Arcadi Oliveres: «Militar miresgarri bakarra desertatzen duena da»

Arcadi Oliveres: «Militar miresgarri bakarra desertatzen duena da» –

Arcadi Oliveres: «Militar miresgarri bakarra desertatzen duena da»
Argazkiak: Anartz Bilbao.

1945ean Bartzelonan jaioa, Arcadi Oliveres i Boadella ekonomia irakaslea izan da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta eskarmentu handiko ekintzailea, lan handia egin baitu desazkunde eta antimilitarismo kontuetan, besteak beste. Orain gutxi Donostian izan dugu, “Políticas de seguridad para la paz” (Icaria, 2018) liburua aurkezten, guk berarekin berba egiteko probestu dugun hitzordua. Aieteko lorategietara kostata iritsi da, oinez ibiltzeko zailtasunak ditu eta. Oraindik orain, burua bizkorra eta argia du, ordea.

Ekintzailetza krisian dagoela entzun dut orain gutxi, inoiz baino beharrezkoagoa den arren. Horrela da?

Zure baieztapenaren bigarren zatia zuzena da, bai. Lehenengoarekin, ordea, ez nator bat. Ez dut uste ekintzailetza krisian dagoenik, eta bai beste modu batera ematen dela egun, gure adinekoei akaso ulertzen zaila egiten bazaigu ere. Katalunian, bederen, ekintzailetza indartsu dago, oso zatikatua dagoen arren. Bakoitzak bere borrokan dihardu, batzuk ingurugiroaren alde, edo kontsumo arduratsuaren alde, beste batzuk feminismoan, edo aldaketa klimatikoaren aurkako taldeetan. Baina mobilizazio ugari dago, alde horretatik ez nago atsekabetua.

Erakunde antimilitarista ezagun bateko kidea zara. Zein da egiten duzuen lana?

Centre Delas d Estudis per a la Pau izena du erakundeak, Delas militarraren omenez. Aginte handia zuen, Espainiak NATOn zuzen ordezkaria izatera iritsi baitzen, baina uste demokratiko sakonak zituenez, zokoratu egin zuten eta apurka-apurka ejertzitotik aldendu eta, bakezale amorratu bihurtuta, bertatik irten zen arte. Armen salerosketaren kontrako erakunde gisa jaio ginen, eta laster ohartu ginen Europa mailako sare bat sortu beharko genuela, armen esportazioa nazioarteko kontu bat delako. Beraz, gastu militarraren inguruko txostenak egiten ditugu, armen salerosketena, indar armatuak finantziatzen dituzten bankuena, atzerrian ematen diren ejertzitoen parte-hartzeena…

Arma industriak garai oparoak bizi dituela ematen du bada.

Espainiaren kasuan, eskandalagarria da. Aspaldi honetan, azken hiruzpalau urteetan, arma esportatzaileen artean munduan zazpigarren herrialdea izatera iritsi da, eta Espainia sekula ez da izan zazpigarrena ezertan, futbolean ez bada. AEB, Errusia, Txina, Frantzia, Alemania eta EB eta gero, Espainia. Eta are larriagoa dena, espainiar armagintza ez dela teknologikoki punta-puntakoa, eta beraz, ez die armak saltzen herrialde aurreratuenei, ez, egun gerran daudenei baino, Ekialde Hurbilekoei-eta.

“Políticas de seguridad para la paz” izeneko liburua aurkeztera etorri zara Euskal Herrira.

Askoren artean idatzitakoa da, eta Icaria argitaletxeak plazaratua; “segurtasun bakezale bat posible al da?” galderari erantzuten saiatzen dena. Liburuan, egun herrialdeen defentsarako azpiegiturak, jendartea babesteko baino interes ekonomikoak babesteko eraikiak direla azaltzen dugu, eta beraz, gizakiaren alde egin nahi baldin badugu, militarismotik urrundu beharra dugula defendatu.

Ez dugu sekula ezagutu militarizatu gabeko herrialderik, eta kosta egiten da irudikatzea ere. Beraz, badugu alternatibarik? 

Ea argibide bizkorren bat emateko gai naizen. Adibidez, Nazio Batuen arabera, urte beteko munduko gastu militarrarekin munduko gosea desagertaraziko genuke… 36 aldiz! Kontutan izan indar armatuak herrialdeak babesteko dugula esaten den bitartean egunero gosez hiltzera kondenatzen ditugula 25.000 lagun. Eta garrantzitsuena jendartea babestea bada, osasunean jarri behar dugu ardura, hondamendi naturaletan jarri behar dugu ardura… Eta indar armatuak ez dira gai hauetaz arduratzen, kaltetzeko ez bada. Miresmena merezi duen militar bakarra desertatzen duen hori da, beraz, ez dezagun ejertzitoetan dirua alferrik galdu.

Zeintzuk neurri hartu beharko genituzke, banakakoak eta taldean, egoera iraultzeko?

Badira neurriak, indibidualki eta kolektiboki hartzeko modukoak. Azken hauek ezagutzen ditugu, askotan parte hartu dugulako bakearen aldeko mugimenduetan, gerraren aurkako kanpainetan parte hartzen dugulako, NATOn sartu nahi izan ez genuelako… baina gizabanako bakoitzak egin dezakeenari dagokionez, uste dut bakoitzaren jarreran dagoela kontua. Jarrera ez-biolentoei buruz mintzatzen hasita, Euskal Herrian esperientzia bikaina duzue kontzientzia eragozpenari eta intsumisioari dagokionean. Eta jarrera hori beste alor batzuetara ere eraman daiteke. Esaterako, errenta aitorpena egin beharko dugu laster, eta bagara gastu militarrei eragozpen fiskala adierazten jada 35 urte daramatzagunok, 1983tik, oraindik ere gutxiegi garen arren. Eragozpen Fiskala dugu egoera iraultzeko balia dezakegun neurrietako bat.

