Akordio loteslerik gabe, paper errea bihurtzeko arriskua
Akordio loteslerik gabe, paper errea bihurtzeko arriskua –
Bi aste baino gehiagoko negoziazioen ondoren, Glasgowko Klimaren Goi-bileran akordio batera iritsi dira, azken orduko ezustekorik gabe. Onartutako testuak ez ditu herrialde gehien-gehienak asebete; hala ere, adostasunaren izenean sinatu da, berotze globalaren aurka elkarlanean jarraitu ahal izateko.
COP26 Aldaketaldiaren manifestuak eta Euskal Herrian egindako jarduerek berrogei erakunde ekologista, sindikal eta sozial baino gehiago bildu dituzte, eta Greta Thunberg aktibistaren hitzekin bat egiten dugu: goi-bilera «blah, blah, blah» hutsa izan da. Gure ustez, akordioak erabaki atzeraezinak atzeratzen ditu.
Akordioaren ahultasuna agerian geratzen da, lehenik eta behin, testuaren idazkeran; izan ere, bertan ez dago aditz loteslerik, hau da, herrialdeei ez zaie legezko betebeharrik ezartzen; gonbidapenak, gomendioak eta eskaerak baino ez. Gainera, azken akordioari neurri zehatzak, epe argiak eta finantzaketarako benetako konpromisoa falta zaizkio. Berriz ere, lobbyen esku ez hain ezkutuak bere kartak jokatu ditu, eta partida irabazi du.
Glasgowko akordioak aurrera egin du diskurtsoan, larrialdi klimatikoa onartuz, eta 2030erako karbono-isuriak gutxienez %45 murrizteko helburua ezarri du. Aitorpen hori mugarri eta inflexio-puntua da, baina bere ahultasuna lotura-ahalmenik ez izatean datza. Eta gauza bera gertatzen da erregai fosilentzako diru-laguntzak bertan behera uzteari buruzko aipamen esplizituarekin, Indiaren presioen ondorioz gomendio hutsean geratu baita.
Hegoalde globaleko herrialdeentzako konpentsazio-akordioei dagokienez, apenas jaso duten inolako arretarik eta akordiorik. Herrialde horiek ari dira klima-aldaketaren hondamen-inpaktu larrienak jasaten, eta hango herritarrak exodo klimatikora behartuak dira. Varsoviako Mekanismoa ezartzen jarraitzeko akordioak ez du bermatzen galera eta kalte horiei aurre egiteko funts bat sortuko denik; aldiz, funts hori sortzeko elkarrizketari ekitea proposatzen du, doi-doi. Prozesu horrek finantzaketa atzeratuko du; eta hori zen, hain zuzen ere, klima-aldaketak gehien kaltetutako herrialdeen eskaera nagusietako bat.
Hori guztia Glasgown gertatzen zen bitartean, Euskadin, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ingurumenarekin arduratutako gobernu gisa agertu nahi dute, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztearekin arduratutako gobernu gisa. Hala ere, mugarik gabeko hazkunde ekonomikoa bultzatzen dute, planetaren mugen aurka egiten duen arren. Non dago iraunkortasuna? Joan Martinez Alierrek eta Antonio Valerok dioten bezala, «zentzugabea da energia-iturriak ordezkatu eta hazten jarraitu nahi izatea». Helburu bateraezinak dira, besterik gabe.
Aldi berean, Eusko Legebiltzarrean lege-aldaketa bat bultzatzen ari dira, «interes orokorrekoak» deritzen planek lehentasuna izan dezaten udal-akordioen gainetik. Horrela, kaltetutako herritarren gaitzespena gorabehera, haien intereseko proiektuak inposatzeko berme osoa nahi dute. Hori da hori demokrazia!
Erregai fosilak lurpean mantendu beharra deklaratzea ezin da asmo hutsala izan: gas-bilaketak alboratu behar dira (fracking-a Gasteizen); abiadura handiko trena geldiarazi behar da, garestia eta suntsitzailea delako; baita alferrikako beste azpiegitura batzuk ere, hala nola, Supersur edo itsasadar azpiko tunela, errepide bidezko garraioa sustatzen baitute, berotegi-efektuko gasen % 30aren erantzulea; enpresa handien makro-proiektu eolikoak birpentsatu behar dira («berriztagarriak bai, baina horrela ez»), ez baitute bilatzen herritarren beharrak asetzea, baizik eta ahalik eta etekin handiena lortzea eta haien monopolioa iraunaraztea; aldatu egin behar da zabortegiei eta erraustegiei buruzko politika (Zubieta eta Bergarako erraustegiak, Lemoako zabortegia handitzea), ingurumenarentzat kutsagarriak eta osasunarentzat arriskutsuak baitira; kutsadura atmosferikoko fokuak (Glefaran, Petronor) ezabatu behar dira, inguruko herritarren osasunari kalte egiten baitiote.
COP26 Aldaketaldia kanpainako kideok, hitzak baino gehiago, ekintzak eskatzen ditugu; eta, batez ere, hitzak ez daitezela ekintzekin kontraesanetan erori.
Denbora eta pazientzia agortzen ari zaizkigu. Ezin diogu klimaren beste goi-bilera bakar bati ere itxaron. Orain da ekiteko garaia.
…
Miren Basaldua, Alfonso Caño eta Joanes Igeregi
COP 26 Aldaketaldia