Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika

Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika –

Uruguay

Uztailaren 31a hastearekin batera heldu gara Montevideoko aireportura. Handik egun honetan gure etxea izango den La Sendako bihotzera hurbildu gaituzte bi kide Uruguaiarrek. La Senda lehenengo pausuak ematen ari den proiektua da; eztabaida politiko eta ideologikoak bultzatuko dituen espazio fisiko zein bitarteko komunikatiboak eraikitzeko helburuarekin sortua. Haien hitzetan “sozialismoaren bidea aberastuko duen eztabaida sortzea” da haien nahi nagusia. Bertako kideek haien etxeko ateak zabaldu dizkigute eta gure lehenengo gaua bertan igaro dugu. Etxeaz gain, lehen tailer bat zegoen tokian “La Senda”ren proiektua aurrera eramateko txokoa montatzen hasi dira. Jadanik hitzaldiak, bilerak, ekitaldiak, musika emanaldiak etab. antolatu dituzte.

Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika

Bazkalordurako Taxien sindikatuko (SUATT) egoitzara abiatu gara, bertan baititugu zain Norma Morroni eta Irma Leites, Fernando Morroni Filtroko manifestazioan erahildako gaztearen ama eta Tupamaroekin borrokan aritutako emakumea, hurrenez hurren. Lehenengoarentzako egun berezia da gaurkoa: bere urtebetzea da! Eta han ibili gara kontu kontari eguna ospatu eta brigadako bigarren zatian gure kideak izango direnak ezagutu eta lanak koordinatzen.

Arratsaldean Irmarekin “El Cerro” izeneko Montevideoko zonaldera hurbildu gara. Bertatik hiriaren ikuspegi osoa izateaz gain, Desagertuen Memoriala ezagutu dugu: diktadura garaian desagertutako militante ezkertiarren izenak biltzen dituen monumentua. Itsasora begira dago monumentua, atxilotuak, torturatu ondoren, hegazkinetatik bizirik itsasora botatzen zituztela oroitzeko. Guzti hau 70. eta 80. hamarkadetan latinoamerikako diktadura desberdinek, AEB-ren babespean burutu zuten “Plan Condor” deritzonaren baitan gertatu zen. Irmak azaldu digun bezala, Uruguayren kasuan, asko Argentina eta Txilen atxilotuak izandako militanteei aplikatu zitzaien.

Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika

Etxera bueltan, La Teja auzoan dagoen hilerritik pasatu gara. Bertan Raul Sendic (Tupamaroen buru eta liderra izandakoa) lurperatuta bait dago.

Eguna amaitzeko, “La Senda”ra itzuli gara eta bertako kideek asado eder bat prestatu digute. Kontu kontari ibili gara hango eta hemengo errealitateen ezaugarriak partekatuz eta elkarri galdera ugari eginez.

.

Argentina ezagutzen hasi

Hurrengo egunean ferrya hartu eta Buenos Airesera iritsi gara. Eta, heldu bezain pronto mobilizazio eguna prestatuta zegoela jakin dugu. Carina Maloberti ATE (Asociación de Trabajadores del Estado) sindikatuko arduradunetako batek eman digu ongi etorria eta bera eta bere kideekin batera sindikatuko barne hauteskundeetako kanpaina amaierako ekitaldi nagusira abiatu gara. Ekitaldia auzo bateko futbol zelai batean ospatu da. Bertara SENASA (Servicio Nacional de Salud y Seguridad Agroalimentaria) barneko ATEko kideekin antolakuntzaren autobus batean hurbildu ginen. Hara heltzean konturatu gara, gurea bezalako autobus asko elkartu garela han eta jende ugari batu garela. Bertako kideek azaldu digute ATE estatuko langile desberdinak elkartzen dituen sindikatua dela, baina, langile horiek gremioetan banatzen direla sindikatu barnean. Horrela, han ikusi ahal izan genituen Congreso Nacionaleko langileak, Udal liburutegietakoak, hospitaletakoak… bakoitzak bere ikurra eramaten zuelarik. Hemen zinez berezia da mobilizazio sindikal bat: koloretsua, musikatua… Barne hauteskundetako botazioak abuztuaren 7an izango dira eta bi hautagaitza aurkeztu dira. Gu jasotzera etorri den Carina Maloberti hautagaitza horietako batean sindikatuko idazkari ordea izateko aurkeztu da.

Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika

Ekitadia utzi eta Buenos Aireseko “konurbanoan” (hiriaren inguruan) bizi diren sindikatuko 5 kiderekin batera zentrora hurbildu gara, Santiago Maldonado gaztearen desagertze eta erahilketa salatzeko mobilizaziora. Santiago, mugimendu anarkistari lotutako  28 urteko artisaua zen. 2017ko  Abuztuaren 1ean, herri txiki batean komunitate Mapucheak antolatutako erresistentzia batean parte hartu eta desagertu zen. Kontutan hartuta poliziak manifestarien aurka oldartu eta tirokatu zituela, susmoa airean zegoen: manifestazioaren errepresioan atxilotua eta erahilda edo zuzenean erahilda izan zen, eta bere gorpua desagerrarazia izaten ari zen hori ezkutatzeko.  Urriaren 17an bere gorpua agertu zen aurretiaz miatutako ibai batean. Ikerketak ez zuen ezer oso argi utzi eta, hori da gaur egun Argentinak eskatzen duena: ez dadila ikerketa hori faltsuan itxi.

Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika

Mobilizazioa amaitzen ari zela heldu bagara ere, giro handia egon dela sumatzen da: hainbat talde jadanik jasota dauden pankarta erraldoiekin itzultzen dira haien lokaletara, batukadetako kideak espaloietatik haien instrumentuekin aurrera egin nahiean, eta, azkenik, Buenos Aireseko lehenengo gobernua izan zen kabildoan, aurpegia estalita, azken margoketak egiten ari direnak. Nola ez, polizia ere inguruan dabil, eta hamar bat motorretan zarata sartzen eta jendea probokatzen ibili dira. Herrialde handi honetan igaro ditugun lehenengo orduak oso esanguratsuak izan dira: kalean egoteko kultura eta ohitura handia duen herri batetara heldu gara!

.

Hurrengo bi asteetarako burua prestatzen

Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronikaAurreko egunean bizitakoa eta aurretik ditugun bi asteetan izango ditugun bilera eta esperientziak ulertzeko ATE sindikatu eta “Convocatoria por la 2ª Independencia”ren izenean Carina, Laura eta Luis kideek Argentinako historia (batez ere XX. mendekoa) eta partaide diren mugimendu horren sorreraren inguruko azalpena eman digute. Laburbilduz, “Segunda Independencia” koadro politikoen formakuntzarako beharretik sortu zen. Gazteenak aurreko belaunaldiekin zuten distantziaz ohartu eta horrekin herri mugimenduak instituzio eta demokrazia liberalen tranpetan jausteko arrisku handia zutela pentsatuta, jardun iraultzaileetan aritutako kide nagusienei transmisioa eskatu eta formakuntza politikoari ekin zioten, helburua argi izanda: gazteria antolatu eta dena galduta dagoenaren sentimentuari aurre egitea. Guk Euskal Herriko azken gertakarien berri eman eta gauza batean bat egin dugu: gatazka politiko eta sozialen aurreko borrokak ez direla galtzen haien arrazoiak, eta, beraz, legitimitatea ulertu eta defendatzen den bitartean.

Ziurrenik trukaketa honetako ezaugarririk bereziena Luisek ipini du. Bera Montonerotako kidea izanda hainbat bizipenei buruz aritu zaigu: bere familiaren aurkako errepresioa bera klandestinitatera pasatzean, gidaritza politikoari heldu behar izatea bere burua ekintzailetzat zuenean edota nola sentitu zen bere hainbat kide damua eta salaketari eustea taldearen desegite garaian… Herri honetako histori biziarekin egoteko aukera ederra eman digute, noski baietz!

.

Argentinatik Perurekin elkartasuna

Larunbatean, berriz, Esther ezagutzeko aukera izan genuen, Peruko preso politiko ohia. Guretzat ezezaguna den arren, Perun 80. hamarkadatik hona ehundaka atxilotu, fusilatu, torturatu… izan dira eta gaur egun 250 preso politiko dituzte. Preso hauen egoera euskal preso politikoen antzekoa da; ez bait zaie preso politiko izaera onartzen. 1986. urtean hasi ziren preso politiko izaera onartzeko aldarrikapena erdian jartzen eta estatuarekin negoziazioak egin behar zituzten egunean 300 militante erahil zituzten. Gainera, gaur egun preso daudenei epaiketa berriak egiten dizkiete eta behin-betiko zigorrak batzen dizkiete, batzuk bi edo hiru behin-betiko zigor pilatzen dituztelarik.

Estherrek Perun zein Latinoamerikako beste herrialde batzuetan preso politikoekin egiten duten lana zein den azaldu digu. Izan ere, 2018 urtean zeinbait herri zapalduetako preso politikoen koordinadora bat sortu zuten eta gaur egun Colombia, Chile, Peru, Argentina, Turkia eta Mexicoko kideak daude koordinadora honetan. Koordinadora honen izena “Coordinadora Internacional de Solidaridad y por la Libertad de los Presos Políticos Revolucionarios del Mundo” da.

Argentina eta Uruguaiko brigadaren lehen kronika