Aixe Sahara!
Aixe Sahara! –
Joan den mendeko 70eko hamarkadan, herri euskaldun guztietatik soldaduskara bidaltzen gintuzten Sahara, Ceuta edo Melillara. Nik Joseba Elosegiri galdetu nion, Casablancan bizitua zelako, ea nola esaten zen arabieraz ‘Gora Sahara’, edo ‘Viva Rif’. Al Rif, Ifni, Sahara… Duela hirurogei urte arte Espainiaren koloniak zirenak eta gaur egun Marokok bereak aitortzen dituenak gogoan izan beharko lirateke, Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketaren benetako arrazoiak eta ondorioak aztertzerakoan. Betiere ez litzateke ahaztu beharko 1898an Kuba, Puerto Rico eta Filipinak galdu izanak —edo zehazkiago esate arren AEBek kendu izanak— ez ziela Espainiako langileei kalterik egin.
Espainiako Gobernuak Saharari buruz egin berri duen jarrera aldaketa, etikoki bidegabea izateaz gainera, politikoki ere kaltegarria eta atzerakoia gertatuko da.
Bidegabekeria etikoa, lehenik Saharako herriari eta herritarrei egiten zaie. Ondoren, ordea, Marokoko herritarrei eta demokraziari; estatu hartako errege den Mohamed VI.ak lurralde aldarrikapen eta halakoez baliatuz eusten baitio agintaritzari. Baina hirugarrenik, bidegabekeria hau Espainiako eta Mendebaldeko demokraziari egiten zaion iseka ikaragarria besterik ez da, Trump presidente ohiaren jokabide ultra bati jarraituz.
Egia da aldaketa honekin irrigarrienak ez ezik guztiz mespretxatuak PSOEko militanteak berak gelditu direla lehen une batean. Agerian dago baita ere, lotsarik baleuka dimititu beharko lukeen gezurtia bezala, berriz, azaldu dela Jose Manuel Albares Bueno Atzerri Ministroa. Baina eztabaida ez da hasi besterik egin. Ez dira aipatu aurrekariak eta ez dira aitortu benetako arrazoiak, eta, ondorioz, ez dira azaldu eta aztertu benetako ondorioak.
Sahararen aurrekari zuzenak Rif eta Ifni dira. Espainiak Afrikako Iparraldean zeukan kolonia —protektoratu eufemismoa ere ematen zitzaion— Al Rif deitzen zen Maroko baino gehiago. Eta han 1921ean izandako altxamenduaren ondorioz Abdelkrim buruzagi zelakoak Al Rif-eko Errepublika aldarrikatu zuen eta errepublika presidentetzat aitortu zen bost urtez. Frantziak eta Espainiak elkar hartuta gerra hasi zuten eta gerra hartan ibilita egin ziren ezagun Sanjurjo, Mola, Franco, eta, gero, 1936ko matxinadan, buru izango ziren beste asko. Tetuan izan zen Rif lurraldeko hiriburua eta hiri hartan, Tanger edo Casablancan bezala jaiotakoek arabiera eta thamazih edo bereber hizkuntzaz gainera, askok eta askok gaztelera zuten bere hizkuntza propiotzat.
Frantziak eta Espainiak 1956an eman zioten independentzia Marokori beren «protektoratuak» alde batera utzita. Baina 1958-1959an oldarraldi edo altxamendu bat gauzatu zen Rif lurraldean eta Marokoko monarkiak —Hasan eta Ufkir buru—, fosforozko eta kimikazko arma debekatuak erabiliz, zapaldu zuten altxamendu hura. Eman edo aitortu al dio Marokoko monarkiak autonomiaren bat Rif deitutako lurraldeari? Ez. Aintzat hartzen al du Marokoko monarkiak Tetuan, Tanger, Casablanca eta beste hiri askotan hitz egiten den eta, batez ere, hitz egiten zen hizkuntzarik edo kulturarik? Ez. Ohartzen al dira Espainiako eskuin muturreko alderdikoak gaztelera edo espainolaren kontrako jarduna egiten dutela beren jarrera politikoekin? Ez dira gauza horretarako…
Ifniren kasua gogoan izatekoa da, Espainiako probintzia izaera aitortu zitzaiola baina Marokoko monarkiak Rifeko altxamendua zapaldu ondoren, berehala ekin zion lurralde hartako gatazkari; 1960ko hamarkadaren hasieran eta 1969an Frankok onartu eta aitortu zuen bere porrot militarra eta eman zion Marokoko monarkiari Ifni deitutako Espainiako probintzia ohia. Ba al da lurralde hartan autonomiaren bat? Ez. Ba al du edo aipatu al du inoiz Marokoko monarkiak Ifni deitutako lur eremuan autonomia motaren bat jartzeko asmorik? Jakina ezetz.
