Gutxi egindako ekologismoa

Gutxi egindako ekologismoa –

NBEren goi-bilerek eta nire kuadrillako sobremesek antzeko eragina izan ohi dute nazioarteko politikan, baina azken adierazpenen harira badaezpada guardian jartzea komeni da: NBEk haragi kontsumoa jaisteko eskaera egin du.

Gutxi egindako ekologismoa

Hori esan, eta denbora esparru berean, bi gauza esanguratsu gertatu dira: batetik, Alemaniak haragiaren BEZa %19ra igotzea deliberatuko duela eman du jakitera; bestetik, AEB eta EBren artean haragi sektorearen inguruko akordio bat erdietsi da, eta yankiek ekoiztutako haragiari ateak zabalduko zaizkio. Trumpen gobernua Txinarekin talka betean dela gertatu da hau; batzuk “gerra ekonomiko” bezala bataiatu dute konfrontazio hori. “Gerra ekonomikoa”… ba al da ba beste gerra motarik?

Handik eta hemendik irakurritako zenbait artikulutan ideia interesgarri bat irakurri dut, bizitzen ari garen telesailen urrezko aroarekin zerikusirik baduena (Joseba Gabilondok Game Of Thrones jartzen zuen adibide gisa). Kapitalismoa hainbat ideia kolektibo zapalduren ideologia bere egiten saiatzen da, mundu mailan esentziala dena auzitan ez jartzeko: klase borroka. Aberatsen gutxiengo bat gehiengoaren lanetik bizi dela. Telesailetan zenbait eta “pertsonaia periferiko” gehiago ikusi ditzakegu: emakumeak, LGTBI, zuriak ez diren arrazak… baina normalean, Game Of Thronesen bezala, narratibaren erdigunea elite ekonomikoan dago.

Hori fikzioan. Eta errealitatean? Baita. Botereak nahi du euskalgintza domestikatu bat (“euskara denon altxorra da”), guztia hankaz gora jarriko ez dion feminismoa (Ana Botin dixit: “Ni feminista naiz”), statu quo-ari egonkortasuna eskainiko dion abertzaletasuna, eta baita gutxi egindako ekologismo bat, klima aldaketak berekin dakartzan eritasun guztiak errotik sendatzen saiatuko ez dena. “Gerra ekonomikoa” ez bezala, “ekologismo kapitalista” oximoron bat da, eta haragiaren inguruko azken kapitulu hau horren baitan kokatzen dela deritzot.

Ez da normala kontsumitzen dugun haragi kantitatea. Ados. Baina hori ez da konpontzen haragiari prezioa igota. Horrela lortzen den bakarra izango da gizarteko sektore behartsuenek haien dietako funtsezko osagarri bati muzin egin behar izatea.

Zergatik ez da miran jartzen produkzio eredua? Zeren eta haragiari BEZa igotzen zaion aldi berean AEBtako haragia sartuko da, are okerragoa, are botika gehiago irentsitakoa, are hareagoa. Hemen kontua ez baita ez aldaketa klimatikoa, ez herritarron ongizatea, gutxi batzuk are gehiago irabaztea baizik, kosta ala kosta. Eta gutxiengo horren barruan ez dira Euskal Herriko ekoizle gehienak sartuko, justuki kalitate oneneko haragia lortzen saiatzen direnak, EHKO-ko adiskideak kasu.

Marxek esan omen zuen kapitalismoa autosuntsitzailea dela, geroz eta aberatsagoak diren aberats gutxiago eta geroz eta behartsuagoak diren pobre gehiago sortzeko tendentzia duelako. Baina kapitalismoak bere burua erregulatzen asmatu du; berea, ez munduarena.

Mundua ez da salbatuko zuk xerrak jateari uzteagatik. Zeuk, agian, ase dezakezu zeure gosea beste zerbaitekin, baina ez da oraindik asmatu aberats baten gosea asetuko duen ezer.

Gutxi egindako ekologismoa
Gutxi egindako ekologismoa
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Gutxi egindako ekologismoa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude