Aita Santuaren bisitak direla eta
Londres, 2010eko iraila. Benedikto XVI.a Aita Santuak lau egunez Londres bisitatu zuen haren kontra egiten zuten hainbat protesten artean. Bisita horren ia %20a ordaintzeko, Erresuma Batuak garapenera bideratuta zeuden 1,85 milioi libra (2,2 milioi euro) erabili zituen. Guztira, britainiarrei 10 milioi libra kostatu zitzaien Aita Santuaren bisita, kontuan izanda herritarren %10 soilik dela katoliko, haserretzeko arrazoi sendoak zituzten.
Baina okerrena ez zen izan herritarren hamarren baten desioak betetzeko denen dirua erabili izana, baizik eta 1,85 milioi libra horiek garapenera bideratuta zeudela. Zaude lasai, hala ere, Nazioarteko Garapenerako Ministerioko bozeramaile batek argudiatu zuenez, “Eliza Katolikoa garapen bidean dauden herrietako osasun eta hezkuntza zerbitzu iturri handienetakoa da mundu mailan”. Tira, hala bada, inbertsio ona egin zuten.
Madril, 2011ko abuztua. Aita Santuak datorren astean egingo duen bisitak 50 milioi euroko kostua izango du. Laicismo.org webgunean diotenez, Espainiako gobernuak guztira 25 milioi eurorekin lagunduko du Gazteen Munduko Jardunaldietan, eta horietako 1,7 milioi Benedikto XVI.aren segurtasuna bermatzera bideratuko dira (krisia? Zer da hori?).
Ikerketa Soziologikoen Zentroaren arabera, Espainiako biztanleriaren %76 da katoliko, baina hori nahikoa arrazoi al da jardunaldien erdia diru publikoarekin ordaintzeko?
Baina, Gazteen Munduko Jardunaldietako finantza-zuzendariak dioenez, ez da diru publikorik erabiliko, aldiz, estatuak 100 milioi euro eskuratuko ditu. Nori egin kasu?
Beste datu bat: Eliza katolikoak urtero 10.000 milioi euro (10.000.000.000) jasotzen ditu hainbat bidetatik. Zergatik ez du Aita Santuak bidaia bere poltsikotik ordaintzen? Eta zergatik ez zaio bururatzen Madrildik pasa eta gero Somalian geldialditxo bat egitea?