1,3 milioi Espainiako Txirrindularitza Itzulia Iruñean has dadin

txirrindulariakKrisiaren aitzakian dirulaguntza guztiak murriztu dituzte. Edota ezabatu. Adibidez, Nafarroako udalerri guztiei kirola sustatzeko 2011n emandako dirulaguntzak kendu dizkie Nafarroako Gobernuak. Emandakoak kendu. Dirurik ez dago. Eta bien bitartean, Espainiako Txirrindularitza Vuelta Iruñean has dadin 1,3 milioi euro bideratuko ditu Gobernuak!

Betikoan. Oinarrizko kirolarentzat dirulaguntzak desagertzen diren bitartean, elitezko kirolerako sekulako dirutza bideratzen da. Eta nola ez, Eusko Jaurlaritzak hartutako bidea jarraitu behar du honetan ere Nafarroakoak, ez dira gutiago izanen (eta berezi espainiarkerian!).

Jakina da 2012an Iruñean hasiko dela Espainiako Vuelta. Gaur Parlamentuan jakinarazi dute 1,3 milioi euro bideratuko direla diru publikotik horretara. Babesle pribatuek murriztu dezakete kopuru hori, baina gaur-gaurkoz, deus ez du lotua Gobernuak. Ez du inolako ikerketa lanik egin Vuelta Iruñera ekartzeak zein arrasto izanen duen bertako ekonomian.

Murrizketek apenas izan dute erantzun tinkorik Nafarroako karriketan. Hurrengo egunetan Vesarte arte herrikoiaren elkarteak kontzentrazioa deitu du Parlamentuaren atarian, murrizketak salatzeko, eta nola Parlamentua gauza den 7.000 euro gastatzeko egun Gizarte Zerbitzu, Gazteria eta Kirol Kontseilaria denaren erretratua egiteko. Horrelako protestaldiak maizago gertatuko dira.

gobernua, murrizketak, nafarroa, txirrindularitza, Vuelta
Jon Abril

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.

2 pentsamendu “1,3 milioi Espainiako Txirrindularitza Itzulia Iruñean has dadin”-ri buruz

  • Diru publikoaren neurrigabeko xahuketak ez dira estatuko hegoaldean bakarrik ematen, Euskal Herrian ere nahiko genukeena baino gehiago gertatzen da. Baina hori bagenekien.
    Egia esan lotsagarria da hauek gure ordezkariak bezala azaltzea.

  • Neri bost axola euro bakar bat ere gastatuko ez balitz. Argudio ekonomizistetan ez al gara eroriko orain…Hori huskeria da, ekimen horren helburuarekin konparatuta:herri hau erabat espainiartzea alegia. Hori da garrantzitsua,martxa honetan espainiako itzulia eta espainiako selekzioak kasik-kasik hemengo bihurtuko zaizkigula!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude