Abortua? «Indiscutible»

Abortua? «Indiscutible» –

Abortua? «Indiscutible»

Iragan den otsailaren 16an, goizez lanera autoz nindoala, Radio Nacional de España (RNE) kateko tertulia entzuten aritu nintzen. Hizlari batek –izena ez dut gogoratu nahi– konbentzimendu osoz esan zuen: Creo que muchos que hasta van a misa entenderán que el aborto es un derecho indiscutible. Tertulia, Espainiako Alderdi Popularrak abortuaren inguruan izandako jarrera aldakorrari buruzkoa izan zen.

Indiscutible. Eztabaidaezina. Gogoratu nuen pasa den urteko abenduan tokiko irrati batekin izandako Twitter-afera –2018tik nenbilen hilean behin bere uhinetan hizlari–. Abortuaren kontrako mezua plazaratu nuen nik, eta txiolari lelo batek –izenik ezin gogoratu, egiazkorik ez baitzuen– iraindu egin ninduen, nire hizlari jarduna aurpegiratuz (ene Twitter bio-an jartzen zuen).

Errespetuz proposatu nion irratiarekin kontaktatu zezala, eta gustura egingo nuela tertulia berarekin, ia nork irabazi –izan ere, maiz eskatzen didate bertokoek gaiak eskaintzeko–. Babo hura isiltzea ez zen niretzat sorpresa izan, baina bai irrati hark bidali zidan erantzun pribatua: abortuari buruz ez zutela inoiz tertuliarik egingo, oinarrizko eskubidea (?) delako. Derecho indiscutible.

Hedabideak aske dira euren lerro editoriala nahi bezala lantzeko, baina irrati horrek uhinak astintzea du xede. Sistemari kaña eman nahi zaio, printzipioak debatitu, dogmak hautsi… Baina batzuk ezin ukitu. Ordutik ez naute gehiago deitu, eta nire ‘errua’ dela badakit: ofizialismoaren dogma ukitu dut. Zigortuta nago.

Dogma, oinarrizko egiatzat hartzen edo ezartzen den baieztapena dela diosku Harluxet hiztegi entziklopedikoak (2023), ezin eztabaida edo zalantzan jar daitekeena. Dotrina erlijioso edo filosofikora mugatzen da definizioa, baina nik jada idatzi dut medio honetan abortua zergatik den dogma, batez ere egungo feminismoarentzat.* Dogmok hautsi edo sikiera debatitzea nahi dugunoi geroz eta espazio urriagoa utzi behar digute, XXI. mende honetan.

Okerrena? Tokiko irrati hark eta RNEk ziria sartu digutela. Abortua eztabaidaezina bada, ez da ulertzen estatu demokratikoen parlamentu eta auzitegietan etengabeko eztabaidagai izatea –Ameriketako Estatu Batuen Auzitegi Gorenean kasu (2022) edo Gaztela eta Leongo Erkidegoan, aurten (azken honi autonomia kentzeko zigorrarekin eta guzti meatsu egin dio Espainiako Gobernuak)–.

Eta eskubidea dela? Nazio Batuen Erakundearen 1948ko Eskubide Humanoen Deklarazioan ez da aipatzen ere. Alta, all children, whether born in or out of wedlock, shall enjoy the same social protection, hori bai esaten dela (25.2 artikulua), eta abortuak badauka eugenesi aspektu lotsagarri bat, zoritxarrez.*

Bestalde, NBEren peko Munduko Osasun Erakundeak (WHO, ingelesez) 2020an eskatu zuen abortuari bidea uzteko, ensuring access to contraception, abortion to the full extent allowed by law (Maintaining Essential Health Services, 2020ko ekainak 1, 27. or.). Izurrite testuinguruan argitaratu zuen gomendio liburuxka, bere pandemiaren kontrako arauak polemiko baino polemikoagoak zirenean, ez baitira gutxi WHOri erakunde politiko eta ez sanitario izatea leporatu diotenak (Euskal Herrian ere bai).

