Andorran, katalana hizkuntza ofizial bakar
Andorran, katalana hizkuntza ofizial bakar –
Jeneralean, 85.000 herritar inguruko mikro-estatu hori famatua da bere dendengatik; paradisu fiskala izateagatik, eta Pirinioetako mendien artean kokatua egoteagatik; ez, ordea, 1993ko Konstituzioan ezarri bezala –%75 andorratarrek onartua–, eskubide politikoak izateko, hots, botoa emateko eta hautagai izateko, Andorrako naziotasuna izan beharragatik, eta horretarako katalan hizkuntza jakin beharragatik. Kopuru aldetik, ohiz katalanez mintzatzen direnen eta ohiz gaztelaniaz mintzo direnen artean aldea txikia da; halere, eskubide politikoak izateko derrigor jakin beharreko hizkuntza ofizial bakarra katalana?, hori posible da? Bai, halaxe da ba! Nola lortu dute hori andorratarrek?
Ibili naiz Andorrako historiaren zertzelada nagusien bila, eta hizkuntzarena ere; emaitza nik nahi baino apalagoa izan da, batez ere hizkuntzari dagokionez, eta horrenbestez lan hau behin-behinekotzat jotzen dut eta hobegarri, jakina!
Hein baten Suitzaren Alpeetako bailaren elkartze politikoaren historia oroitarazten du Andorrakoak, kronologikoki ere. Pirinioetako Andorrako bailaren buru gisa, 1278an sinatu zuten lehenbiziko Tractat de pareatge Lleidan, Foixeko kondeak eta Urgelleko gotzainak, bi printzeen arteko subiranotasuna ezarririk, eta zazpi mendetako historiaren ondotik, delako burutza politiko bikoitz hori 1993ko Konstituzioak berretsi zuen: Frantziako presidentea eta Urgelleko gotzaina dira estatuburuak egun Andorran, baina orain Konstituzioak andorratarrei aitortzen dizkien eskubideen menpean.
Urgelleko gotzaina Espainiako erregeak hautatzen zuen –Aragoiko-Bartzelonako kondeak lehenik eta XVI. mendetik aurrera Espainiakoak, eta Foixekoa Frantziako erregearen mendekoa zen XVII. mendeaz geroztik behinik behin; beraz, bi auzo erresuma handien oniritzia lortzen zuten bietako baten menpean ez erortzeko, biekiko izan zitzaketen edo zituzten mendekotasunak gorabehera.
XVIII. mende hasieran, Kataluniaren Gaztelarekiko mendekotasuna ekarri zuen Ondorengotza gerran, neutral jokatu zuen Andorrak. Simeon Guinda Apeztegia –Zaraitzuko Espartzan jaioa; euskalduna izango zen segur aski– 1714an Urgelleko gotzain bilakatu zen, eta borboizale hotsekoa zenez, bazirudien Espainiako erresumarekin bat egin zezakeela, baina ez, Andorraren mendeetako independentziari eutsi zion agindua emanez ezen Frantziako erregearen manuei baino ez obeditzeko. Urgelleko gotzainak elizbarrutiaren interesak eta jabetzak lehenetsi zituen, eta burujabetza atxikitzeko Frantziako erregearengana jo zuen. Bi handiren artean, baina aske edo –bertako jauntxoek aginduko zuten hain segur–.
XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran krisi sozioekonomiko larria izan zuten Andorrak eta Pirinioetako bailarek eta andorratar askok Bartzelonako metropoli-eremura emigratu zuen, eta beste askok Okzitaniako Béziersera. Eta modernizazio prozesua XX. mendeko 30eko hamarkadan hasi edo areagotu zen, Forces Histroelèctriques d´Andorra enpresa eratzearekin (FHASA). Milaka langile ekarri zituen enpresa hark, asko CNTri lotuak, eta horrenbestez, ideia politiko eta sindikal berriak. 1933an Kontseilu Orokorrari sinadura andana bidalirik, gizonen sufragio unibertsala onartu zen –emakumeena, Suitzan bezalatsu, 1970ean–. 1936-1939ko gerran eta II. Mundu gerran ere neutral iraun zuen Andorrak, eta XX. mendearen bigarren erdian populazioa hamarkoiztu zuen, 85.000 biztanlera heldurik (Ikus: Història d´Andorra en onze claus. Oliver Vergés Pons. 2016).
Gorago aipatu dugun enpresa hidroelektriko handi hartara lanera etorritakoetatik gehienak espainiarrak batez ere, eta portugesak ziren. Ez dakit 1993ko Konstituzioa baino lehen Andorrako herritar izateko baldintzak zein ziren, baina garbi dago etorkinen etorrera handia hastean, arriskua ikusi zutela katalan izaera eta burujabetza galtzeko eta agintariek neurriak hartu zituztela andorratarren oniritziarekin, eta 28 urte dituen lege nagusi horrek berretsi egin dituela. Nola?
