EAJren Lilura

EAJren Lilura

Lilura, agi-danean, arrazoi jakin batzuengatik atentzioa erakartzeari deritzo. Hala, liluraren nondik norakoak aztertzera amultsu tematuta ere, nor bere talaiakoak izan ohi dira juzguak. Bakoitzak arrazoitzen du liluraren nolakotasuna. Dena dela, lilurak badu loturarik errealitatetik haragoko zerarekin, utopiarekin, eguneroko frustaziotik urrun zerbait hobea dagoela pentsatzearekin. Lilura pizten digunarekiko hitz onberak kanporatzea da ohitura inguruotan, nahiz eta horrek hitz goxoez gain eraginkortasunik bermatu ez. Maita, maita, maita nazazu gutxiago, goza, goza, goza nazazu gehiago dio kantuak. Antzeko zeozer gertatzen da lilurarekin.

eaj-pnvPolitikan lilura sortzaileak alderdi ezkertiarrak izaten dira, justizia soziala besapean dutela ekiten dietelako bideari. Hori dela eta, lilura EH Bilduk sor dezake, edo Podemosek edo, esan bezala, munduko edozein alderdi ezkertiarrek, mundu hobea eraikitzearen beharra aldarrikatzen dutenez gero. Lilura sortzen du mundu hobeago eta justuago baten ezinbestekotasuna irudikatzen duenak. Herritarrak, halere, errutinan murgilduta ez du mundu hobea egikaritzeko lanetan zipriztindu nahi. Herritarrak bizimoduan dituen zailtasunei aurre egiteko irtenbideak bilatzeari ematen dio garrantzia, egunerokoan mundua konpontzen saiatzea lekuz kanpo dagoen jarduna dela diosku kontzientziak, parranda hondarreko solasaldietarako utziz tankerako eztabaidak. Hau egin behar dugu edo bestea egin behar dugu edo haizeak ufada batean daramatzan ez dakit zenbat egin behar dugu gehiago esateaz nekatu arte.

Zigmunt Bauman filosofo-soziologo poloniarrak gizarte postmodernoaren erradiografia burutu zuenean, jendarte likidoaren ajeak mehaztu zituenean, ideologiekiko, eta, oro har, mundu ikuskera handiekiko lilura gabetzea iragarri zuen. Antzematen hasia zen aurreko denboretan bizi euskarri ziren pentsamolde eta errelato handien gainbehera bazetorrela edo gertatzen ari zela. Identitate bako aroa, hain zuzen ere. Hori dela eta, gaur egun ez gatzaio berehalakoan oratuko ideologia eta pentsamendu zehatz bati.

Anartean, ezkerrak edota jite bertsuko ideologiek sortutako esperantzak ez dira nehoiz aurrikusitakora ailegatzen. Historiak herentzian utzitako mundu hitsaren garaiotan, bada bestelako lilura eraginkorrik bazterretan, ordea. Lilura gutxi sortzen duena, baina zeharo emankorra. Horren adibide garbia da EAJ/PNV alderdia.

EAJren LiluraIzan ere, EAJko jarraitzailea izatearen harrotasuna ez da gizartean berehalakoan nabari; ez sare sozialetan, ez lagun artean, ez kalean, ez beste inon. EAJko hautesleria murrizten joango zenaren ustea ere zabaldua zen aspaldidanik, batez ere bozka emailea zaharra edo heldua zelakoan. Aitzitik, hauteskundeak etorri hauteskundeak joan baieztapen hori okerra dela frogatu da. Horretaz gain, urte mordoa agintean eginagatik bestondoaren zantzu zipitzik ere ez zaio hautematen EAJri. Pasa den astean Mikel Elorzak Berrian aitatzen zuen eran, EAJk bizirauteko edabea zerbitzatzen dion druida azpikontratuta baitauka.

Azken batean, EAJren arrakasta mundu hobe baten balioak hedatzeari uko egitean datza, beste alderdi askok nola. Ez abenturarik, ez esperimentorik demokraziaren izenean otoi! Rajoyk nahiz Urkulluk berak erakutsitako jarreraren ispilu dira gisako adierazpenak. Politika eguneroko eskakizunetara mugatzen du EAJk -errepideak egiten ez dute parekorik-. Gainera, herritarra ez du erantzukizunetan itotzen. Erakarpen arrazionalaren artea ondo maneiatzen du alderdi jeltzaleak, bozka andana eskuratzen baititu, lilurarik eduki ez arren.

EAJren Lilura / EAJren Lilura
EAJ, eraginkortasuna, gizartea, lilura

12 pentsamendu “EAJren Lilura”-ri buruz

  • Ni ez naiz PNV ren bozkari, baina zuk dozuna da basikoki hobea dela PODEMOSEKOA izatea ezkerrekoa delako eta mundu hobe bat (ikusi beharko islamarekin) bilatzen duelako.
    Nik diotsut nere herriaren eta kulturaren superbibentzia, herri zapalduena axola zaidala gehien eta PODEMOS alderdi españiar eta unionista delarik ez ditudala hurbil nahi, nahiako det euskal eskuin eta euskal ezkerrea dun estatu eta herri libre bat, soilik ezkerreko herri EUSPAÑOL bat baino.