Bidenabar, bitxia da NBEri hainbeste autoritate ematea, gerra-garai bete-betean inor eteteko gauza ez dela, AEB gidari. Eta gure Europar Batasunean, amerikanoen arreba txiki? Bere Oinarrizko Eskubideen Kartan sartu nahi du abortua, pasa den urteko udaratik hona, bere parlamentuan oposizio gogorra duela. Polonia edo Hungaria bezalako lurraldeetan ez du oraindik lortu, eta pandemia-ondorengo funtsekin zigortu (doktrinatu) behar ditu lurraldeok. Pase foral delakorik, ez eurentzat.

Ez dut beraz ikusten abortuaren inguruko eztabaida eteteko inolako arrazoi objektibo edo moralik, orain arte aipatutako erakundeei edo feminismo aktibistari izan dakiekeen sinpatia ez bada. Edota Sobiet Batasunaren nostalgia, akaso.

Areago debatitzen ausartzen garenoi isilpearen sutara bota nahi gaituzten inkisidoreen jarrera ikusita, espazio (eta uhin) publikoan plazaratzen dena euren filtrotik pasa behar dela uste dutenak, hori bai Eskubide Humanoen kontra (18 eta 19. artikuluak), alajaina! EHn hainbat biderrez entzuten dugun leloarekin erantzun beharko, orduan. Ez! Ez gara isilduko.

[* Cfr.: zuzeu.eus/euskal-herria/askabidearen-etsai]

Abortua? «Indiscutible»

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"

12 pentsamendu “Abortua? «Indiscutible»”-ri buruz

  • Erabat ados zurekin, Aitor. Abortua, basakaeria hori, eztabaidagarria da, bai horixe, eta hain zuzen ere eztabaidagarria delako ez da inoiz izango “oinarrizko eskubide” bat, herrialde batzuetan legezkoa izan arren.

  • Zuzentasun politikoaren diktadura berri honi kiratsa dario. Frankismoaren zentsuraren parekoa, baina aurrerakoitasunez jantzia.

  • Emakumea da bere buruaren jabe. Hori eztabaidaezina da. Jakina, abortuaren kontrakoak feminizidioa erabili dute kultura guztietan, begiratu Txina. Eta zer kontu bitxia, lehengo familia, ez aberatsetan, nor bere herrian aberats Edo jauntxo ziren horietan, pare bat seme-alaba izaten zituzten, edo hiru. Herri xeheak hamar Edo hamaika. Ostiajale horiek nola egiten zuten?

  • Amonamantangorri 2023-02-21 03:19

    “… espazio (eta uhin) publikoan plazaratzen dena euren filtrotik pasa behar dela uste dutenak, hori bai Eskubide Humanoen kontra (18 eta 19. artikuluak), alajaina!”.

    “18. atala. Pertsona orok pentsamendu-kontzientzi eta erlijio-askatasunerako eskubidea du; eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko askatasuna eta baita norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean, jendaurrean edo pribatuan irakaskuntzaz, ihardueraz, kultuz eta aginduak gordez azaltzeko askatasuna ere”.

    “19. atala. Gizabanako guztiek dute eritzi-eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinismena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren eritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta eritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa”.

    Bo, argi ikus daiteke, hedabide batek gai baten eztabaida konkretu bati betoa jartzea ez dela giza eskubideen kontrakoa. Halaber, Twitter, Facebook, Instagram eta Zuzeu bezalako erraldoiek, noizean behin, erabiltzaile baten argitalpen bat zentsuratzea ez da adierazpen askatasunaren ezer. Alderantziz, hedabidearen eskubidea da.

    Martxelo Otamendi eta Jose Mari Satrustegi, edota bateko eta besteko talde armatuen jomuga izan diren pertsonak, horiek bai sufritu dute erasorik beren askatasun eta libertateetan.