.

Kataluniar independentismoaren etxeko lanak

Arcadi Oliveres: «Militar miresgarri bakarra desertatzen duena da»Katalunian jaioa, bertako Prozesu Konstituziogilearen bultzatzaileetako bat ere izan da Oliveres, «independentista aktibotzat dut neure burua, bai», beraz, ezin izan dugu solasa utzi Kataluniaren egoeragatik galdetzeko tentaldian jausi barik.

«Katalunian bizi duguna giza eskubideen urraketa larria da, kartzelatuak eta erbesteratuak ditugun heinean -diosku irakasleak-, eta etorkizunean erantzukizunak eskatu beharko ditugu Rajoyren Gobernuko arduradunak zigortzeko, beraiek eragindako egoera baita. Hori dela-eta, epe laburrera ezkortasuna ikusten dut jendearengan, asko sufritzen dago-eta. Baina epe ertainera, ostera, baikorra naiz».

Etorkizun hurbilera begira, ostera, aurrera egiteko independentismoak hiru eginbehar nagusi dituela iritzi dio Oliveresek. «Baga, iritzi publikoak kontzientzia hartu behar du independentismoa nagusi izan dadin kataluniar gizartean. Egun ez dugu erakutsi horrela denik, akaso debekatu digutelako, baina ez dugu erakutsi. Orain arte, bozetan eta, parean ibili gara, eta adierazpen indartsu bat egin nahi bada, gehiengoa behar dugu. Beraz, oinarri independentista sendotu beharra dugu.

Biga, niretzat garrantzia bizikoa, nolako herrialdea gura dugun adostu behar dugu. Espainiaren ispilu izango den Katalunia independentea nahi badugu, monarkiari eta Europar Batasunari dagokionean, NATOren parte izanda eta migrazioari ateak itxita, ingurugiroa suntsipenaz arduratu gabe… hobe dugu gauden horretan gelditu. Nik Kataluniaren independentzia gura dut baldin eta banku publikoaren alde egiten badu, nazioarteko elkartasuna lantzen badu, ejertzitoa zokoratu eta migrazioaren aurrean ateak zabalik baditu, desazkundearen aldeko apustua egiten badu.

Higa, orain arte egiteke genuen kontu bat, modu egokian landu ez duguna, Estatuko gainontzeko herrialdeetan azalpenak ematea izan da. Ez Euskal Herrian, non kontuak ezberdinak diren, baina Gaztelan, Andaluzian, Asturiasen, Galizan… Kataluniak ez du jakin izan bere egitasmoa azaltzen, eta uste dut prozesu hau hastearekin batera, 2010ean, abiatu beharreko lana genuela. Ez Madrilera 50.000 lagun manifestazio batera, ez; Espainiara bidali behar genituen laurehun edo bostehun lagun, unibertsitate eta gizarte etxeetan azalpenak ematera. Eskatzen ari garena guztiok dugun eskubide bat dela esatera, eta berau gauzatuta guztiok irabaziko dugula agertzera, eta ez guk bakarrik. Eta gero, independentziara iritsi eta konfederazio bati buruz hitz egin behar badugu, bada aizue, hitz egingo dugu.

Beraz, independentismoaren oinarria sendotu, eraiki nahi dugun Katalunia definitu eta berau Espainian azaldu. Badugu lana!».

.

Arcadi Oliveres  Arcadi Oliveres  Arcadi Oliveres Arcadi Oliveres  Arcadi Oliveres  Arcadi Oliveres Arcadi Oliveres Arcadi Oliveres

ZUZEUko erredakzio kide

6 pentsamendu “Arcadi Oliveres: «Militar miresgarri bakarra desertatzen duena da»”-ri buruz

  • Ideia antimilitaristak hedatzea hortzetaraino armaturik dagoen inperialismoari soilik interesatzen zaio. Ho Chi Min, Sankara, Fidel, Che, Saseta, Zumalakarregi, … militar askatzaile ugari eman du historiak Euskal Herrian zein nazio artean. Herriek arlo militarra mespretxatzen badute, herrien etsai direnek irabazten dute.

  • Zabor posmodernoa, oligarkiaren tentel erabilgarria.
    Herri armatua inoiz ez zanpatua

  • Herri armatuaren aitzakizko tipoak beti herriaren zapaltzaileak.

  • Zapaltzaileak ez, defentsaren afera ere mahai gainean jarri beharko da ba. Pazifismoa oligarkiak zabaldutako zentzugabekeria da, izan ere herriak armak beharrezkoak ditu (biolentzia inorri gustatu ez arren) berea duena defendatzeko

  • Amonamantangorri 2019-04-20 14:42

    Militar miresgarri bakarra desertatzen duena dela… Jakina, esaiezu hori Paris nazietatik askatu zuten La Nueve bataloikoei. Antimilitarismoa baldin bada horrelako xinplekeria naifak esaten ibiltzea…

  • Oligarkek ez dituzte gerra ondorioak pairatzen. Yatean daude masajeak eta eguzkia hartzen: Interesatuenak dira herritarrak izututa eta desinformaturik egon daitezen. Arma-lasterketak beti gerran egoteko helburua du, non jendarte ahulenek ordaintzen duten sarraskia, arma fabriken jabeak aberastu bitartean.
    Beste tema bat da erasotuak defenditzeko duen eskubidea. Armarik gabe ezin erasotu…