caernarfonen, erromatarren garaiko Segontium gotorleku itzelaren aztarnen aldamenean, gotorleku dotore bat eraikitzeko, Konstantinoplako harresien itxuraz eta koloreaz.
.
Arturotasunaren transferentzia
Urte horretan, hain zuzen, Eduardok iragarri zuen Maximo enperadore erromatarraren (Konstantino enperadorearen ustezko aitaren) hezurrak agertu zirela Caernarfonen; hezurrok bertako elizan lurperatuak izan ziren. Aldi berean, Llywelynek janzten zuen metal bitxizko ‘Arturoren koroa’ txikia, trofeo itxuraz birmoldatua, Eduardoren seme eta oinordeko Alfontsori izan zitzaion bidalia, eta haren buruan pausatua, 1284an. Konkista koroatzeko, 1284ko udaberrian Eduardoren bigarren semea jaio zen itxuraberritutako Caernarfon gotorlekuan: Eduardo, Caernarfongoa. Gainera, Eduardok Ingalaterrako gortea ustez dohain mistikoz jantzitako Llyn Cwm Dulyn lakura deitu zuen batzarrera.
GALESEN BRITAINIAR IRAGAN INPERIALETIK INGALATERRAREN DOMEINU BIHURTZEKO TRANSFERENTZIA SINBOLIKOA ERABATEKOA IZAN ZEN. ARTUROTASUNAREN KARMAZ JABETUTA, INGALATERRAKO ERREGEAK GERTUAGO ZUEN ORAIN ESKOZIARREN MENDERAKUNTZA
Eduardok denbora hartu zuen herrialde osoan bidaiatuz galesen aurrean bere garaipena ospatzeko. “Mahai Biribileko (Zaldunen)” torneo bat muntatu zuen ustez Merlin magoaren profeziak aurkitu ziren tokian, Nefyn herrian (Gales). Galesen britainiar iragan inperialetik Ingalaterraren domeinu bihurtzeko transferentzia sinbolikoa erabatekoa izan zen. Arturotasunaz jabetuta, Ingalaterrako erregeak gertuago ikusten zuen orain eskoziarren menderakuntza. Ordudanik, Ingalaterrako erregea izan da Galesko printzea. Kasualitate bat bezala, 1284an, Nabarreriako gerra amaitu eta zortzi urtera, Kapetoak, Frantziakoak ez ezik, Nafarroako errege ere izaten hasi ziren.