Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia

Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia –

Ameriketako Estatu Batuek Groenlandia erosteko eskaintza bota dute. Prezioa zehaztu gabe, eta beste aldeak saltzeko batere asmorik ez zeukala. Baina bota dute. Txundituta utzi ditu asko eta asko azken maniobra honek, baina baditu aurrekariak iraganean, eta agian etorkizunean ez zaigu hain arrotz egingo.

Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia
Nuuk hiriburua

Normalean lurren mugak, izenak eta banderak gerren beroan aldatu izan ohi dira, baita, garai batean, ezkontzen bedeinkapenekin ere. Salerosketa baten bidez administrazioz aldatu diren lurraldeak ez dira hainbeste, baina badaude hainbat adibide: Alaska, esaterako.

AEBek Alaska erosi zioten Inperio Errusiarrari 1867an: 1.518.800 km², 7.2 milioi dolarren truk. Tsaarrek motibo ezberdinak zeuzkaten salmenta egiteko. Batetik, inperioaren egoera ekonomikoa oso txarra zen, eta bestetik hala eta guztiz ere gerra batean lurraldea galtzeko beldurra zeukaten. Alaska Kanadaren ondoan dago, eta Kanada orduan Erresuma Batuaren manupean zen. Errusiarrak beldur ziren ea ingelesek erasotzeko erabakia hartuko ote zuten, jakitun baitziren egoera horretan ez zirela gai izango lurraldea babesteko.

Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia
Erosketa egiteko erabili zen txekea.

Errusiak saltzeko motiboak bazeuzkan, AEBek erosteko ere. Erresuma Batuaren eta yankien interesak kontrajarriak ziren orduan, eta Errusiarekin tratu bat eginez ingelesak izorratzea ongi zetorkien (Ingalaterrak hegoaldearen alde egin zuen Gerra Zibilean); eta horretaz gain Kanada, ingelesen kolonia, inguratzen zuten horrela. Teorikoki ikuspuntu errepublikar batetik erosketa babestu zuten arren (“monarka bat gutxiago kontinentean”), argi zeukaten lurraldeak potentzial ekonomiko izugarria zeukala: arraina, urrea, egurra, larruak, baita itsaso bidezko merkataritza ere.

Garai hartan 2.500 errusiar bizi ziren lurraldean, 8.000 aleutiar eta jatorrizko herrietako 50.000 lagun inguru. Noski, ez konkistatu zituztenean (armada bidez baino komertzio bidez izan zen arren), ez lurra saldu zutenean, azken hauei, bertakoei, ez zien inork ezer ere galdetu. Groenlandian bezala.

Groenlandia Kalaallit Nunaat da bertakoen hizkuntzan, inuiten mintzairan. Independentismoak geroz eta pisu gehiago daukanean, hodei beltzak iritsi zaizkie hegoaldetik. Ez baita munduan herri txiki eta aberatsa bezain gauza tristerik, eta bertakoek badakite hori. Garrantzi geoestrategiko handikoa da, lehengai ugari daude lurraldean, eta ziurrenik oraindik asko izango dira aurkitzeke.

AEBek saiakera bat egin omen zuten 1946an irla erosteko; Errusiarrek ere nahi dute, eta Txinak hortzak luze-luze eginda dauzka. Ziur Trumpena ez dela azken eskaintza izango. Eta tamalez, munduak funtzionatzen duen bezala, batek daki etorkizun batean Danimarkak ez ote duen XIX. mendeko Errusiak bezala egingo: gerra mehatxupean, jada galdutzat emango duen lur batez ahal duen probetxua ateratzen saiatu.

 

Berria – “Donald Trump eta Groenlandia, burutazio soil bat baino gehiago” / “Groenlandiarrek Trumpi erantzun diote: “Ez gaude salgai“”

Gara – “Groenlandia no está «en venta», pero Trump sabe que vale más que nunca

Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia

Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia
Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “Alaskatik Groenlandiara, dirua eta estrategia”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-08-29 21:29

    AEB, Txina eta Errusia, denak potentzia eta elkarri zangotraban. Eta Europar Batasuna? Groenlandia Danimarkaren pean badago, Europar Batasunekoa izango da, ez? Eta non dago Europar Batasuna beste hauei zerbait esateko? Errusia oso potentea izango da arma nuklearrak dituelako, bai, baina ez dezagun ahaztu Italiaren Produktu Gordina Errusiarena baino handiagoa dela. Txina potentzia? Txinak sekulako arazoak ditu eta izango ditu etorkizunean, denbora izango da testigu. Hemen benetako potentziala Europak du, batzen asmatzen badu. Eta Groenlandia babestu beharko luke.

  • euskaldun bat 2019-08-29 21:51

    Dirudienez Groenlandia orain ez da Europar Batasunekoa, izan omen zen baina gero ateratzea erabaki omen zuten 1985ean. Baina hau topatu dut: El 4 de enero de 2007, el diario danés Jyllands-Posten citó al exministro danés para Groenlandia Tom Høyem al afirmar «No me sorprendería si Groenlandia volviese a ser miembro de la UE… La UE necesita una ventana al Ártico y Groenlandia no puede administrar las inmensas posibilidades del Ártico por sí misma». Groenlandiak Europar Batasunean bilatu beharko luke babesa, erlazio gehiena honekin duelako.