Afrikaren Eguna, ospakizunaren eta gogoetaren artean

Afrikaren Eguna, ospakizunaren eta gogoetaren artean –

Afrikaren Egunak sentimendu kontrajarriak sortzen ditu. Alde batetik, jai egun gisa ospatu nahi dugun pertsonak gaude; bubus, txilaba eta turbantez jantzita kalera irtetea, djembé erritmoan dantzatzea; eguraldia lagun dugu, Europako diaspora afrikarren kasuan. Bestalde, badira ohartarazten dutenak ez dagoela ezer ospatzeko, egunak balio behar duela kontinentea eta afrikar pertsonak zelatatzen dituzten gaitzei buruz hausnartzeko, bai eta horien aurrean, indibidualki eta kolektiboki dugun erantzukizunari buruz hausnartzeko ere. Bizitza honetan bezala, orekak aurkitzea da kontua. (Pertsona batzuek badakite itogarriak izaten).

Afrikaren Eguna afrikarren oroimen kolektiboan OUA Afrikako Batasunerako Erakundearen izendapen ofizialaren data betikotzeko helburuarekin ezarri zela diote, gaur egungo Afrikako Batasuna (UA); 1963ko maiatzaren 25ean sortu zen, kontinenteko estatuen arteko Batasuna, Elkartasuna eta Lankidetza indartzeko lehen erakunde panafrikanista da UA. (Familiaren argazkia ikusi dudala uste dut, non unean uneko liderrak agertzen diren, kontinentearen ezaugarri, kultura eta erlijioen mosaikoa erakutsiz. Ez dut gogoan emakumerik zegoenik).

Afrikaren Eguna ezarri zenetik, Afrikako diasporako pertsona eta komunitateok ospakizun bihurtu dugu, eta Egunak dituen helburuak hedatu ditugu bizi garen tokietako pertsona, komunitate eta herrietara. Pandemiaren aurretik, bizi naizen eskualdean, beste batzuetan bezala, hiriburuko beste jai bat bihurtzen ari zen: tokiko administrazioaren babesa zuen eta immigrazioaren ardura zuten agintariek inauguratzen zuten ekitaldia. Gure izateko eta egiteko moduen alderdi eta elementuak partekatzeko eguna zen (musika, literatura, zinema, arteak, gastronomia, folklorea, moda), nahiz eta eskura genuena apurra izan. Topagune, elkarrizketa, truke, ezagutza eta errekonozimendu gune bat sortzen genuen, identitateen mitoetatik haratago; bizikidetza indartzen duten espazioak sortzen genituen. Hiriko lorategietan elkarteen azoka jartzen genuen, ekitaldiaren ekintzetako bat zen eta sortzen ziren paisaiek Marrakex, Aaiun, Nuakchot, Dakar, Bamako, Ouagadugou, Lagos, Yaunde, Malabo edo Luandako plazaren baten arrastoak zekartzan gogora; une batez, ilusio hori bizi genezakeen.

Eta kontinenteko arazoa presente zegoen, bai elkarteek beren etxoletatik erakusten zituzten egitasmoetan, bai lorategietan eguna ospatzera joaten zirenengan. Gizarte eta gobernuen oinarrian beharko luke, gizakia berezkoa duen duintasunaz janztea baina kontinenteko leku askotan duintasun hori ezarri gabe egon arren, Afrikaren Egunaren adierazpen eta agendetan gutxieneko horretan oinarritzen ziren egitarauak. Arrazakeriaren aurkako borroka, gaur egun gorantz doana, jasanezina, bizikidetza arautu behar zuten mekanismo berberek betikotua, elkarte askoren zeregina ere bazen.

Afrikaren Eguna, ospakizunaren eta gogoetaren artean
Angela Nzambi.

Larunbat edo igande horretan lorategietan eguna igarotzera joaten ziren pertsonak bizi- egoera ezberdinetatik etortzen ziren: batzuk kokagune edo asentamentuetan bizi ziren, oinarrizko eskubideak ere ezabatu zizkietelarik; beste batzuk egoera irregularrean zeuden; atzerritar izateagatik “E” hizkiz seinalaturik tutoretzapean bizi ziren adingabeak; sexu-esplotaziorako salerosketa-biktima ziren emakumeak (engainatuak izan zirenak, besteak beste, familien pobreziatik ihes egiteko, txirotasun horren zergatietatik edo ondorioetatik urruntzeko, indarkeritik aldentzeko edo etorkizun hobe bat bilatzeko); naufragioetatik bizirik atera baina anai eta arrebak galdu zituzten gazteak, amari berri txarrak nola adierazi ez zekitenak. Guztiek, kontinenteak sortzen zituen paradoxen eta galderen testigu zuzen ziren (naturaren suntsipena, gatazka armatuak, gaixotasunen kudeaketa, desplazamenduak, lurra eta baliabideak). Eta, hala ere, inork ez zuen erantzunik ematen. Eta guzti horren inolako erantzukizunik ez genuen herritar xeheak ginen. Zergatik ez genuen, bada, gure egin genezakeen urteko egun horretaz gozatuko? Hitza hartu, espazio publikoa gureganatu (uzten digutena), gure arbasoei libazioak bota, besteekin dantzatu… Gainerako egunak hor daude hausnarketarako, beharrezkoa baldin bada. Afrikaren egun zoriontsua!

.

Ángela Nzambi (Ekuatore Gineako idazlea)

Afrikaren Eguna, ospakizunaren eta gogoetaren artean