    • Peru Dulantz 2016-05-16 08:55

      Ez dakit PNVren jarduna gertutik ezagutzen duzun… Ekintzei begiratuz gero (eta ez esanei bakarrik), PNV baino euspañolagorik! Eta hain zuzen ere, zoritxarrez, haren arrakasta horretan datzala esango nuke nik.

  • Guztia ados Xabatekin. Ez naiz EAJ-koa baina lehenago emanen nioke bozka berari Podemos espainolari baino. Eta garbi dago zergatik, ni euskalduna naizelako eta alderdi hori gure hegodean dagoen herrikoa delako.
    Berari bozka emanen nioke espiniarra banintz. Baina euskalduna naiz.

  • Asier Landeta 2016-05-16 11:21

    Nik uste dut PNV-k oso argi daukala bere egitasmoa eta oso ondo defendatzen dituela euskaldunon eguneroko bizitzaren interesak. Nik PNV-ri emango diot nire botoa

  • Podemos eta PNV asimilazio estrategiaren parte dira, horra hor haien arrakasta. Horrek dakartzan diru, altaboz eta segurtasuna dira arrakasta. Sortu, Aralar, Alternatiba eta Eusko Alkartasuna ere denborarekin errepublika federal español baten alde egingo dute, gero independentzia eskuratzeko asmoz. Hori iritsiko ez denez, besterik gabe errepublikar españolak izango dira de facto. Estrategia erosoago batera hurbilduko dira astiro astiro, independentzia bilatzea gogorra da eta.

    Ezker abertzaleko politikariak kaleko jendea izatetik akademiakora izatera pasa da, eta hauek komoditatea bilatzen dute, ez ausardia. Gero nazio eta hizkuntzaren ulerkera abstraktuak erabiliz gertuago sentiarazi nahi gaituzte español eta frantses sozialdemokrata “apatridekiko” gure inguruko euskaldunekiko baino, garrantzizkoak diren gauza bakarrak sozialismoa, ekologismoa eta feminismoa dira. Abertzaleoi beste konplexu bat gehiago. Lehen paletoak ginen, gero terroristak, orain atzerakoiak.

    Independentzia defendatzen badugu egurra emanda, eta egiten ez badugu sarituz, argi eta garbi eramango gaituzte ikuspuntu asimilatzaileetara, ekidin ezina da. Hobe dugu onartu, lasaitu, orratza sartu, eta gelditzen zaigun denbora gutxiaz gozatu.

  • Benetan, nor da ZuZeuko iruzkinak idazrearen arduraduna? Hain da tristea eta txikia euskal kultura ZuZeuko iruzkinetan absurdokeriak idazten ibiltzeko pertsona bat kontratatu behar dutela, iritzi aniztasunaren itxura emanez horrela? Ai ama…

  • Lilura erraustegiko suak aterako duena.
    Txin-txin, txin-txin
    Diruaren hotsa…

  • Bai, pena da, zintzilikaioen hotsa joan zaigu, herriak horrela nahi duelako.

  • ganbaratxotik 2016-06-01 21:44

    Lilura?
    Klientelismoa . EUSKAL ANOMALIA: 40 urtetan boterea monopolizatzen. Hori ez da osasungarria, inpunitatea kudaketa kaskarrerako. Inpunitatea politika neoliberalak mozorrotzeko. Europa mendebalde eta aurreratuan ALDERDI ISTITUZIONAL bat?
    Egoera ulertzeko pista Egigurenek eman du: Bakea putakeria izan da batzuentzat.
    EAJ estatuaren erreminta ez ote da euskaldunak kaiolan eusteko?
    Horren trukean Bizkaiko jauntxoak (Bilbo) bapo.
    EAJren helburu edo xede nagusia, sortu zen egun beretik, , PPren bera Espainian duenaren iguala: EGONKORTASUNA. Beraien burua aberastzat duen jendarte batean eta beldurra hain hedatua egonik, horra arrakasta.

  • EAJk ez du boterea monopolizatu, hor egon da koalizioan EA, PSOE, IUrekin eta 4 urte pasa ditu jaurlaritzatik kanpo. Ikusi ditugu ondokoak ze ongi egin duten bai espainolak eta bai bildukoak. Eta boterean egon bada botoak jaso dituelako izan da.
    Noski atera nahi zaizkiola EAJri ustelekeriak eta ikusi ditugu kaso gehienak ez direla inora iritsi. Beste gauza, ezker abertzalea jo ta fuego ibiltzea mantra berdinarekin ea etsaia kakazten duen. Betiko taktika irainzalea, horretan ezker abertzalekoek ez baitute lotsarik.
    Eta gero EAJ aberatsen partidoa dela. Ezker abertzaleak ordia ez ditu ba funtzionari pila izango. EAJren helburua herri hau hautsi ez dadila izan da eta lortu du ezker abertzalearen ahalegin espantuzkoen ezpaitan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude