Altsasutik Kataluniara
Altsasutik Kataluniara –
SER irrati kateak aurreratu berri du Altsasuko gazteen kondenaren berrespena. 13, 9 eta 2 urtekok kartzela zigorrak; baina ez da terrorismoa. Terrorismo delitua ezartzea nabarmenegia izango zen nonbait, beraz etiketa hori kentzea erabaki zuten nahiz eta kondenak terrorismoa bailiran aplikatu, bai eskatutako kartzela zigorretan zein baldintzapeko askatasunaren aplikazio ezan. Baina ez da artikulu honen helburua Altsasuko kasuari buruz hitz egitea, sarri hitz egin bai da eta hitz egingo da honen inguruan. Altsasuko kasua oinarri hartuta Kataluniaren aurkako epaiketaz jardungo dut.
Egunotan Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako lider politiko eta sozialak epaitzen ari dira. Ez dakit zuek, baina nik argi dut, Altsasun gertatu bezala, kondenatuak izango direla; eta gainera, Altsasun bezala jokatuko dute. Hau da, leporatzen dieten deliturik larrienagatik ez dituzte zigortuko, baina delitu hori egin izan balute bezala zigortuko dituzte. Altxamendu delituak 30 urte arteko kartzela zigorrak aurreikusten dituen bitartean sedizioarekin 15-25 urte artekoak aplika daitezke. Honela, eta Altsasun gertatu bezala, bi kasuetan juridikoki sostengatzen zailak diren deliturik larrienak albo batera uzten dira, baina praktikan delitu horiek burutu balituzte bezala zigortzen dira. Hementxe dago koxka:
Zigortu nahi dutena ez da delitu bat, identitate bat baizik
Espainiar nazio identitate hegemonikoarentzat identitate nazional periferikoak (katalana, euskalduna, galiziarra…) traba dira, espainiar identitate nazionalaren oinarria kolokan jartzen bai dute. Oinarri horren arabera, estatuaren mugen barnean jaiotako pertsonak (immigranteen seme-alabak salbu) dira espainiarrak, denek izan behar dute identitate hori; eta mugen barnean jaio arren identitate hori geure sentitzen ez dugunok mindu egiten ditugu, irain bat bailitzan beren identitatea ez partekatzeak. Honela, identitate zapalduak bere espazioa eta existentzia erreklamatzen dituenean identitate zapaltzaileak mehatxua sumatu eta estatus quoa mantentzeko mekanismoak martxan jartzen ditu. Azken finean ez dugu ahaztu behar identitate hegemonikoek (boterea erabiltzen duten identitateak, ez dute zertan gehiengoaren identitatea izan) periferikoak zapaltzen dituztela (heterosexualitatea vs LGTBI+, patriarkatua vs emakumea…) eta gu, gutxiengo etniko bat garela bi estatu arrotzetan.
Altsasuko eta Kataluniako lider politiko eta sozialen kasuak identitate hauen arteko talken adierazpen gogorrenetarikoak dira, baina ez dira bakarrak: “Hablame en cristiano que no te entiendo”, euskalduna=terrorista, euskalduna=baserritar ezjakina, katalana=xuhurra, gure kulturekiko ezagutza falta baina guk beraiena ezagutu beharra…