Afganistan, gasaren eta petrolioaren bidegurutzea

afganistanAfganistan izan da XXI. mendeko lehen guda handia. Handia diot inplikatu zuen anplitudeagatik eta  gerra bultzatzeko metodo berri bati eman ziolako hasiera: terrorismoaren aurkako gerra prebentiboari alegia. Baina askatasuna eta bakearen aitzakien atzean gordetzen zena, petrolioaren eta gasaren joko handia zegoen. Afganistan beti izan da gune geografiko eta estrategiko garrantzitsua; eta Kaspiar itsasoko zein Asia erdialdeko gas eta petrolio esplotazioek garrantzi hori areagotu besterik ez dute egin.

 

AEBek Afganistan inbaditzeko izan zuten arrazoi nagusietako bat izan ziren Asia erdialdeko gas eta petrolio erreserbak. Afganiarrak askatzen eta terrorismoa ezabatzen zihoazen aitzakiarekin interes handiko gune geopolitiko baten nagusitasuna lortzen bai zuten. Horrela Errusiaren, Iran eta Txinaren gainetik ezartzen baitzuten bere eragina.

Afganistan nazio bakar bat bezala ulertzea ezinezkoa da. 20 tribu nagusi baino gehiagok osatutako etnia, hizkuntza eta kultura ezberdinen amalgama honetan beti egon dira borrokak botereagatik. Gainera atzerriko eskusartzeek egoera nahasi besterik ez dute egin.

Sobietarrek ez zuten kontutan hartu konposaketa heterogeneo hau eta horrek bere porrota suposatu zuen 1992an. Britainiarrek ere bi guda izan zituzten bertan XIX. mendean zehar eta bietan emaitza bera izan zuten: porrota. Bere garaian munduko potentzia izan ziren bi hauek mendian galduta bizi diren artzain batzuek garaitu zituzten eta AEB oraingo honetan berdinetan egongo dela ematen du.

Gasbideen kontua

Gasbideen kontua aspalditik datorren zerbait da. 1994an Carlos Bulgheroni argentinarrak hasi zituen lehen kontaktuak egun agintean zegoen Rabbani gobernu Muyahidinaren buruarekin. Bulgheroni jauna Bridas petrolio konpainiaren buru zen eta bere egitasmoa Turkmenistanen zeuden Kaspiar itsasoko gas eta petrolio erreserbak esportatzeko hodiak eraikitzea zen.

Horretarako 1400kmko hodi batzuk eraikiko zituen Turkmenistanetik Afganistan hegoaldeko mugara eta hortik Pakistaneko kostaldera, Karachiko portura. Baina Unocal enpresa Ipar Amerikarrak aurrea hartu zion Turkmenistaneko gobernuari gehiago interesatzen zitzaion itun bat eskainiz. Gainera Afganistaneko gobernuak ere mesedegarriago ikusi zuen negozio berri hau. Beraz Argentinarrak kanpoan gelditu ziren eta AEBtako Unocal konpainiak bereganatu zuen ekimena.

Enpresa honen egitasmoak helburu hirukoitza zeukan: Alde batetik Turkmenistan eta Asia erdialdeko Errepublika Sobietar oiek zituzten erreserben esportazioak kontrolatuko zituen. Puntu honetan komeni da adieraztea Azerbaijan, Kazajistán, Turkmenistan eta Uzbekistan batera, 115 mila miloi petrolio upel eta 11 trilioi gas metro kubiko dituztela; munduko hirugarren gune garrantzitsuena eratuz. Beste alde batetik, Errusiak historikoki lehengai hauen jabetza izan du. SESB erori eta gero Gazpron enpresak hartu zituen lurralde honetako erreserben monopolioa, gero Europako bezeroei saltzeko. Baina prezioak eta itunak ez ziren bat ere mesedegarriak herrialde hornitzaileentzat. Horrek AEBen proiektuari ireki zizkion ateak. Gainera Txina ere jokoan sartzeko ahaleginetan zegoen, Asia erdialdea Txinarekin lotuko zituen gasbide berri bat eraikitzeko ahaleginetan zegoen eta.   Hirugarren helburua Iranen isolamendua zen. Teheraneko gobernua hidrokarburoen jokotik kanpo uzten baitzuen egitasmo honek.

Gas eta petrolio bideak kontrolatzearen helburua, Asian azaleratzen dauden potentziak hornituko dituen erregaien monopolioa da. AEB eta Europako enpresek India eta Txina bezalako herrialdeak hornituko zituzten, honek suposatzen duen irabazi  ederrekin. Bide errentagarriena Afganistanetik pasatzen zen honako ezaugarriengatik: Errusiaren kontrolpetik ihes egiten zuen, Kaukasoko errepublika ezegonkorrak alde batera uzten zituen eta Iran baztertuta geldituko zen. Gainera bertatik garraiatuko zen erregaien %50 India eta Pakistanek erosiko zioten enpresa Ipar Amerikarrari.

Egitasmo honen lehen pausoak 1994an hasi zirenetik atzeraldiak jarraituak izan dira herrialde hauetako egoera ezegonkorraren eta herrialdeen adostasun ezagatik.

1996an Talibanek botera hartu zuten 7 urteko guda zibil bati amaiera emanez eta gasbidearen proiektua bertan bera utziz; 1998an Bill Clintonen gobernuak herrialdea bonbardatu zuen eta 2001eko irailaren 11 osteko gerrak egoera ezegonkorra etengabea izatea ekarri du.  Baina 2001ean Afganistanen inbasioa burutzean egoerari buelta eman zitzaion.

Milaka soldaduren babesarekin egitasmoa posible bihurtu zuten. Horrela 33 mila milioi gas metro kubiko garraiatuko zituen 1735kmko gasbideak libre zeukan Turkmenistanetik Pakistaneko itsasora bidea. Inbertsioa AEB, Erresuma Batua eta Kanadako enpresek egin zuten eta 7,6 mila milioi dolar ingurukoa izan zen.

Emaitzak

Irakeko gerrarekin konparatzen badugu arrazoiak oso antzerakoak izan zirela antzeman daiteke. Herrialde biek zuten hidrokarburoen jokoan garrantzi handia; Iraken kasuan petrolioa eta Afganistanen Gas-bideak eta bertako gas erreserbak ere (oso garrantzitsuak ez izan arren). Gainera lurralde honek garrantzia handia bereganatu zuen SESB erortzean eta bertan kontrol eta eragin estrategiko bat izatea ezinbestea bilakatu bai zen AEB eta bere aliatuentzat, Iranen eta Errusiaren aurrean nagusitasuna mantendu nahi bazuten behitzat, Asia erdialdean.

Beraz 2001eko indarrez sartze hark interes ekonomiko eta estrategikoei erantzuten zien, nahiz eta terrorismoaren aurkako gerran bezala mozorrotu. Harritzekoa da, Iraken kasuarekin konparatzen bada, guda biek izan zuten eragina iritzi publikoan. Irakeko gudan aitzakiak nahiko bigunak izan ziren; inork ez zuen sinetsi suntsipen masiboko armen aitzakia, bai ordea genekien petrolioaren ustiaketa zela arrazoia. Afganistanen aldiz, 2001eko irailaren 11an gertatutako atentatu odoltsuen emaitza izan zen. Gasaren eta kontrol estrategikoaren arrazoiak oso gutxitan azaldu bai dira.

Hala ere hamar urte igaro dira inbasioa burutu zenetik eta badirudi AEBk eta bere aliatuek, aurretik Sobietarrek eta Erresuma Batuak egin zituzten hutsegite berdina egin dutela: Afganiarrak gutxietsi dituzte eta beren armada erraldoi-teknologikoa, mendietako artzain batzuengatik izan da garaitua. David eta Goliaten arteko lehia honetan ere lehena gailenduko dela ematen du, izan ere Obama presidenteak aurreko agintariak sartutako zulo horretatik ahaleginetan dirau eta 2014rako koalizioaren topak bertatik aterako zituela hitza eman zuen. Talibanek aldiz hor jarraitzen dute mendian galduta, baina koalizioko tropei aurre eginez eta hauen erresistentzia azken urte hauetan indartu besterik ez dela egin esango nuke nik.

2001. urtean 12 hildako izan zituzten koalizioko tropek. 2005ean 131. eta esponentzialki igotzen joan da hildakoen kopurua 2011 urtean 513 hildakora iritsi arte.

Egile honen iritziz Afganistaneko gudak gehiago erantzuten zien interes estrategiko eta komertzialei, terrorismoarekin bukatzeko nahiari baino. Asia erdialdean milaka soldadu eta base militar garrantzitsuak izateak eta bertako erregai erreserbak Errusiaren monopoliotik kanpo uzteko nahia izan zen Afganistaneko guda. Baina askotan gertatzen den bezala beste mozorro bat jarri zitzaion.

Agian asko esatea izan daiteke baina nire ustez AEBk Al Qaedaren erasoaren zain zeuden erregaien kontrolagatik guda hau hasteko eta nire iritzia bi gertakizun esanguratsuetan oinarritzen dut: lehena eta orain arte azaldu dudana, hidrokarburoen kontrola eta bigarrena oso deigarria dena baita, erantzunaren bizkortasuna da. Guda hau piztu zuten atentatuak irailaren 11an izan ziren eta “Bake Iraunkor Operazioa” urriaren 7an hasi zen, 26 egun beranduago. Niri oso egun gutxi iruditzen zaizkit guda bat prestatzeko.

Hamar urte igaro dira 2001eko urriaren 7an “Bake Iraunkorra Operazioa” hasi zenetik eta egoera asko aldatu bada ez da onerako izan. Ezta inondik ere. Drogen eta armen trafikoa herrialdearen diru-iturri nagusia izaten jarraitzen dute. AEBk eta bere aliatuek ezarritako gobernua zeharo dago usteldua eta herria baztertuta gelditu da beste behin ere gerra jauntxoen eta korporazio multinazionalen mesedetara jartzeko.