Arabiar Udaberria (hamar argazkitan)

Arabiar Udaberria (hamar argazkitan)

Arabiar Udaberria lehertu zenetik bost urtera, gertakizunak jazo ziren herrialdeetan lan egin zuen Moises Samanen argazkiekin laburtu ditu matxinadak Revista 5W, Crónicas de larga distancia aldizkariak.

1974an Liman jaioa (Perun), txikitatik Bartzelonan bizi izan den Moises Saman, AEBetako Kalifornian ikasi eta gero harrapatu zuen foto-kazetaritzak. Egun Magnum agentzia sonatuko kidea da, eta “Discordia” argazki liburua argitaratu berri du.

.

“Arabiar matxinaden kontraesan eta sekretuei begirada bat”, Moises Saman foto-kazetariaren argazkien bidez

Revista 5W: Arabiar Udaberria sentimenduz egina dago, odolez baino gehiago. Azken urteotan gure begien aurrean izan dugun nahaste eta indarkeri pasarteen aurrean, Moises Saman argazkilariak 2011tik kontakizun anbiguo bat osatu du Egipto, Siria eta Libanori buruzkoa. Gerra edo iraultza berri bateko gune baino gehiago ematen dute absurdoaren antzezlan baterako agertoki. “Miaketa lan honetan, biktima eta borreroaren arteko muga deuseztatu egiten da, iraultzaren eta politikaren esentziaz hausnartzera garamatzan geografia ironikoa lagun”.

Samanik “Discordia” izeneko argazki liburua argitaratu du, eta Arabiar Udaberriaz duen ikuspuntua agertzeko eskatu diogu, bertatik hamar argazki aukeratu eta azaltzeko eskatuta. “Horrenbeste denbora eta gero, ez naiz ondorioak ateratzera heldu”, onartzen du foto-kazetariak.

.

1. Mohamed Mashour egiptiarraren argazkia, kartzelan zela. 2011n askatu zuten; 10 urtez egon zen preso islamiar militantea zelako. (Ismailia -Egipto, 2011ko apirila).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Hosni Mubarak diktadorea erori ondotikoa da. Mubarakek kartzelatu zituen islamiar presoei buruzko erreportaje bat egiten ari nintzen, bera erori ondotik hauek askatzen hasi zirenean. Mohamed askatu egin zuten eta bere etxera gonbidatu gintuen opilak jatera. Argazki hau erakutsi zigun, ziegan zegoenekoa. Hemen matxinadaren hasieretako itxaropen sentipenak ageri dira, gero guztia deskalabru hutsa izan bazen ere”.

.

2. Erizain bat eta bere gaixoa Anaia Musulmanek kudeatutako klinika batean (Kairo, Egipto, 2011ko urtarrila).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Argazki honek erakusten du Anaia Musulmanek egiten zuten lan soziala, eta nolako laguntza ematen zioten komunitateari. Honetaz aparte, argazki honetatik gustatzen zaidana duen anbiguotasuna da: emakumea eta gaixoak duten elkar ukitzeko modua. Baita argazkilaria eta egoeraren arteko enkontrua ere; egon elkarrizketa bat baitago, erizainaren eta argazkilariaren artekoa. Samurra izan daiteke, baina inolaz ere ez erosoa, banaketa bat dago tartean, erreakzio bat”.

.

3. Gazte manifestariak Tahrir plazako borroketaz babesten (Kairo, Egipto, 2013ko urtarrila).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Kasik egunero ziren borrokak Tahrir plazan. Egun horretan plazan ziren manifestari gehienak 9-13 urte bitartekoak ziren. Barrikada antzeko bat egina zuten borroketatik babesteko. Beraiek harriak botatzen zituzten ormaren bestaldera, eta gero ezkutatu. Une hau nekatu eta jesartzen direnekoa da. Kaosaren barruan momentu liriko bat”.

.

4. Gadafi zale batek Libiako liderraren argazki bat eusten du ospakizun batean, atzerriko kazetarien aurrean, erregimenak militarki aurrera egiten zuela. (Zawiyah, Libia, 2011ko martxoa).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Momentu faltsu bat da, aurrez antolatua, kamerentzako prestatua. Pertsonalitateari zaion kultuaz mintzo da. Asko du antzerkitik; Superbowl-ekoa dirudi, su artifizial eta guzti. Orain, perspektibarekin begiratuta, eta jakinda hil egin zutela eta nola, ospakizun gadafista izan nahi zuen argazkiak alderantzizko zentzua hartzen du”.

.
5. Soldadu siriarrek hartua izan zen meskita barruan plastikozko aulki batez egindako zabua. (Alepo, Siria, 2013ko martxoa).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Zer da hori? Kulunka bat da edo torturarako diseinatutako tramankulua? Irudi hau nire liburuaren bihotzera doa, erabateko anbiguotasuna du. Ni neu joan nintzen Asad-en ejertzitoak erabiltzen zuen meskita hori hartu zuen matxino taldearekin. Horrela aurkitu genuen, eta eszenak galdera asko sortu zizkidan. Izan daiteke asper-asper egindako soldaduentzako zabu inozente bat… edo tortura tresna bat. Ez dut erantzunik, baina irudiak badu ukitu makur bat, ezin da ezer ona izan. Edo bai, eta ez dugu ezer ulertzen munduaren alde honetan”.

.

6. Bustan Al-Basha auzoko gatazka-gunearen ondoko jolastokia. (Alepo, Siria, 2013ko martxoa).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Argazki honen asmoa gure buruetan jolas-parke izan zitekeenaren irudiarekin jolastea da. Seguru hemen une zoriontsu asko egon direla, jolas ugari, eta orain horrela dago gatazkaren ondorioz. Ikusleari egiten diodan gonbidapena da, jolas-parkea nolakoa ote zen irudikatzen saiatzea”.

.

7. Matxinoen kontrolpean zen auzo batean egindako bonbardaketen ondoren, suntsitutako etxeen artean bizirik direnak bilatzen. (Alepo, Siria, 2013ko martxoa).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Argazki hau dokumental kutsukoa da. Bonbardaketa baten osteko uneen intentsitatea da kontatu nahi dudana, borrokan dabiltzan gudarosteen parte izan barik ere gatazka pairatzen dituztenei buruz berba egin. Argi berezi bat ere badu, eszenatoki teatral baten antzekoa. Beste argazki batzuetan ere asko landu izan dut hori: zonalde grisa… benetakoa denaren eta ez denaren arteko muga…”.

.

8 eta 9. Zakariya Gazmouzen bular biluzia. Ustez siriar erregimenaren aldeko borrokalaria. Asad-en aldeko tatuajez josia zegoen eta bizar-xafla batekin hauek ezabatzen saiatu zen matxinoek gatibu hartu zutenean.

“Leloak zituen tatuatuak, baita Hafez al Asad, egungo presidentearen aitaren aurpegia ere. Alepoko kontrolgune batean atxilotu zuten, eta erregimenean sinisten ez zuela matxinoei erakustearren, modu basatian bere burua zauritzen hasi zen bizar-xafla batez. Preso bukatu zuen. Zakariyarekin izandako enkontrutik galdera ugarirekin atera nintzen. Biktima eta borreroen arteko bikoiztasuna zegoen, lehen berak egin zuenaren eta orain egiten ziotenaren artekoa. Nork jakin kontatzen zuen istorioa egia zen ala ez? Nork jakin?”.

.

10. Irakiar erreskate-helikoptero baten istripuan zaurituak. (Sinjar, Irak, 2014ko abuztua).

Arabiar udaberria (hamar argazkitan)

“Ni neu izan nintzen istripu horren lekuko. Hil egingo nintzela pentsatu nuen. Helikopteroa hildakoak eta zaurituak eramatera etorri zenean egin nuen argazkia. Egiten dudana zergatik egiten dudan hausnartzera eraman ninduen irudiak. Besteak baino argazki tradizionalagoa da, nire foto-kazetari sustraietara naramana”.

“Esaten da Irak ez dela Arabiar Udaberriaren parte, baina ez nator bat, dena baitago elkarrekin lotua. Non hasi eta bukatzen da Arabiar Udaberria? Uste dut Ekialde Hurbilean historiaren ikuspuntu ezberdina dutela: Arabiar Udaberria ez da boteprontoan hasi eta gero bukatzen den zerbait, Mendebaldean pentsatzen dugun bezala. Beste kontu bat da…”.

Arabiar Udaberria (hamar argazkitan)

Arabiar Udaberria, Foto-kazetaritza, Moises Saman

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude