Adi: Irakurri oharra informazioa kontsumitu aurretik

Proposamena burutsua da: Prentsako artikuluei pegatina bat erantsi informazioaren gabeziez ohartaraziz. Tom Scott-ek zabaldu du ideia, eta euskaraz ere aurki daitezke pegatinak.

(goiko irudikoak ausaz aukeratutako adibideak dira)

Ohartarazteko sortu dituzte. Kazetarien pekatuak agerian uzteko pegatina batzuk dira.  “Adi” diote, eta azalpen motz batean esaten digute artikuluak duen hutsunea.

  • Wikipediatik jasotako eta egiaztatu gabeko informazioa dauka artikulu honek.
  • Adierazpen anonimo eta egiaztatu gabea da artikulu honen oinarria
  • Pertsona honekin elkarrizketa gehiago ziurtatzearren, ez diote funtsezko ezer galdetu.
  • Epemugara iristearren, artikulu hau beste egunkari batetik kopiatu dute.
  • Kazetaria bere iritzia ezkutatzen dabil, honelako esaldiekin: “Batzuen ustez…”
  • Artikulu honetako mediku-baieztapenak egiaztatzeko ez da beste ikerketarik egin.
  • Artikulu hau, kopiatu-itsatsitako prentsa ohar bat baino ez da.
  • Artikulu honetako datu, galdeketa eta emaitzak, diruz lagundu ditu enpresa batek.
  • Txiribitonek idatzi ditu artikulu honetako edukiak.
  • Kazetariak ez daki zertaz ari den idazten.

Pegatinen itxura:

Kazetarien arrantza

Arrantzaleak ederki asko bereizten ditu arrain freskoa eta usteltzear dagoena. Begi-ninien distira, gorputzaren sendotasuna, barneko kolorea… Kazetaritzan ere horrelako antzeko zer edo zer gertatzen da. Kazetariak dira informazio ustela arinen antzematen dutenak. Iturriak zeintzuk diren, gaia testuinguruan jartzen den, datuak dauden…

Arrainarekin bezala, informazioarekin ere kontsumitzaileek adi egon behar dute. Ez diezaietela behintzat txatarra saldu urrearen prezioan. Iruzurrik egon ez dadin kazetarien profesionaltasuna aldarrikatu behar da, baina, batez ere, lan profesionala egin behar da.

BAINA, egia da, bestalde, arrantza tresnak menperatzen ez dituzten kazetariak daudela erredakzioetan. Eta, horrez gain, izango dira ziurrenik erredakzioak non arrantzan egin beharrean, arraunean igarotzen dituzten orduak. Arrantzarako indar askorik ez da gelditzen. Horregatik, arrainak ez ezik, algak, hondarra eta moluskuak heltzen dira kioskoetara; galbahe egokia ezin pasata.

Etiketa hauen ideiak komunikazioaren muineko galdera batera garamatza:

  • Prentsa irakurleak jabetzen dira kontsumitzen dituzten edukien ekoizpen prozesuez? 

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Adi: Irakurri oharra informazioa kontsumitu aurretik”-ri buruz

  • Luis Mendizabal 2012-02-22 17:45

    Gure inguruko komunikabidetako edukietan – informazio,erreportai,elkarrizketa, etabar – publikatu aurretik, norbait hasiko balitz etiketa hoiek ganoraz jartzen apenas geratuko lirateke edukirik aske.Bata ez bada, bestea hurbil izango luke. Eta hiru edo lau etiketa dituztenak, asko …
    Baina, nork erosi edo irakurriko luke etiketez estalitako komunikabide hori?
    Iñakik dioen modura, irakurle/entzule/ikusleak ez dira kezkatzen edo arduratzen aurrean duten “informazioaren” ekoizpen prozesuaz. Edo ez dute jakin nahi izaten, bestela, zein itxaropenekin jarraitu egunari ADi ADI ADI ADIz ingurutatuta bazaude?
    Beti pentsatu izan dut: gure hezkuntzan ez dizkigute erakusten trebezi beharrezkoenak: elikadura – zer eta nola jan – eta bonbardeatzen gaituzten propagandatik defenditzen.

  • Iñaki Larrañaga 2012-02-22 20:07

    Nik ere hala uste dut. Informazioaren eta komunikazioaren aro honetan ez gara “propagandaz” defenditzeko eta hedabideekiko irizpide kritikoa izateko gai. Ez digute halakorik inon erakutsi behintzat. Halere, badakit, nutrizionistak, biologoak eta musikariak ere pentsatuko duela haren alorra dela garrantzitsuena eta hura irakatsi behar dela. Baina, nork ukatuko du hedabideek norbanakoan eta gizartean duten eragin itzela? Komunikazioaren monopolioa izatea boterea da.