    Nahiz eta inondik ere ados ez egon, niri mirestekoa iruditzen zait Aitor Gastañetak gaur egun aski popularra ez den iritzi hori defendatzea, datozkiokeen ondorio profesionalak bost ajolata. Baina, faborez, gero negar-zotinik ez.

    Abortua eugenesia, dogma? Herrialde garatu gehienek daukate, oinarrizko zerbitzu sanitario eta soziala dela ulertu delako. Besteak beste, langile mugimenduko erakundeetatik jaiotako eskakizuna izan zen. Biktimarik gabeko delituen multzoan dago.

    Zeuok ikusi zeren alde zaudeten: aborto legal kondizio seguruetan, ala estatistikak haztea aborto klandestinoetan hildako emakumeez, hainbat infantizidio zenbatzea urterik urte, eta inklusak itzultzea.

    Ulertzekoa da gestazioak aurrera egin ahala dilema etikoak handitzea. Horregatik, logikoa da epe arrazoizko eta zentzuzko batzuk ezartzea. Badaude. Eta %99,99an haurdunaldia epe horien barnean eteten da.

    Dena dela, hi lasai, Aitor, heu ez haiz eta sekulan ere halako atakan egongo; ez duk inoiz batere hitzik edukiko emakume batek abortatu behar duen ala ez erabakitzeko unean.

  • Mantangorri, batzuoi interesatzen zaizunean pribatuak badu garrantzia, eta bai, egia da, erakunde pribatu batek aukera dauka nahi dituen ideiak eta iritziak zentsuratzeko (zeure buruari galdetu beharko zeinioke zergatik erakunde boteretsu horiek egiten duten ideia ezkertiar progreen alde eta eskuindar kontserbadoreak zentsuratzen dituzten), baina ez dut uste bidezkoa denik (ezta legezkoa ere) norbaitek bere iritziengatik “ondorio profesionalak” nozitzea; beraz, “faborez, gero negar-zotinik ez” diozunean eta ondorio profesionalak izatea justifikatzen duzunean oinarri-oinarrizko eskubide baten aurka egiten ari zara.

  • Zure galdera aintzat hartuta, Aitor, hara zeini ematen dieten dirua enpresa handi-handiek:
    https://www.businessinsider.com/amazon-cola-walmart-donate-anti-abortion-political-committee-roe-wade-2022-5
    https://www.opensecrets.org/news/2022/07/corporate-pacs-contributed-over-a-million-dollars-to-lawmakers-who-opposed-abortion-rights-bill/
    Adierazpen publikoak gauza bat dira, dirua ematea bestea.
    https://msmagazine.com/2022/07/20/dark-money-abortion-bans-corporations-business-amazon-att/
    https://www.business-humanrights.org/en/latest-news/companies-like-att-and-unitedhealth-donated-over-100000-to-the-texas-lawmakers-behind-its-new-abortion-law/
    Narratiba edo errelatoa zer den. Azterketa serioa egiteko ordea, dirua jarraitu behar da, ez hitzaldiak. Eta enpresa handien, superPAC funtsen eta mega-aberatsen dirua argi dago nora doan.
    Hemen duzu abortuaren aldeko donazio handienen zerrenda. Sorpresa! Lehen 20 emaileetan ez dago enpresa handi horietako bakar bat.
    https://www.opensecrets.org/industries/contrib.php?cycle=2022&ind=q15

    Dena den, Aitorren analisiaren okerra ez da hori. Hemen ekibalentzia egiten dugu: demokratak=ezkerra, errepublikanoak=eskuina. Eta hori okerra da. Horrela, yankilandian errepublikanoentzat prestatzen diren diskurtsoak europara ekartzen dituztenean, huts egiten dute. Errepublikano yanki batek esan dezake Kentucky-n “big-money” delakoa aurka duela, eskuindar europar batek gauza bera esaten duenean irrigarria da.

