Afrika pobreziatik aterako al da inoiz?

Afrika pobreziatik aterako al da inoiz? –

Afrika pobreziatik aterako al da inoiz?Inoiz ez naiz Afrikara joan eta kuriositatea nuen bertako bizitza nolakoa den ezagutzeko. Jakinmin hori asetzeko, turismo “birtuala” egin nuen google street view erabiliz eta dokumentalen bidez. Hiri batzuetako kaleak ikusteko aukera dago bertan. Bai, badakit ez dela gauza bera; ezin da usaindu edo ukitu. Ezin duzu bidaiatzeko egoera bereziek sortzen duten zirrara, beldurra eta poza zureganatu eta modu berean sentitu. Baina egia esan, pantaila bidezko “turismo” honetan, kaleak eta eraikinak nahiko ondo ikusi ahal dira. Ibilgailuak, kartelak, jendea… nolakoak diren ere ikuskatu daiteke. 

Aberats eta pobreen arteko aldea erakusten duen dokumentala:

Moto batetik egindako grabazioa:

Etxeko segurtasun eta erosotasunetik, leku batetik bestera segundotan egin daiteke jauzi. Ideia bat hartzeko balio du gutxienez. Adibidez, Nigeriako Lagos megalopolis erraldoiean zenbat tuc-tuc eta zenbat Volkswagen furgoneta hori erabiltzen diren taxi moduan ikusi dut. Era berean, Afrikan auto japoniar pilo dagoela, batez ere Toyota markakoak. Ibilgailu asko, edonola ere, erabat suntsituak daude. Bigarren eskukoak dira, baina gainera, mantenimendu eta konponketa gutxi egiten dizkietela ageri dago. Errepideak ere egoera kaskarrean egoten dira. Europar koloniak izan zirenean egin ziren garraio azpiegiturak berritu gabe daude. 100 urte dituzten zubi eta itsasontziak ikusi ditut bideotan, batik bat Alemaniaren kolonia izan ziren Namibia eta Tanzanian. Benetako heriotza-tranpa dira gaur egun. Mediterraneoan itsasontzia hondoratu eta bidaiariak itota hiltzen direnean, harritu eta penatu egiten gara; Afrikan, ordea, laku eta ibaietan oso maiz izaten dira horrelakoak eta Mediterraneoan baino jende askoz gehiago hiltzen da, gure belarri eta begietara heltzen ez den informazioa bada ere.

Trenbide sarea eta errepideak ez berritzearen ondorioz, istripuak ugariak dira ere. Euria botatzen duenean, errepideak lokatzez betetzen dira eta ibilgailuak bertan harrapatuta geratzen dira. Orduak eta egunak galtzen dituzte askotan. Kilometro gutxi batzuk egiteko izugarri luzatzen dira bidaiak.

Afrikak, edonola ere, ez du garapen maila bera. Iparraldean, Mediterraneo ukitzen duten herrialdeetan hain zuzen, piskatxo bat hobeto daude. Tunisia adibidez, Europatik “hurbilen” dagoen herrialdea da, eta horrela ikusten da garapen adierazleetan (osasun sistema, alfabetatze maila, bizitza itxaropena, eta abar). Sahara azpiko herrialdeak (“subsaharianoak”), ordea, egoera kaxkarragoan dabiltza. Afrika Beltza deitzen zaio ere. Hortik eta Hego Afrikaraino munduko herrialde txiroenak daude. Hego Afrika da horien artean hoberena, baina hortik iparraldera jotzen dugun heinean, are eta okerrago.

Oro har, Afrikak baditu baliabide natural ugari. Energia iturri, mineral eta lehengaiak anitzak dira. Gaur egun, Afrika osoa dago deskolonizatua. Deskolonizazio gehienak XX. mendeko 50, 60 eta 70 hamarkadetan gertatu ziren. Beraz, 50 urte independiente daramate gutxienez. Euren agintariak, ostera, oso txarto kudeatu dute askatasun hori. Europatik dilema dugu: horra laguntzera joaten bagara, neokolonialistatzat hartu ahal gaituzte? Eta Europak inolako interbentziorik egiten ez badu, Europari zerbait leporatu ahal zaio? Azken finean bere menpe egon zen mende luzez. Baina Asian ere Britainiar inperioak, hala nola, Frantzia, Holanda, Portugal eta beste batzuek ere bere menpe izan zituzten lurralde asko. Gaur egun, aldiz, Asiako kolonia ohien egoera Afrikako kolonia ohiena baino askoz hobea da. Aldatuko al da inoiz egoera hori?

Deskolonizazioa: eu.wikipedia.org/Afrikako_deskolonizazioa

Afrika pobreziatik aterako al da inoiz?