1975ean Franco hiltzear zelarik Saharako Martxa Berdea deitutako inbasioa antolatu zuen Marokoko monarkiak. Espainiako gudarosteak alde egin zuen berriro. Itxurak egiteko besterik balio ez zuten erabakiak hartu ziren, adibidez, Sahararen hegoaldea Mauritaniari ematen zitzaiolakoa. Beraz, Sahara zatitu eta banatu zuten, bertako biztanleriari inolako jaramonik egin gabe. Eta jakina, Maroko Sahara osoaz jabetu zen Espainiako gudarosteak ihes egin ondoren. Ezin da ahaztu «Magreb Handia» den Marokoren inperio ametsaren barruan dagoela Mauritania bera ere.
Nazio Batuek autodeterminazio eskubidea egikaritzeko agintzean ez dio agindu hori soilik Marokori zuzentzen, baizik baita ere Espainiako Estatuari; izan ere, biek egin baitituzte gauzak oker eta gaizki demokraziaren ikuspegitik. Nola sinistu eta aintzat hartu daiteke Marokoren autonomia eskaintza Sahararentzat, baldin eta ez badio autonomiarik eman ez Al Rif lurraldeari eta ezta ere Ifni lurraldeari? Are gehiago; nola aintzat hartu oraindik 40 urte geroago ez badio Saharari berari inolako autonomiarik eman? Eta ze autonomiaz ari gara, gainera, erabakitzeko eskubide demokratikoa duen autonomiaz ala erabakitzeko eskubiderik gabeko autonomiaz?
Marokoko monarkiaren autonomia eskaintza gezurrezkoa dela azaltzen dute aurrekari guzti hauek, Rif, Ifni edo Sahara bera diren aurrekariek alegia. Eta zergatik sinistu du gezur hori, bera ere gezurtia den Espainiako Atzerri ministroa den Albares jaunak? Eta okerragoa dena, zergatik men egin dio Sanchez presidenteak, garai bateko Gonzalez gogoratzen duen jarrera harroputz horrekin?
Ikusia dago eta aurrekariek azaltzen dute Marokoko monarkiari beharrezkoa zaiola etengabeko lurralde aldarrikapen bat baina ez duela ez inolako autonomiarik edo sakontze demokratikorik egiten ahal. Horregatik, begi-bistakoa da Espainiako Gobernuaren aldaketa duingabeak ez duela bultzatu besterik eginen Melilla eta Ceuta aldarrikatzen jarraitzeko; eta agian, Kanariar Uharteak. Zer egin beharko litzateke? Saharako, Marokoko eta Espainiako herritarren alde demokraziaren eta ondorioz, nahitaez, autodeterminazioaren aldeko apustua.
kaixo Patxi,
Marokon izan ginenean behin, “Aixa Kandhixa!” esaten zuten hango tuareg batzuek.
KANDHIXA hau hango nonbaiteko dibinitate femeninoa omen zen, herriarekiko onbera bezain inbaditzaile Zuri Arrotzekiko ankerra: bere sexu-amarruez liluratu eta seko burua mozten omen zien.
Ea barriro iratzartzen dogun KANDHIXA… eta hik aipatu elementuak liluratu eta….
AIXA KANDHIXA, aixa, aixa!