  • Zorionez, irraiti horretan ez nuen lanik egiten. Borondatez egiten nuen berba bertan, hemen idazten dudan bezala, euskaraz edukia sortze aldera. Ez du beraz ondorio profesionalik izan, nahiz eta argi utzi duzun ondo iruditzen zaizula inor lanpostutik botatzea korporazioaren iritzia partekatzen ez duelako. Aurrerakoia oso.

    Oso kontuz abortua emakumeen eskubide dela esatearekin; Legez, gai horren inguruan “ama” kategoriak ez dugu jada balio; “pertsona haurduna” da. Haurdunek ez dute behar nire iritzia euren barrunbekoa erailtzeko, baina gune hau askea denez, berorren kontra nagoela azaltzeko eskubidea badudala iruditu zait, 18-19 artikulu horiek eskutan.

    Baten batek ere esan du hemendik txiro eta aberatsen (ostiajaleen) borroka dela abortua. Jakina; haurra txiroa (edo gaixoa) bada, hobe jaio ez dadila. Oso eskuzabala ere bai.

  • Ba ote, ez dakit ikusi zenuen orrialde honetan bertan plazaratu zen Adrian Zelaiaren bideoa. Berak ere argi ikusten du, eta oso itsu egon behar da horri ez erreparatzeko: Estatu Batuetako alderdi demokratak, Wall Streetek eta korporazio globalitario handiek (horien artean sare sozial nagusiak eta entretenimendua kontrolatzen duten enpresek), nazioarteko erakunde nagusiek (ONU, OME, UNESCO, DAVOSeko Foroak, Europar Batasunak…), bat egiten dute ezkerraren eta ustezko eskuin jakin baten wokismoarekin, mendebaldeko kultura eta gizartea suntsitzea (zer sortzeko?) beste helbururik ez duten ideologiak sustatuz: feminismoa (eroa eta zentzugabea, 3. belaunaldikoa), genero-ideologia, transexualismoa (oso inportantea, antza, haurren artean sustatzea), arrazialismoa (zenbati eta zatitutago gizarte bat, hainbat eta hobe), klimatismoa (alarmismo klimatikoa, klase ertainak suntsitzeko gerra-ekonomia moduko bat ezarriz), beganismoa (diktadura beganoa), abortismoa (antinatalismoa), animalismoa (animaliei giza izaera erantsiz, gizakiei kentzen zaien bitartean), migrazionismoa (gizarte kohesionatuak egonkorregiak dira, sendoegiak, haien planak besterik gabe irentsi ahal izateko)… Horiek guztiak inposatu ahal izateko, askatasunekin amaitu behar da, eta adierazpen-askatasuna da horien artean garrantzitsuenetako bat.

  • Amonamantangorri 2023-02-22 14:28

    “… nahiz eta argi utzi duzun ondo iruditzen zaizula inor lanpostutik botatzea korporazioaren iritzia partekatzen ez duelako. Aurrerakoia oso”.

    Ez da niri gaizki edo ongi iruditzea, baizik gauzak nola diren.

    Behin kazetari batek erantzun omen zion Noam Chomskyri: “Ba nik nahi dudana esateko askatasuna daukat lan egiten dudan medioan”. Chomskyk erantzun: “Dituzun iritziak ez bazenitu, ezin izanen zenukeen medio honetan lan egin”.

    “Prentsa askatasuna da, soilik, inprentako nagusiaren askatasuna” esan zion Rafael Correak Ana Pastor kazetariari, hau TVEn zegoenean. Espainian gobernua aldatutakoan, Pastorri TVEn lana bukatu eta, TVEn hurrengo elkarrizketan Rafael Correak: “Non da Ana Pastor? Ja ez dagoela? Esan nion ba, prentsa askatasuna inprentako nagusiaren askatasuna dela!”.

    “… berorren kontra nagoela azaltzeko eskubidea badudala iruditu zait, 18-19 artikulu horiek eskutan”.

