39,5 kiloko korbina

39,5 kiloko korbina –

Jone Guenetxea -anboto- irailak 8

Joseba Barturenek ia 40 kiloko arraina arrantzatu du Ogellan

Atzo arratsaldean korbina erraldoia arrantzatu zuen urpekaritza librean 15 metroko sakoneran. Joseba Barturen suhiltzaile durangarraren argazki hau bolo-bolo dabil sare sozialetan. Ogella eta Lekeitio artean urpeko arrantza egiten zebilela, pieza hau arrantzatu zuen atzo: 39,5 kiloko korbina. “Ogellako haitzetatik itsasora sartu eta kilometro bat igeri eginda arrain banku bat aurkitu nuen. Piezarik handiena arrantzatzea lortu nuen. Inoiz arrantzatu dudan arrainik handiena da”, azaldu du Barturenek.

Arrain erraldoia arrantzatzea eta Ogellara garraiatzea ez zen erronka makala izan. “Ordubete inguru aritu nintzen, arraina nekatu arte. Behin arrantzatuta, besoetan hartu eta ordubetez igeri egin nuen Ogellara heldu arte”, esan du Barturenek. Uretatik arraintzar horregaz irteterakoan, urpekariak zur eta lur utzi zuen hondartzan zegoen jendea. “Hondartzan zeuden neska batzuei argazkiak ateratzeko eskatu nien. Kotxera eramateko bertako batzuen laguntza izan nuen. Euren quad-era igo genuen arraina”, kontatu du durangarrak.

Kerejeta gogoan

Barturenek arrantza honi balio berezia eman dio. Izan ere, urpean erabilitako fusila Joseba Kerejetarena zen. “Kerejeta hil eta gero, bere emazteak haren fusila oparitu zidan. Hainbat txapelketatan erabili zuen”, esan du. Horrela, 2016an hildako laguna urpean omentzeko modua aurkitu du Barturenek. Kerejeta urpekari eta suhiltzaile durangarra  munduko txapelduna izan zen urpeko arrantzan. Kirol Merituaren brontzezko domina eman zioten urte horretan bertan.

39,5 kiloko korbina

39,5 kiloko korbina

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.