Argentinako euskal herriaren bizkar
Argentinako euskal herriaren bizkar –
Azaroko bigarren asteburuan ospatu da Argentinako Euskal Aste Nazionala. Juanchi Yacomini eta Marcial Agostini La Platako lagunek bezperan iragarri zuten bezala: “sekulako kilonboa“. Aste nazionalak zientoka Argentinako euskal herritar biltzen ditu urtero euskal kulturaren, zein, jan edanaren abarora. Aurten San Nicolas de los Arroyoseko euskal etxeari egokitu zaio festaren antolatzea. Damian Cebey, epaile eta euskal komunitatearen ipar orratzari eta berak ordezkatzen duen taldeari, hain zuzen ere. Diasporan aldaketa usaina nabari bada, hein handi batean, Cebey bezalako jendeari esker da.
Ikurrinez, folkloreaz eta euskal klixeak azpimarratzeaz gaindiko lana egiten du San Nicolas de los Arroyoseko euskal etxeak. 2001ean Argentinak bizitako krisi latzaren ostean ‘Etxe Nasaia’, ‘Diasporaren Herri Kirolak’, ‘Irakurriz Hazi’ eta ‘Umeak Jolasean’ gizarte programak jarri dituzte martxan, besteak beste. Guztietan ezagunena ‘Etxe nasaia’ ekimena da. Haren bidez, Euskal Etxeak eskola publikoetako ikasleak hartzen ditu bere baitan, otordu duina eskaini eta ekintzen bidez euskal kultura ezagutzera emateko. “Ez digute batere inporta abizenek zein odolak, jendea hurbildu nahi dugu euskal komunitatera eta ahal dugun neurrian gizarte lanetan lagundu”, azpimarratzen du euskal etxeko zuzendariak. Eskualdean sekulako ospe ona lortu du euskal komunitateak, lan hauek medio. “Autoan ikurrina eramatea berau hautsi edo lapurtuko ez dizutenaren bermea da auzo txiro askotan”.
“Mintzanet berebizikoa izan da
Argentinan euskara ikasteko”
Mikel Urdangarin Cebeyren ekimenez etorri da aurten euskal astera. ‘Margolaria‘ (2017, Elkar) diskoa aurkeztu du Rafael Aguiar antzoki kolonialean. Ez du nolanahi aurkeztu ordea. Herriko arte eskolan ikasitako musikari argentinarrez osotutako bandaren laguntza izan du. Musikariok Urdangarinen abestiak ikasi dituzte azken hilabeteetan. Hamaika email gurutzatu eta bakarlariarekin batera entsegu bakarra egin ostean, aspaldidanik elkarrekin dabiltzala irudi du. “Urtero Euskal Herriaren eta diasporaren arteko konexio moduko bat gertatzen da euskal astean”, dio antolatzaileak. Konexio horren adibideetako bat da Urdangarinena.
Mintzanet
Argentina eta euskarari lotuta hirugarren hitz bat agertu da beti bertan izandako elkarrizketetan: Mintzanet.net. ZuZeun oso hurbileko dugu euskara ikasteko ekimena. Donostiako Udaletik abiatu zen proiektua 2012aren bukaeran. 2013an jarri zen martxan eta Ritxi Lizartza zuzeularia du bultzatzaile nagusia. Tresna honen bidez, online mintzalagunarekin dohain euskaraz solasteko aukera du edonork. Sortu zenetik 1018 pertsonak hartu dute parte, %77a Euskal Herrikoa eta %23a atzerrikoa. Nabarmena da Argentinako diasporak Mintzaneten duen presentzia. “Euskal Herrian bizi zaretenontzat tresna ona baldin bada, imaginatu diasporako jendearentzat”, azaldu digu Sabrina Otegi, Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskal etxeko euskara irakasleak. San Nicolas de los Arroyoseko Euskal Astean ospatu zen mintzodromoko solaskideentzat berebizikoa izan da Mintzanet euskara ikasi ahala izateko.
Diaspora zortzigarren herrialdea dela aitatu ohi da askotan, baina, arrotza zaigu bertako errealitatea. Arrotzak zaizkigu beren gabezia, zailtasun eta beharrak. Ez ditugu ezagutzen bertako euskaldunak. Ez dakigu zein baldintzatan lan egiten duten euskara eman eta zabaltzeko. Hiperkonexioaren garaiotan, Euskal Herriaren eta diasporaren arteko hartu emanak oraindik ere urriegiak dira, ezein zortzigarren herrialdez hitz egiteko. Dena dela, belaunaldi berriok inoiz baino tresna eta baliabide gehiago dituzte konektatu eta euskal komunitatea muga fisikoen gainetik batzeko. Behingoz diaspora benetako zortzigarren herrialdea bihurtzeko, hitzetatik harago.