    Eta neronek, artikulu horiexek diotenagatik, eskubidea dut nonahi esateko “erail” aditzak soilik pentsamendu magiko-erlijiosoan eduki lezakeela oinarria, zeren ikuspegi biologiko eta medikotik ez baita giza hilketarik gertatzen, bederen ohiko aborto batean. Hori esan dezaketen bakarrak dira arima hilezkorrean, jainko abrahamikoan, jaiotza birjinalean eta halako kontuetan sinesten ahal duten pertsonak, zeinak argi eta garbi disonantzia kognitibo konstantean bizi baitira, txikitatik irakatsitako sineskerien eta gizon-emakume helduen arrazionalitatearen artean barne-borrokan.

    Badaukat hori esateko eskubidea, eta nola-hala kunplitzen da bizi garen estatuan. Beste kontua da ea neronek Diario de Navarran ibilbide profesional oparorik eduki ote dezakedan nire pentsaera gorabehera. Uste dut ezetz, ez baitakit behar denetan isilik egoten…

  • Agian hasieran diozun horregatik jende askok hedabide alternatiboetara goaz iritzia ematera. “Diario de Navarra” aipatzen duzunez, aski ondo ezagutuko duzu Oroz, eta bere iritzia, grafikoa, ez doa ia inoiz lerro editorialarekin bat. Baina argitaratzen diote… Zer bada?

    Chomskyk bidenabar 150 intelektualekin sinatu zuen manifestu bat 2020ko uztailean (Steinem, Atwood edo Rowling barne), non ustezko aurrerakoien zentsura garbiki kritikatzen zuen, zure laboralki zigortzeko tendentzia espresuki aipatuz. Oso ongi dago Chomsky erreferente hartzea, baina aspekturen bat edo beste tinteroan utzi duzu.

    Zure azken paragrafoa ere, oso mamitsua: “Hori esan dezaketen bakarrak dira arima hilezkorrean, jainko abrahamikoan, jaiotza birjinalean eta halako kontuetan sinesten ahal duten pertsonak, zeinak argi eta garbi disonantzia kognitibo konstantean bizi baitira”.

    Ez dakit zer esan nahi duzun disonantzia kognitiboarekin, baina Osasun erakundeek ez dute inoiz sinesmen erlijisioa euren manualetan jaso.

    Bada ordea beste disonantzia bat, genero disforia, DSM-5 eskuliburuan jasotzen dena, gaur arte eritasun bezala, non jendeak ez duen bere sexu biologikoarekin bat egiten, eta gaixotzen den.

    Orain, legez ez omen dago halakorik (gure legegileek ez dutelako sinisten), eta zientzian sinisten dutenek (DSM-5en, kasu), blasfemia praktikatzen dute (“gorroto diskurtsoa”, zera).

    Gauza bera Abortu Legeek beti gordetzen duten kontzientzi objekzioarekin, mediku jakinek ere disonantzia dutelako, antza (” ikuspegi biologiko eta medikotik ez baita giza hilketarik gertatzen”). Generoak ematen okertzen diren mediku berdinak izango dira, agian ere lana kendu beharko dieguna.

    Altsa dezala Galileok burua…

  • Amonamantangorri 2023-02-23 17:16

    “Diario de Navarra aipatzen duzunez, aski ondo ezagutuko duzu Oroz, eta bere iritzia, grafikoa, ez doa ia inoiz lerro editorialarekin bat. Baina argitaratzen diote… Zer bada?”

    Eta Forges El Paísen. Nola ba? Boterea arbitrarioa delako. Esaterako, egunkari potente baten jabegoak ematen duen boterea.

    “Chomskyk bidenabar 150 intelektualekin sinatu zuen manifestu bat 2020ko uztailean (Steinem, Atwood edo Rowling barne), non ustezko aurrerakoien zentsura garbiki kritikatzen zuen….”.

