Amets Amerikarra: Andy eta bakea
Maite ditut elkarbanatzeko egurrezko mahai handia duten kafetegiak. Inori galderarik egin gabe jesarri zaitezke eta espazioa konpartitu kafea eserita hartzeko. Batere erreparorik gabe. Wifi irekia izan ohi da gainera, eta lanen bat amaitzeko edo urrun duzun harekin skypetik aritzeko ere erabiltzen dira usu mahaiok. Manhattanen halako leku asko topa dezakezu, ofizina altzoan bueltaka dabilen jende erraria dokierki baitabil etxeorratzen itzaletan. Oporretako nire konexio dosia kafeinarekin hartzen nenbilela ezagutu nuen Andy. Andy deituko diogu, eta imaginatuko dugu argazkian seinalatzen dizuedana dela nire alboan jesarri zen gizon gorbataduna, 14. kaleko lokal hartan.
Andy
Entxufea sartu nahi zuela-eta, ea aulkia mugituko ote nuen galdetuta hautsi zuen bion arteko beira Andyk. Ez zirudien umore onez, eta bekokia are gehiago belztu zitzaion wifiak egiten ez ziola ikustean. Gainontzekooi arazorik gabe funtzionatzen zigun. Txostenez beteriko bere karpetak salatzen zuen bazuela presazko lanik, eta laguntza eske etorri zitzaidan. Esan nion, ea zergatik ez zuen probatzen routerretik hurbilago jartzen, galdetzeko kamareroari non duten gailua eta hurbiltzeko. Lortu zuen bada. Eta gero ustekabeko elkarrizketa bati ekin genion.
Abokatua da Andy, eta dorrez dorre aritzen da enpresa eta norbanakoentzat lege aholkularitza lanak egiten. Manhattanen bertan du etxea eta gauero emaztea eta lau seme-alaba izaten ditu zain. Berandu iritsi ohi baita ia beti, lana izan ohi du aitzaki. Baina batzuetan O’Connor lagunarekin 5. etorbidea eta 32 kalea gurutzatzen direneko Pub batean ematen ditu etxera joan aurreko bi orduak. Jo zazu beste bat Sam. “Aizu, ba begira, erreportaje moduko bat egin nahian nabil, amets amerikarraz”, bota nion amua, “eta nahi nuke jakin, ea ze amets dituzun zeuk bizitzan”. Akaso pentsatuko zuen tontakeria ederra galdetzen ari nintzaiola. Erantzun zidan, bere ametsak ez direla inoren interesezko, ez direla ohikoak: “Ez dira ez dirua, ez fama… Nik familiarekin eta kideekin gustura bizi nahi nuke. Neure buruarekin bakean”. Bakea bilatzea ez baita erraza New Yorkeko bidezidor eta izkinetan.
New Yorken “sale” jartzen duen lekuan
sartu egin behar da, bai ala bai
Indibidualismoari eta kontsumoari monumentu bat da hiria. Parke tematiko bat, non dena erosi baitaitekeen eta duzun sosaren baitakoa baiten zoriontasuna bera ere. Espiral horretan sartzea ezinbestekoa da, eta ateratzea ezinezkoa. New Yorken “sale” jartzen duen lekuan sartu egin behar da, bai ala bai. Eta zenbat eta kola handiagoa sortu, orduan eta arrazoi gehiago sartzeko. New Yorken, etxera berandu doan senarrak oso ondo daki non erosi lore sorta, non diamanteak, non emaztearen barkamena. Edo halaxe zioen Andyk behintzat. “Ez dut batere arazorik izaten, hemen badira nehoiz ixten ez duten dendak”. Paradisua.
(Ixiltasuna, ordenagailuan bi gauza irakurtzeko)
“World Trade Centerreko 99. pisuan nuen nire ofizina”. Newyorktarrei gauza asko leporatu dakizkiegu, baina egia da zirt edo zart irekitzen dizutela euren etxeko atea. Apenas zure izena ezagutu eta haien bizitzaz ahoan bizarrik gabe hasten zaizkizu. Haien konfidantza oso erraza da zeureganatzen. Eta laguntzeko prest daude beti. “Nola!! bertatik ateratzea lortu zenuen orduan!?”, galdegin nion samiko intxaurra izoztuta. Eta erantzun zidan ezetz, egun horretantxe Asiara bidaiatzea tokatu zitzaiola, telebista medio ikusi zuela dena. Bere lankide guztiak hil ziren egun hartan.
(Ixiltasuna, ez baitzen hitzik)
Bi bikien lekuan bakarra eraiki dute orain. Eta museo bat ere bada, gertatu zena oroitzeko. Souvenir dendak baita, etxera oroigarriak eramateko. Tragedia ere salgai dago parke tematikoan. “Bizitza aldatuko zizun horrek”, “Ez, egia esan, lehengo amets berberak izaten segitzen dut”. Bideoz ez zidan elkarrizketatzen utzi, eta istorioa partekatu izana eskertuta egin nuen alde handik. “Tipo jatorra haiz”, bota zidan eta nik adioa eskuarekin. Denak handiegia izaten segitzen zuen kanpoan. Baina ez zen bakerik inondik ikusten.