Oztopoak oztopo, WERTen proposamenarekiko desadostasuna iritsi da Espainiako Kongresura

Paul-madrilen LOMCE 13-3-12Hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten duten hainbat erakunderen ordezkariak izan dira gaur Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan Gobernuak hezkuntzan abian jarri nahi duen legea salatzeko.

Kongresuko atarian adierazpenak egin dituzte partaideek, Euskal Herritik Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao bertaratu da, Galiziatik A MESA pola Normalización Lingüística erakundeko lehendakari Carlos Callon eta Herrialde Katalanetatik CIEMEN-Enllaçats erakundeetatik Maria Areny (Principat), Vicent Maurí eta Joaquim Arenas (Valentzia) eta Mª Antònia Font (Baleareak).

Lehenik eta behin Kongresuko mahaiaren jarrera salatu nahi izan dute; izan ere, Kongresuko aretoak baliatzeko eskaerak duela zenbait egun egin arren, atzo arratsaldean jakinarazi zieten prentsarako erabiltzen den aretoa baliatzerik bazutela, baina prentsak ez zuela sartzerik izango. “Horrek erakusten du Gobernuaren benetako jarrera: Gizarte zibil antolatuaren iritzia isildu nahi dute. Zeren beldur dira? Zentsura baliatu nahi al dute gure iritzia zabaldu ez dadin?” galdetu du Kontseiluko ordezkariak.

Halere, agerraldia Kongresuko kanpoaldean egin dute erakundeetako ordezkariek, eta horren ondoren, hainbat talde parlamentariotako ordezkariekin bilera itxia egin dute Kongresuaren egoitza barruan.

Hiru erakundeek bat egin dute Espainiako Hezkuntza ministro WERTek egindako proposamenaren irakurketarekin: “Gure, eta ordezkatzen dugun erakundeen, aburuz zirriborro horrek gure hizkuntza-komunitateei zuzenean eraso egiten die, hizkuntza gutxiagotuak bermatu eta indartu beharrean gure hizkuntzen aurkako planteamendua delako eta bigarren mailako hizkuntza gisa betikotu nahi dituelako, horrek dakartzan ondorio guztiekin”

Horregatik guztiagatik aldarrikapen zehatzak egin dituzte talde parlamentarioen aurrean. Batetik, hizkuntza-eskubide osoak bermatzeko eta geure lurraldeetan berezko hizkuntzetan normaltasunez bizitzeko eskubidearen aldeko lana berretsi nahi izan dute. Bestetik, geure hizkuntzen ezagutzaren zein erabileraren normalizazioan aurrera egiteko hizkuntza-politikak defendatzen dituztela adierazi dute, administrazioetan, eskolan, hedabideetan etab. presente egon daitezen, eta lurralde bakoitzean hizkuntza komuna eta kohesio sozialerako hizkuntza izan daitezen. Eta azkenik, gure hizkuntzen ezagutza osoa herritar guztientzat nahi dutela azaldu diete talde parlamentarioei, izan ere, gure hizkuntzekiko zein hizkuntza horiek ezagutu edota erabiltzen dituzten pertsonekiko justizia-ekintza dela uste dute.

Gauzak horrela LOMCE legeak horren kontra egiten duela adierazi dute. “Hezkuntza Lege berriaren zirriborroa onartezina da, hezkuntza kontraerreforma atzerakoia, homogeneizatzailea eta baliogabea proposatzen duelako. Are gehiago, alferrikako proposamena da ez duelako ikasleria prestatzen egungo egoerak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko” Adierazi dute erakundeetako ordezkariek.

Ordezkariek gaineratu duenez “Wert ministroak gure hizkuntzekiko agertzen duen obsesio gaixo eta aurrekonstituzionala islatuta agertzen da aipatu proposamenean”.

Eragileen aburuz gaur, inoiz baino gehiago, nahitaezkoa da eragile sozialen, sindikalen eta politikoen arteko aliantza astakeria horri amaiera emateko. Hizkuntza-komunitate gutxiagotuen arteko aliantzak ere behar ditugu eraso mota horien aurrean harresia eraiki ahal izateko. Arrazoi horiengatik eragileek emandako iritzia Kongresura bertara helarazteko eskaera egin diete talde parlamentarioei.

5 pentsamendu “Oztopoak oztopo, WERTen proposamenarekiko desadostasuna iritsi da Espainiako Kongresura”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude