Amore ematea ez da aukera
Amore ematea ez da aukera –
Urtebete igaro da Pedro Sanchezen Gobernuaren jarrera Sahararekiko aldatu zenetik. PSOEren tradizioari jarraiki, PSOEren traizioa, bertze bat. PSOEk eta Pedro Sanchezek berak behin baino gehiagotan sahararrek duten autodeterminazio eskubidea defenditzetik sahararrek Marokok eskainitako autonomia onartu beharko luketela esatera igaro dira, norabide aldaketa lotsagarria emanda. Deitu aldaketa, deitu traizioa, nahi duzun gisara deitu, baina iritzi aldaketa horren benetako arrazoiak ez dira ezagunak oraino, ezta ze negozio edota negoziaketak egin ziren gordean ere norabide aldaketa nabarmen hori justifikatzeko. Ez dirudi kasualitatea denik garai bertsuan atzematea Pegasus espioitza programak ministro zenbaiten eta are Pedro Sanchezen beraren sakelakoan; Marokoko Inteligentzia Zerbitzuek zer duten gorderik, batek daki.
Sahararen aldeko ekintzaile Maider Saralegik, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik itzuli berriak, hango egoera latzaren berri eman du: sahararrak zapuztuta daude, gero eta gehiago, gero eta haserreago, gero eta abandonatuago Errefuxiatuen kanpamentuetako egoera, gero eta zailagoa, eta azken urte honetan okerrera jo du nabarmen. Bizi baldintzak, gero eta makurragoak, urteak aurrera egin ahala, gero eta estuago bizi direlarik.
Beste ekintzaile euskaldun batek, Koro Azkonak, ikusi berri du Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako errealitateak iraunkortasuna bermatzeko eginak direla, osasunaren eta hezkuntzaren inguruan eraikiak eta 47 urtez iraun duena; horregatik Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan alfabetatze tasa biziki handia da, %97a, SEAD zapaltzen duen Marokoren tasa baina hagitzez handiagoa. Bistan da, ez dago esaterik errefuxiatu kanpamentuetan ongi daudenik, baina duintasunean oinarritutako errefuxiatu kanpamentu bakarrak dira munduan. Tamalez, azken hamarkadetan errefuxiatu kanpamentu gehiago sortu dira han-hemenka mundu osoan zehar, baina ez daude Saharako errefuxiatuen kanpamentuak bezala antolatuta; egia da elikagaien prezioak garestitu direla izugarri –hemen igo badira, pentsa han!–, baina ez dezagun ahaztu gosea pasatzen ari badira, neurri handi batean, besteak beste, Estatu espainolaren erruz dela. Gosea eta diru beharra baino, larriena da asperdura, ahaztuak sentitzea, hainbeste urte iraganda egoera latz horretan; Nazio Batuen Erakundeak agindutako erreferendumaren zain.
Esperoan eta desesperoan, ez da harrigarria, beraz, ezkortasuna nagusitzea –Marokoren uztarripeko zonaldean, baita kanpamentuetan ere–, poliki-poliki itxaropena higatzen omen. Baina ezin da galdutzat eman, sekula ez; eutsi behar zaio goiari –eta beheari eta erdikoari, behar izanez gero–. Historiak erakutsi digu lehenbizi zapalduen gogoa puskatzeko ahaleginak egiten dituztela zapaltzaileek, eta behin amore emanda, zapalduen bizitzak puskatzen dituztela. Horregatik amore ematea ez da aukera.
Iruñerrian bizi eta ikasten dabilen Salma Mohamed neska gazteak dioenez, «Sahara betidanik eta betiko izanen da haren seme-alabentzat, Saharan sortu eta bizi direnentzat, Sahararen alde borrokatu eta haren askatasunaren alde bizia eman zutenentzat, bakea lortzearren amore eman ez zutenentzat, hamaika aldiz ‘Sahara libre!’ oihu egin, egiten eta eginen dutenentzat».
Idazkia hau bukatzeko, gaur lagun sahararrentzat hain berezia den ramadanaren lehen eguna izanik, ramadan mubarak, zorioneko hilabetea izan dadila zuentzat eta zuen senideentzat.