Altuera kontua

Altuera kontua –

Karmele Jaioren blogetik.

Erakusleiho soziologiko ezin hobea den First Dates programaren bideo bat dabil sareetan aste honetan. Mansplaining perfektu baten tutoriala ematen du. Gizonak harro aitortzen dio emakumeari bera “fitness mundutik” datorrela eta neskak Medikuntza ikasketak egin dituen arren, eta ospitale batean lan egiten duen arren, gizonak lezioa eman nahi dio giza gorputzari buruz sekulako harrotasun eta nagusitasunarekin.

Altuera kontuaEmakume askok ziztada sentitu dugu gizonak emakumeari hitz egiteko duen moduagatik, emakumea une oro azterketa baten aurrean jartzeagatik, bere ezagutza zalantzan jartzeko duen moduagatik. Noizbehinka galdera egin eta emakumeak erantzutean berak “oso ondo” esaten dio, irakaslea balitz bezala, gaian benetako aditua bera balitz bezala, eta ez Medikuntza ikasten orduak egin dituen emakumea. Eta min egin digu, ia emakume guztiok bizi izan ditugulako antzeko egoerak, agian ez hain nabariak, baina intentzio karga berdinarekin.

Rebecca Solnitek “Men explain things to me” liburu ezagunean kontatzen duena bizi izan dugu denok inoiz. Niri, adibidez, Solnitek berak liburuan kontatzen duen pasadizo baten antzeko zerbait gertatu zait. Gizon batek behin ukatu egin zizkidan neure liburuari buruz eman nituen azalpenak. Ez zen mugatu bere iritzia ematera, saiatu zen ni konbentzitzen guztiz okertuta nengoela, ez nuela oso ondo ulertzen zer esan nahi nuen nire liburuan. Eskerrak bera agertu eta kontatu zidan. Dena modu adeitsu baina paternalista batean. Jasangaitza egin zitzaidan irribarre erdiarekin.

Gimnasioko tipoaren jarrerak min egiten digu emakume gehienok bizi izan dugulako egoera hori: berak baino hobeto ezagutzen dugun errealitate bati buruzko lezioa eman nahi izan digula gizon batek.

Ez da kasualitatea gizonak une batean kamerari aitortzea neska ez zaiola gustatzen, besteak beste, fisikoki altua delako, bera baino altuagoa. Azken finean, dena baita altuera kontu bat, beti norbera gorago sentitzearen beharra.

Altuera kontua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Altuera kontua”-ri buruz

  • 1- Zalantzarik gabe: mutil zuri hetero trauskil harroputzaren eta neska beltz jakintsu apal zapalduaren arteko solasaldi hori parodia bat da, operazio psiokologiko bat. Aktoreak dira antzezlan batean. Helburua: saio hori ikusten duen emakume erraz sumingarriaren sumindura artifizialki elikatzea, ondoren feminismoaren zaintzaile diren PSOE-Podemos alderdiek euren alaba kuttunen bozkak berma ditzaten beste lau urtez boterean jarraitzeko, betiere Mediaset propaganda katearen laguntzaz.

    2- Zer demontre egiten du Salabardoak espainiar kate kaskar bateko programa kaskar bateko gertakizun kaskar baten berri ematen? Ze irizpide dago honen atzean? Ze helburu?

  • Erabat ados, Egurra, eta nik gaineratuko nuke: Zergatik da hemen funtsezko ardatza gizon/emakume parametroa? Bi pertsona, bakoitza bere nortasunarekin, bata guztiz nazkagarria. Kasualitaez gizona da, baina, badu horrek zerikusirik? Hedatu daitezke gizon horren portaera eta jarrera eta gizon guztiei aplikatu, denak berdinak bagina bezala?

  • Argizko, baina zer diozu? Nartzisista den emakumerik ez dago. Nola egongo da ba gizonak gutxiesten duen emakumerik? Mesedez eta faborez, e!

  • Euskal Herriko erreferentea, tontoz jositako (antzezle zein ikusle) programa bat da. Jaungoikoak bedeinkatu gaitzala.

  • Euskahaldun 2023-02-13 15:59

    Noski, ez dago emakume denadaki, harroputz eta paternalistarik ezta? Ala maternalista esan beharko genuke? Zelan deituko genioke horri, “womansplainga”? Gizonek ez dute halakorik sekulan jasan ezta? Betiko diskurtso biktimistaren hatsa dario. Programa hori pornografia soziologikoa besterik ez da eta ez dut ulertzen Karmele Jaioren maila intelektualeko batek zelan galtzen duen denbora antzezturiko reality show honen inguruko analisia egiten. Halako programetan parte hartzen duten pertsona nazkagarrien gizon eta emakumeen arteko proportzioa oso parekoa dela esango nuke, beraz, ez nioke kontu honi behar baino buelta gehiagorik emango.