Ane Irazabal: “Kazetariok sistemaren txotxongilo hutsak ez ote garen beldur naiz”
Ane Irazabal: “Kazetariok sistemaren txotxongilo hutsak ez ote garen beldur naiz”
Arrasatearra, historian eta ikus-entzunezkoetan lizentziaduna, eta Ekialde Hurbiletik tokiko informazioa dakarkigun ahotsa. 2010az geroztik, bere kontura lanean dabil. Arabiar Iraultza bizi izan du bertatik bertara, eta palestinarren egunerokoa gertutik ezagutzen du, berak ere goizero ikusten baitu murrua. “Freelance journalist based in the Middle East. Working from arabic speaking countries, for Spanish-Basque language media” dio bere Twitterreko aurkezpenak.
Zergatik aukeratu duzu freelance bidea?
Freelance izatea ez da aukera bat izan, aukera bakarra baizik. Hasiberriak garen kazetariontzat gure bidea hasteko modu bakarra da. Egia da badituela bere alde positiboak, nahi duzunean nahi duzun tokira joateko askatasuna ematen duelako, baita toki horretan nahi beste denbora egoteko libertatea ere. Aldiz, breaking news delakoari jarraitzen diogu batik bat, eta hedabideek albistetzat jotzen dituzten tokietara joaten amaitzen dugu. Prekarioa ere bada, eta esango nuke urtez urte egoera okertzen ari dela. Hedabideek tarifak jaitsi dituzte eta kalitatezko kazetaritza egiteko baliabide gero eta gutxiago ditugu.
Eta zergatik “Middle East”?
Txiki-txikitatik atentzioa eman didalako. Baina historiako karrera ikasten ari nintzela piztu zitzaidan Islama eta Ekialde Hurbila gertutik ezagutzeko kuriositatea. Palestina izan zen lehen geltokia, eta geroztik eskualde honetan bizi naiz, herrialde batetik bestera saltoka.
Herrialde arabiarretan aritzeak ba al du berezitasun aipagarriren bat munduko beste bazter batzuetako herrialde gatazkatsuetan aritzearekin alderatuta?
Euskal Herriaz gain, Ekialde Hurbilean baino ez dut lan egin. Ezin dut konparatu. Baina eskualde honetan aritzeak egundoko talka kulturala dakar. Oso polita da hori. Askok galdetzen didate zergatik dagoen beti gori-gori munduko txoko hau eta, historiari erreparatzen badiogu, beti horrela izan dela jabetzen gara. Eskualde honek osagarri guztiak ditu: erlijio desberdinen arteko elkargunea da, baliabide natural anitzeko tokia, deskolonizazio prozesu trakets eta amaitugabeak bizi izan ditu, nahitaezko interes geoestrategikoa… Eta ezin ahaztu eguzkia; Ekialde Hurbilak energia berezia du.
Lehenagotik bazenekien arabieraz ala lanean ikasi duzu?
Palestinara lehen aldiz iritsi nintzenean bi hitz besterik ez nekizkien arabieraz: marhaba –kaixo– eta shukran –eskerrik asko–. Laster, barkatu –asef/asfe– esaten ere ikasi nuen, hasieran hanka sartze galantak egiten nituen! Arabiera ikasten jarraitzen dut, baina herrialde batetik bestera saltoka ari naizenez, eta toki batetik bestera arabiera dezente aldatzen denez, iruditzen zait ez naizela gehiegi hobetzen ari. Dena dela, ingelesa erabiltzen dut lanerako. Horregatik da garrantzitsua fixer edo itzultzaile on bat bilatzea. Nik oraindik ez dut sarerik osatu, baina horretan nabil.
Baina, hizkuntza ez ezik, beste gauza asko ere ikasi behar izango zenituen eta ikasten ariko zara han bizi eta lan egin ahal izateko.
Entzuten ikastea da erabilgarriena, eta haien bizitza erritmora ohitzea zailena. Askoz mantsoagoak dira eta, batzuetan, gure modu azkarrak bortitzak iruditzen zaizkie. Bestetik, Ekialde Hurbilean garrantzia handia ematen diete keinuei eta begiradei, beraz, kontuz ibili behar dugu. Batzuetan, garrantzirik gabeko detailea dirudiena errespetu falta ikaragarria izan daiteke haientzat. Kode sozial horiek, jakina, tokian bertan bizi edo denboraldi bat pasa ostean barneratzen dira.
Orain arteko esperientziatik hitz eginda: zein edo zeintzuk esango zenuke direla kazetari batentzat informazio iturri fidagarrienak?
Jendearen testigantzak eta bizipenak beharrezkoak dira. Ni kuxkuxera hutsa naiz. Ezinbestekoa da koaderno edo grabagailu bat hartu eta bertakoen iritziak entzutea. Bestela, zertarako balio du tokian izateak? Bilbotik edo Londresetik idatzitako albiste baten antzekoak izango lirateke kronikak: robotikoak. Begiek ere asko esaten dute. Oro har, buruko argazki bat atera eta hori ahalik eta zintzoen azaltzen saiatzen naiz. Ondoren, albiste agentziak datoz, eta haiekin zenbakiak eta estatistikak. Sare sozialak ere izugarrizko informazio iturria dira, agian gehiegizkoa, baina, ondo kudeatuz gero, oso erabilgarriak izan daitezke. Kontuz ibili behar da, ordea. Adibidez, Palestinan edo Egipton nork erabiltzen du Twitter? Oro har, ingelesa ondo dakitenek edo kanpoan bizi izan direnek. Baina twitlari edo blogari horiek haien gizarte osoa ordezkatzen al dute? Inolaz ere ez.
Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en
ZuZeun ere egin genion elkarrizketa. Hemen.