Askabide(a)ren etsai

Askabide(a)ren etsai –

Donostiako Askabide Klinikaren aurrean gertatutako kontzentrazioaz bi aste pasata – amorruaren birusa apaltzeko adina –, eta Espainian Abortu Lege berria martxan, une egokia iruditzen zait maiatzaren 7ko gertakari hura berriz eta gertutik aztertzeko.

Askabide(a)ren etsai

Gogoratze aldera, Rezar no es Delito [Otoiztea ez da Delitu] plataforma katolikoak deialdia egin zuen Askabideren aurrean kontzentratzeko, abortuaren aurkako prozesioan. Horren kontra, hainbat talde feministek – Amara eta Morlansekoa, Intziri, Plazandreok, Donostiako Bilgune Feminista eta Groseko Asanblada Feminista – kontra-kontzentraziora deitu zuten lehenengoak uxatzeko, azkenik lortu zutena; Rezar-ekoak ez ziren atera, ez baitzuten baimenik lortu, eta feminismoak arrakasta gisa hartu zuen.

Eta zergatik Askabide? Interneten bere zerbitzuak ikuskatuz, argi ikus daiteke klinika polibalentea dela, Donostian eta Gasteizen pribatuki jarduten duena, ñabardura batekin: euren berezitasuna legezko abortua da, Facebook orrian – gazteleraz soilik – dioten bezala. Webgunera joz – erdalduna ere bai –, abortuari dagokion tokian argi dio 14. astera arte praktika dezaketela abortua, hots: fetua guztiz antropomorfoa denean, eta Klinikak berak Facebooken dioenez (2014/09/05), maskulinoa bada erekzioak izateko gauza ere badenean, masturbatzea barne.

Zalantzarik gabe fetu hori humanoa da, guztiz sortua ez badago ere. Hori bai: Askabidek egiten duena guztiz legezkoa da, eta horri eusten dio bere jardunbide etikoa azaltzeko. Argudio hauskorra, izan ere, inon zalantzan jartzen bada legea eta etika ez datozela beti bat, hori da Euskal Herria, areago Gipuzkoan. Bitxiki, abortuaren debate publikoak ez du kontra-argudiorik onartzen: legea bete behar da, Espainiatik etorri bada ere.

Datu gehigarri moduan, jakin behar da Espainiak fetuari ematen dizkion 14 grazia-aste horiek – lau bat hilabete –, Kolonbian 24ra ere heldu direla, hots, haurdunaldi erdia. Inor ezagutzen dut sei-zazpi hilabeterekin jaio zena, baina feminismo militanteak ez ziokeen aparteko eskubiderik emango, orduan oraindik ez baitzen pertsona…

Argi utzi nahi dut ezinezkoa zaidala Rezar no es Delito-ren jarrerak apur bat sikiera ere defendatzea, eta ez otoiztearen kontra ezer daukadalako, baizik eta noiz edo noiz kliniketara doazenak jazarri dituztelako. Pertsonalki ere euren prozedurak baldar xamarrak iruditzen zaizkit; bakarrik euren janzkera, instrumentu eta mezuei begira, baten batek lotsa apur bat senti dezake.

Halere, inoiz ez dut ulertu hirugarren belaunaldiko feminismoak abortuarekin duen obsesioa, aurreko lerroetatik argi xamar baitago fetua humano dela – bere antza eta masturbazio kemenak ez du zalantza handirik sortzen –. Abortura motibatzen dituzten irizpide ohikoenak, plaza publikoan oso sonatuak, izugarriak dira: bortxaketa ez bada – Rajoy presidentearen garaiko ‘Gallardón Legeak’ egoera hori aurreikusten zuen, feminismoarentzat ez aski –, pobrezia aipatzen dizute; «nire seme-alaba baliabiderik gabe jaioko bada, edo gaixorik, hobe du ez jaiotzea».

Ernesto Rüdin doktorea, Auschwitzeko mediku izango zen Josef Mengele-ren erreferente, antzeko ideia sostengatu zuen bere garaian: norbaiten bizitzak ‘baliorik’ izango ez bazuen – ahul edo gaixoa zelako –, medikuak errukiz akabatu behar zuen. Eugenesiaren aita kontsideratzen zaio, Mengelek berak trebeziaz aplikatuko zuena abortuarekin batera, Argentinan iheslari behin Gerra amaituta.

Ez dakit beraz zergatik Rüdinen teoriak hain inspiratzaile diren gaur egungo askabide kultura honetan. Areago: bere webgunean, Klinikak ez du abortua gomendatzen azken baliabide gisa ez bada: Recomendamos a todas las mujeres que utilicen un método anticonceptivo acorde con las circunstancias actuales de su vida {…} para no quedarse embarazada si no lo desean (Askabide, Abortar en Guipúzcoa, 2021). Salbuespenezko neurriak arrakasta gisa hartzea ere oso bitxia da, ohiko edo normal bailiran.

Bada ere beste ezer amaitzeko, ideologiari begira normalegia ez dena: aurretik aipatu diren elkarte feministok euren buruak ezkertiartzat dituzte. Osasun eta hezkuntza publikoak bakarrik beharko lukete eurentzat, baina abortu legalak bide pribatutik egiten dira EAEn – % 95etik goiti, Terry Basterrak El Correo-n argitaratu bezala (2022/05/22) –. Osakidetzako zirujauen kontzientziak ez die Mengele izaten uzten, eta Askabide bera ere pribatua da.

Ekimen pribatua eta kapitalismoa ez al ziren gure etsai? Rüdinen printzipioa, desjabetu eta ahulak deuseztatzekoa, ez al da oligarken eugenesia? Benetan konbentzitu behar gaituzte pobreak jaio aurretik hiltzea etikoa dela, kapitalismoaren aurka borrokan?

Askabide(a)ren etsai Askabide(a)ren etsai Askabide(a)ren etsai

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"

4 pentsamendu “Askabide(a)ren etsai”-ri buruz

  • Aitor, eskerrik asko “bestelako” iritzi bat emateagatik. Arnasa har daiteke! Otoitz egiten zuten horien janzkeran erreparatu duzu, ez dakit nolako janzkeraz ari zaren, baina aurrean ziruztenen janzkerak ere ez ziren oso estetika gustu onekoak izango. Hori ziur, horretara ohituak gaituzte eta.

  • Erabat ados! Eskertzen da aniztasuna eta iritzi desberdinak plazaratzeko ausardia. Gai honen inguruan diskurtso bakarreko ahotsatik ihes egin eta berriak entzutea!

  • Antropomorfoa eta masturbatzen dena=gizakia
    Homo sapiens sapiens espeziearen deitura handiegi geratzen zaie batzuei…

  • Alpargatero 2022-05-27 14:42

    Artikulu ausarta eta txalogarria. Hala ere, iruditzen zait ekidistantziari amore eman diozula otoitz egiten zutenak kritikatuz. Nik ikusi ditudanetan ixilik egoten ziren, inor eragotzi gabe, eta klinikatik dezenteko tartea utzita.
    Argi dago botereak abortoa sustatzen duela, aurkakoak erabateko ixiltasunera kondenatuz. Eta, feministen totalitarismoaz, zer esan? Iritzi desberdinak ixilaraztea izugarrizko lorpena da haientzat.