Amazig prentsaren amaiera?

Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzat dauzkan diruak burukomin bihurtzen ari zaizkigun honetan, hara non jaso dugun Rachid Raha kazetariaren gutun bat bere hilabetekariari gertatzen zaiona kontatuz. Amazig hizkuntzan argitaratzen den aldizkari bakarra da Rachid Rahak argitaratzen duena:  Le Monde amazigh .

Batzuetan uste ez den tokitik etortzen da baliagarri gerta daitekeen adibidea. Amazig edo bereberea den Raharen gutun honetan, paralelotasun ugari aurki ditzake euskal hedabideekin kezkaturik dabilen orok. Baina ez hori bakarrik, hemen bezala han, ikusten da beste hizkuntza batzuetan argitaratzen diren argitalpenek arrakasta handiagoa dutela.

Konponbide bat proposatzen du Rahak: “egiazko abertzale amaziga bilakatzea“. Baina zer ote da hori? Zer ote du ikustekorik “egiazko abertzale” izateak, argitalpenak saltzearekin?

PressAmazigh

(desagertutako zenbait amazigerazko argitalpen)

 

“Marokoko Erreinuko komunikazio ministro den Mustafa Khalfi jaunak, behin eta berriz gogorarazten digu duela hamarren bat urte hamar argitalpen zirela amazigeraz argitaratuak eta orain ez dela  Le Monde Amazigh baizik geratzen, joan zen abuztuan Tawiza desagertu zenetik.

Alabaina Le Monde Amazigh ere desagertzeko zorian dago orain edo, bederen, denboraldi batez argitaratu gabe geratzekoa. Zergatik? Ba, amazigerazko hedabide guztiek ezagututako arrazoi berberengatik: arazo ekonomiko larriengatik.

Amazigerazko kazetaritza militanteari esker, Komunikazioaren Ministerioak onartu behar izan zuen bazela hirugarren mota bateko prentsa idatzia, “amazig prentsa” deritzona, eta beste bi motatako prentsarekin batera lehian ageri dena: arabierazkoa (nazionalista arabiarra eta islamista) eta frantsesezkoa.

Amazig prentsa ia gehienetan hiru hizkuntzatan egin izan da (arabieraz, frantsesez eta amazigeraz) eta interes desberdinetaklo edukiak landu izan ditu gizarte, identitate,  historia eta zibilizazio aldetik, bertako bi herrirentzat: Tamur n Yakuch (Maroko) eta Tamazgha (Afrika iparraldean)

2006 urtean, ministerioak 282 argitalpen zerrendatu zituen arabieraz (%70’86), 107 frantsesez (%26’88) eta soilik 9 amazigerazkoak (%2’26).  Zoritxarrez zerotik oso hurbil dago orain azken portzentaia hau. Zergatik, galdetzen dugu berriro?

Arrazoiak guztiz ezagunak dira eta behin eta berriz agertu izan dira komunikazioaren gaiari buruzko hitzaldi eta mahai-inguruetan zeintzutan aholku interesgarriak atera izan diren beti amazigerazko prentsarentzat, baina sekula egikaritu ez direnak gero. (Esate baterako Kultura Amazigaren Erret Institutuak Rabaten antolatutako ihardunaldietakoak).

Ighmissen edo amazigerazko argitalpenen itxiera eragin duten arrazoiak sinpleak dira oso eta erraz laburbil daitezke lautan: 1- ez dago aski finantziaziorik; 2- profesionalak falta dira; 3- banaketa enpresek gaizki egin dute euren lana (Sapress eta Sochepress) eta, azkenez, 4- enpresa marrokiar handienen arrazismoaren kausaz, ez da publizitaterik jarri izan amazigerazko argitalpenetan.

Azken puntu honi dagokionean, esaterako, hortxe dituzue enpresa marrokiar handiak, negozio gizon eta emakume amazigtarrek gidatuak (Afriquia hidrokarburo enpresa bezala), zeintzuk eskuzabalki txertatzen duten euren publizitatea egunkari arabiar eta frankofonoetan, amazigerazkoetan ez bezala. Okerrena horixe da, gainera, jatorri amaziga duten negozio gizon eta emakumeek, oso maiz arrazista den prentsa laguntzen dutela, “Magreb Handia” terminologia erabiliz, “Magreb Arabiarra” ezkutatzen duten horietakoak. Arabismo baatistari eta Ekialde Hurbileko islamismoari atxikitako komunikabideak izaten dira, irakurlego marokoarra klitxez, gezurrez eta stereotipo okerrez bonbardatzen dutena, militante amazigei buruzko baieztapenak era lotsagarriak erakutsiz, behin eta berriz Israelgo Esatuaren lagunak direla esanez, zerbitzu frantziarren zerbitzukoak direla, edota inperialismo amerikarrarenak, ateoak direla, separatista erregionalak, extremista politikoak, etno-fanatikoak…