    Barkatu. Uste nian KOMUNIKAZIOAN doktorego bidean dagoen batek baduela aski talenturik bereizteko “zentsura” eta “kantzelazioa”. Herorri ibiltzen ahal haiz munduan barna gauza bera balira bezala, sinonimotzat hartzen. Inkluso esan dezakek Tastas Irratiak “zentsuratu” egin hauela. Baina zentsura jasaten duenak ederki bereizten ditik zentsura eta kantzelatzea.

    Adibidez, hire parte hartzearen plazera gozatu izan duen irrati libreak, akaso, bere irizpideen arabera erabaki dik heuri eta soilik heuri interesatzen zaiken gai bati buruz ez duela eztabaidarik sustatu nahi.

    Neroni ados egon naiteke arestiko erabaki horrekin. Aldiz, erabaki okerra izan zitekek, igual irrati horrexek “TERF” eta ni bezalako “transfoboak” ez gonbidatzea erabakitzen badik. Bueno ba, haiek erabaki ditek. Hala gertatuz gero, badituk beste irratiak eta beste hedabideak. Geurok ere sor zezakeagu bat.

    “Ez dakit zer esan nahi duzun disonantzia kognitiboarekin, baina Osasun erakundeek ez dute inoiz sinesmen erlijisioa euren manualetan jaso”.

    Kontsentsu zientifikoa falta da, baina ez lortzetik urrun. Bitartean, milioika lagunek bazekitek inor ezin litekeela heriotzetik biziberritu, baina hala ere mezatara zihoaztrk. Horra disonantzia kognitiboa.

    Edonola, aborto legal eta seguruaren kontrako jarrera soilik koordenada erlijiosoetan defendatzen duk. Oso konplikatua, argudio materialista eta laikoetatik defendatzea “ERAIL” moduko aditzak erabiliz.

  • Aitor Gastañeta 2023-02-23 20:13

    Oso ondo datorkit iruzkina gogoratzeko bio-a aldatu behar dudala; 2018tik nauk doktore. Eta oso ongi datorkit ere ilustratzeko zein argi existitzen den kantzelazio kultura, eta zentsuratik duen distantzia urria. Areago nola profil baten atzetik bere izen-abizenak, argazkia eta kargua publikoki erakusteko gauza ez denak beste inori lezioak ematen ausartzen den armarri faltsuaren atzetik, kontrako iritzien isiltzea defendatzeko. Kantzelatuko hauten beldurrez, edo?

    Parametro erlijiosoak ez ditut artikuluan aipatu, baina asko interesatzen zaizkizunez, iruditzen zait unibertsoa sortu duen intelijentzia goren batean sinistea askoz zentzu gehiago daukala Lia Thomas andre bat dela sinistea baino. Edo bere amaren barruan dagoenaren bizitza-duintasuna boto kopuru batek (zenbaki batek) erabaki dezakeela zilegi dela.

    Kontsentsu zabala zegoren AEBtan beltzen pertsona-duintasunaren inguruan (zuriak baino urriagoa, eskubideak izateko zuria izan behar zinelako), eta inori ez litzaioke gaur bururatuko alderantzizkoa esatea. Ados egoteak ez du egia determinatzen, eta egiaren bila dabilenen eztabaida indarrez eteten duena totalitarioa da, dela medio oso bat edo pertsona bakar batek.

    Ez daukak inkestarik (eta hala bada, hemendik bota) kontzientziaz aborturik praktikatzen ez duten medikuak sinistunak direla esateko, eta hain justu EHko mugimendu feministek bertoko % 80tik gorako abortuak sare pribatuan egiten direla salatzen ditek. EHUko Medikuntza Fakultatean Jesukristoz hitz egiten al diete? Nola da posible EHko Medikuntza Fakultaterik eraginkor eta prestigiotsuena katoliko bat izatea, Nafarroan, non antropologia kristaua derrigorrezko ikasgaia den? Ez dakit elkarrizketa hau serioegia ote den…