Alemaniako Alderdi Pirata Parlamentura hel liteke

Piratak

Egunotan, SOPA (Stop Online Piracy Act) legearen harira, mugimendu ugari dago sarean eta kontrako ahotsak edonon entzuten dira: blog txikietatik, itzal handiko twitterlarietaraino. Aldi berean, Alemanian, Alderdi Piratak 20.000 afiliatu ditu dagoeneko. 2011n 8.000 militante lortu zituen, aurreko urtean baino %66 gehiago. Piratez gain, kide gehien eskuratzen ari den alderdia Berdeak dira (5.000 baino gehiago). Gainontzekoek, kristau-demokratek, sozialdemokratek, liberalek eta esker tradizionalak, militanteak galdu dituzte.

Datorren maiatzaren 6an Schleswig-Holstein estatu federalean ospatuko diren hauteskundeetarako prest daude piratak, baita parlamentuko ur harrotuak konkistatzeko ere. Duela zenbait hilabete miliatara zegoen ametsa zirudiena egi bihur daiteke udaberrian, politologo guztien ahotan baitago Alderdi Pirataren etengabeko hazkunde eta arrakasta. Inkesten arabera, botoen %8 lor lezakete.

Sebastian Nerz, piraten presidenteak, gutxiengoekin (berdeekin eta liberalekin) koalizioa egiteko nahia adierazi du alderdi-bitasunari aurre egiteko. Haren iritziz, sozial-demokrazia-kristauak datu-atxikitzea babesten du eta ez ditu eskubide zibilak defendatzen.

Bideo honetan, alderdi piratako kide Christopher Lauer ikus dezakegu Alemaniako Parlamentuan, herrialdeko egungo egoera politikoa salatuz. Piraten mezua argia da: demokrazia birkonkistatu behar da eta benetako gobernu bat ezarri behar da, herritarrena eta herritarrentzat; demokrazia zaharkituta geratu baita. Parlamentuan ordezkariak ditugu, baina teorian bakarrik, ez baitute herria ordezkatzen.

2011ko azaroan BBCk piraten buruzagi gazteari egindako elkarrizketa duzue jarraian, bi zatitan:

Zer duzu buruan “Alemaniako Alderdi Pirata Parlamentura hel liteke”-ri buruz