Har dezagun adibidetzat Azawadeko gatazka: prentsa marokiar frankofonoa bihurtu da Frantziako armadak Afrikan hasi duen kolonizazio berriaren bozeramale, aldiz, prentsa arabofonoak euren begirune bakarra erakutsi die indar jijadistei, populu eta iraultzaile tuaregak ez balira bezala ez afrikar eta ez musulman, Marokoko imazig guztiak bezala…

Hala da, bai, kapitalista amazig gehienek ordaintzen dute  “arabe” direla diotenen aurrean inferioritate konplexua txertatzen dien prentsa. Bitartean amazigerazko prentsa independente eta askatzaileak ez du besterik egiten bere gizartearen baitako balioen aldarria baizik, komunitate amazigak Mendebaldeko herri aurreratuenekin sintonian jarriz: genero berdintasuna, demokrazia, herrien arteko solidaritatea, erlijio askatasuna eta linguistikoa…

Finean, amazig prentsaren helburu nagusia amazigtasunaren promozioa da, gizarte demokratiko, aurreratu eta pluralaren bitartez, eta Monarkia konstituzional bat Maroko autonomiko baten alde eta gure hizkuntza eta kultura bultzatzea, areago 2011ko Uztailaren 1ean amazig hizkuntza Konstituzio Berrian ofizial egin zutenetik.

Le Monde Amazigh-ek aurrera egin badu, beste batzuk ez bezala, sozietate handi batzuen publizitatea gorde ahal izan duelako izan da, zeintzuk irekiak dauden amazigerarentzat. Era berean eskerrak eman beharrean gaude BMC Bank, MAROC TELECOM, RMA WATANYA eta MILOUD CHAABI taldeari.

Urte batzuk badira gure aldizkariaren sozietate argitaratzaileak (Les Editions AMAZIGHS) beste edozein komunikazio enpresak bezala betetzen dituela bere betekizunak (langileen aitortza CNSSri, zergen ordaina…), baina, hala ere, Komunikazio Ministerioaren aldetik hutsaren erdia den laguntza jasotzen du: 200.000 dirham urteko.

Maroko estatuak prentsarentzat darabilen 50 milioiko kopuruaren %0’04 baino ez da. Esan nahi da, Marokon edo atzerrian bizi diren herritar amazig guztien zergek %0’004ko ordain horixe jasotzen dutela, prentsa idatziari dagokionean.

Berdintasunaren kontu urrutiko intxaur dira Marokon ofizialak diren hizkuntza eta identitateei dagozkien politiketan, eta bereziki prentsa idatziari dagokionean. Eta hori ez dugula hitzik egin nahi beharko litzatekeen  diskrimazio positiboaz, edo 1956.garren urteko independentziatik Marokoko estatuak prentsa amazigarekin daukan zor historikoaz…

Mugimendu amazigak lortu du bere hizkuntza ofizialen artean sartzea, baina, hala ere, prentsa idatzia hiltzera dago kondenatua, ez bada herritar amazigak behingoz esnatzen direla euren loaldi luzetik eta “egiazko abertzale amazig” bilakatzen.

Zer da, baina, “abertzale amazig” izatea?

Oso sinplea da, “nazionalista amaziga” da prentsa erostera joan eta lehenik berea hartzen duena, frantsesez edo arabieraz daudenak bazterrean utzita. “Nazionalista amaziga” da, egunkari saltzaile hori, bere identitateaz harro delarik, bere hizkuntzan dagoen egunkaria azpitik atera eta denen agerianjartzen duena. Tabernaria ere bada, amazigerazko egunkaria erosten duena lehenik bere tabernako bezeroentzat. Gizon edo emakume “amazig nazionalista” da, bere produktuaren aldeko kanpaina lehenik amazigeraz pentsatzen duena, eta bere inguruko artista eta sortzaileekin burutzen dituena publizitate iragarkiak bere hizkuntzan mintzo diren  inguruko amazigerazko irrati eta telebistetan zabaltzeko…

Nazionalista arabiarrek, turkiarrek, israeldarrek eta katalanek… egiten duten bezala egiten dugunean, ez dugu argitalpen bakarra izango, asko baino. Eta zergatik ez %100 amazigeraz diren irrati eta telebista pribatuak ere, kazetari amazigek lana ukan dezaten?

Finean ez baita batere normala gutxienez 17 milioi herritar amazig hiztun dituen Maroko honetan, ez egotea argitalpen bakarra baizik amaizgeraz,   hilean behin eta 10.000 aleko zabalpenarekin eta, gainera,  hil zorian”.

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.