Kaixo. Diaspora guztiaek klixeak azpimarratzen dituzte, tradizioek ez zutelako aldatu gure artean. Gainera, Argentinan, folklorea guztatzen zaigu, gure ere bai. Eta egia esan, nire ustez Urdangarin maite dute diasporaren artean Euskal Herritik etortzen delako, hori ere klixe bat da.
Inportantea izango litzateke, euskarari indar gehiago ematea. Mintzodromoan jende gutxik hitz egiten zuten euskaraz eta, gainera, euskaraz hitz egitea oraingoz ez da arrunta euskal astean. Poliki poliki, agian, lortuko dugu hori.
Hala ere, nik diaspora ikusten dut kanpotik, nire diaspora Galiziakoa baita. Orduan, gauza bera egingo nuke galiziako jendearen artean: dantzak maite ditugu, gaita maite ditugu, klixeak dira. Eta pertson batek galogoz abestuko balu, entzungo nuke; ez nuke pentsatuko ona den ala ez.
Kaixo Mariana!
Lehenik, eskerrik asko zure iruzkinagatik.
Argitu dezadan ez dudala euskal folklorearen aurka egin. Noski euskal dantzak, eta txistua, eta okurritu dakizkiguken euskal kontu guztiak, gure tradizioen zati diren heinean, bere lekua behar eta merezi dutela. Sustrairik sakonenak direla zelanbait diasporak urte luzetan Euskal Herriarekin izan duen lokarria.
Artikuluan ez dut hori ukatzen.
Diodana da, belaunaldi berriek Euskal Herria soilik horretara ez mugatzeko, ondo legokeela folkloreaz gaindiko euskal kulturarekin konektatzea. Kultura garaikidearekin. Izan Mikel Urdangarin, izan euskal cumbia, izan egun sortzen ari diren beste edozein tendentzia. Are gehiago, elkartruke horretatik proposamen berriak sortzea ere ederra litzateke.
Euskal kultura bitrinatik atera eta bizitzeaz ari nintzen. Eta kasu, Argentinako egonalditik, zuen indar eta ekimena ikusita, ilusioz gainezka itzuli naiz.
Oso interesgarria iruditu zait artikulua eta, benetan, ikaragarrizko lana egiten ari dira Argentinar asko Basko izatetik EUSKALDUN izateko bidean.
Azken paragrafoan “Ea dakigu zein baldintzatan lan egiten duten euskara eman eta zabaltzeko”. Hau pixka bat azaldu nahian, 1990ean Argentinan Euskaraz egitasmoa sortu zen (geroago Euskara Munduan-en barruan kokatu dena) FEVA (Federación de entidades vasco-argentinas) eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Gazteak izan ziren abiapuntu hartan protagonistak eta 27 urte pasa direnean, 100dik gora irakasle trebatu dira Argentinan, bertako euskal etxeetan irakasle aritzeko. Urtero, bataz beste, 500dik gora ikasle aritzen dira euskara ikasten. Gaur egun, euskal etxeetako irakasleei, euskaran trebatzeaz gain (ikastaroak, barnetegiak..) erabat doan, ematen duten eskola ordu bakoitzeko ordaindu egiten zaie eta hori guztia HABE-Euskara Munduan eta FEVAren elkarlanari esker.
Hala ere, berriro diot, itzela dela ikasle/irakasle horiek egiten duten lana euskara gozatu eta zabaltzeko.
Kaixo, Oier eta Kinku!
Oier, mila esker erantzunagatik. Nire ustez tradizioak gauzak inportanteak dira guretzat. Gainera, beste gauza berri batzuk agertzen dira, adibidez, Zutarriak taldea. Hala eta guztiz ere, diasporek tradizioak “zaintzen dituzte”.
Euskarari buruz, ni ikasle bat nintzen Euskaltzaleaken eta Euskara Munduan (Kinkuk badaki hori). Orain dela zazpi urte euskara ikasten ari naiz, euskara nire lotura bakarra izan zen aitonaren emaztearekin (edo amon-berriarekin). Gaur egun euskara ikasten dut eta pozten naiz honekin. Egia esan, ez nintzen joan euskal astera, baina joan nintzen. Ez duzu ulertu? Bakarrik mintzodromora joan nintzen, bi ordu nengoen eta itzuli nintzen Buenos Airesera. Jende batzuek gauza asko egiten ditu euskarari indartsua emateko. Behintzat Eukaltzaleaken.