Neurri bat izan da naziotasun bikoitza ez onartzearena. Andorratar naziotasuna eskuratzeko, zure aurreko naziotasuna galdu behar duzu, eta horretarako estatu handi(ago)etan kontuan hartzen diren betekizunak hartzen dira kontuan: andorratarrekiko ezkontza, bertan urte askoan bizi izana eta katalanaren ezagutza. Andorratar ez denak urte luzez bertan bizi behar du andorratar bilakatu eta eskubide politikoak lortzeko eta katalana ikasi beharra dauka. Andorran bizi arren andorratar bilakatu beharrik ez duzu, baina andorratar izan gabe eskubide politikorik ez duzu izango.
Wikipedian agertzen denez, 2015eko datuen arabera, Andorrako populazioa espainiarra (% 32), portugaldarra ( % 16) eta frantziarra ( % 6) da; eta andorratarrak % 38 dira. Ekonomiari dagokionez, turismoa da %80, eta horregatik eta merkataritza-harremanengatik, espainieraren eta frantsesaren erabilera handia da.
Ama-hizkuntza edo lehen hizkuntzari dagokionez, eta hizkuntza erabilienari dagokionez, hona 2005eko datuak:
Ama-hizkuntza Ohiko hizkuntza
Katalana 38,8% 58,3%
Espainiera 35,4% 37,3%
Portugesa 15% 3,5%
Frantsesa 5,4% 2,2%
Besteak 5,5% 0,5%
Urte berean, Institut d’Estudis Andorrans egindako inkestaren emaitzen arabera, %80k uste du katalana beharrezkoa dela Andorran integratzeko eta %18k uste du ezetz.
Irakaskuntzari dagokionez, ez dute eskubide politikoekin bezala egin: irakaskuntza katalanez eta kito. Hiru sistema daude: andorratarra, espainola eta frantsesa, eta sistema bakoitzean, irakaskuntzako hizkuntza ezberdina da: katalana, espainola eta frantsesa hurrenez hurren. Hona Andorrako Estatistika Sailaren datu batzuk:
Hezkuntza sistema 2004 2005 2006 2007 2008
Andorrako sistema 3.328 3.612 3.800 3.911 4.002
Espainiako sistema 3.499 3.541 3.434 3.390 3.326
Frantses sistema 3.650 3.636 3.570 3.549 3.468
Guztira ikasleak 10.470 10.789 10.804 10.850 10.796
Ikusten da gutxigatik Andorrako sistema nagusitzen doala.
2006an, Victor Alexandrek salatzen zuen Andorrari, NBEn aulkia eta bandera dituenez, estatuekin “hi bahaiz ni banauk” jokatzea gustatzen zaiola eta estatu gabeko Katalunia bezalako nazioak gutxiesten dituela, nahiago zuela Espainiako ministroekin negoziatu katalan kontseilariekin baino. 2010etik aurrera katalanismoa asko hazi dela ere irakurria dut.
Gorago adierazi bezala, Andorrako historia bereziki linguistikoaren berri zehatzik ez dut; halarik ere, honako ondorio hau atera daitekeelakoan nago: kontzientzia linguistiko jakina duen nazio txiki batek har dezake immigrazioa handia bere hizkuntza eta izaera nazionala galbidean jarri gabe, baldin eta estatua edo burujabetza politikoa badu.
Gurea oso bestelako historia da eta ezin estrapolatu, tamalez, baina jakingarria iruditzen zait. Andorra estatu demokratiko bat da, eta bertako naziotasuna populazioaren %38k du, eta katalana du hizkuntza ofizial bakarra.
Andorran, katalana hizkuntza ofizial bakar
Eskerrik asko Pako, beti interesgarria nola pasatzen den beste herrietan.
Kataloniaren bilakaerak, politikoak eta linguistikoak, ez ote du izanen eragin handia Andorran?
Interesgarria litzateke jakitea nongo unibertsitatera gehien jo ohi duten gazteek.
Zuri Beñat.
Zure galderari ezin erantzun gogobetegarririk eman nire ezjakintasunagatik. 2006an, Victor Alexandrek ez zituen asko goresten andorratar agintariak 2006an. Hona esteka: http://www.victoralexandre.cat/index.php?option=com_content&task=view&id=156&Itemid=62
Uste dut andorratar askok estudiatzen dutela Bartzelonan. Baina usteak baino ez dira.
Ez pentsa Andorrari buruzko informazioa lortzea erraza denik, batez ere egoera linguistikoaz.
Oso interesgarria. Horrelako kasuetatik asko dugu ikasteko. Ez naiz oroitzen non, baina duela 20 bat urte katalanaren erabileraren jeitsiera sumatu zutela irakurri nuen. Horren harira, katalana indartzeko ekintza batzuk egin zituzten eta honekin erabilera berriz goraka doa.
Bestetik Andorrar gehienek espainiako komunikabideak jarraitzen dituztela ulertu dut, beraz Cadiz, Madrid, Burgos eta abar etxekoak bezela dituztela dirudi, Gipuzkoar herri euskaldunetan antzera. Horrela al da? Edo independientexegoak al dira?
Zehazki ez dakit, baina kontuan izanik ikus-entzunezko espainiarren eskaintza askoz zabalagoa dela ikus-entzunezko katalanena baino ez nau harritzen zuk diozunak Iker2.
Ikus esteka honetan duela 20 urte ziotena:https://www.argia.eus/argia-astekaria/1832/andorratik-hurbilago-sumatzen-da-europa