Ageriko albisteak: Gotzainek ez dute heriotza duinik nahi
albisteak: Gotzainek ez dute heriotza duinik nahi
Sareko egunkari gehienetako azalek jaso dute albistea: Eliza katolikoa Heriotza Duinaren Lege proiektuaren aurka azaldu da. Gotzain-Batzarreko ordezkari Juan Antonio Martín Caminoren arabera, “eutanasiari bidea irekitzen dion legea baino ez da” eta “legeak ez dira bidezko bihurtzen gehiengoak onartu dituelako soilik”. Tira, baina non da albistea?
Eliza katolikoa orain arteko kanon tradizional eta batzuetan bidegabeak apurtzen dituzten lege, proposamen, proiektu eta abarraren aurka agertu izan da: kondoien erabilera, abortua, homosexualen ezkontzak, eutanasia… Ez hori bakarrik, gai jakin baten gainean Elizak izango duen jarrera asmatzeko aukerak %99 dira. Zer dela eta? Erdi Arotik ezer gutxi aldatu den erakundea delako eta bere dotrina aski ezaguna delako.
Benetako albisteak, egunkari guztietako azalak hartu beharko lituzkeen berriak, honakoak dira:
- “Aita Santuak kondoien erabilera sustatzen du hiesaren biktimak murrizteko”
- “Eliza katolikoak lehen bikote homosexuala ezkondu du Bilbon”
- “Aita Santuak: ‘Heriotza bidean dauden gaixoen sufrimendua desagerraraztea guztion betebeharra da”.
Tamalez, gisa horretako titularrak irakurriko ditugun eguna aski urrun dago eta, oraingoz, egunkarietako azalak inolako harridurarik sortuko ez dizkiguten berri tristeak baino gehiago ez dituzte jasoko.
Heriotza Duinaren Legea
Heriotza Duinaren legearen arabera, osasun erakundeek gaixo terminalen azken momentuetako minak eta sufrimenduak lasaitzera behartuta egongo dira, heriotzarako bidea ahalik eta leunen izan dadin. Legeak ez du eutanasia erregulatuko eta ez ditu suizidiorako laguntzak eskainiko, delitu izaten jarraitzen baitu.
Legeak hainbat eskubide eta berme eskaintzen dizkio gaixoari eta osasungintzako langileei segurtasun juridiko handiagoa eskaintzen die.