69 enpresa eta 31 estatu = 100

69 enpresa eta 31 estatu

69 enpresa eta 31 estatuSarean gai baten inguruko ikerketak, beste baten bueltako azterketa txostenak eta dena delakoaren gaineko kritika sakonak topa daitezke, gehiegi guztiei gutxieneko arreta eskaini ahal izateko. Baina badaude datu, edota izenburu batzuk, beste guztiekin alderatuz gero nabarmentzen direnak. Adibidez, munduko hamar multinazional nagusiek 180 estatuk haina irabazi izan dituztela, tartean Irlanda, Israel, Hego Afrika, Vietnam, Kolonbia edota Irak.

Munduko 100 entitate boteretsuenen kluba horrela banatzen da: 69 enpresa eta 31 estatu. Iaz enpresak 63 ziren, beraz apurka nagusitasuna ari dira irabazten. Global Justice Now elkarteak kaleratu du informe hau irailaren erdialdean, eta bertan Volkswagen, Toyota, BP edota Apple bezalako enpresen irabaziak estatuen mozkinekin alderatzen dituzte. Horretarako baliatu dituzten iturriak: CIA agentziaren datu publikoak, baita Fortune atariarenak ere. Zerrenda osoa daukazue lotura honetan (“esteka jarraitu” klikatuz gero excel koadroa deskargatuko zaizue), nik lehenengo hogeiak jartzen dizkizuet hemen:

69 enpresa eta 31 estatu

 

Beraz, Walmart estatubatuarra da gehien irabazten ari den multinazionala, eta bere sarrerak Kanadako estatuaren eta espainiarraren artean daude. Almazen handiak dituzte munduan zehar, bi milioi langile dauzkate, eta planetako minorista handienak dira (ederra paradoxa). Gainera, enpresa familiarra da, oraindik ere Walton sendiak kontrolatzen baitu (2012an %48ko parte hartzearekin).  11.000 denda; 68 marka ezberdin; mundu osoan zehar barreiatuta.

Estatu espainiarra hamabigarrena da. Hamabigarrena, andre eta jaunok. Krisian gaude, murrizketak langileei, gerrikoa estutu beharrean gaude, pa-pa-pa. Makroekonomia lepo; mikroekonomia, langileon sakela alegiyeah, kaka zaharra.

254. postuan dago Sberbank multinazionala, zerrendako azken enpresa. Bere ondoren, 407 zenbakira iritsi arte, estatuak besterik ez daude. Ez dizkit eskemak hausten enpresa boteretsu batek Kiribati baino gehiago irabazten duela jakiteak. Baina Sberbanken atzetik daude Ukraina, Maroko, Vietnam, Uruguay, Kuba, Yemen… neurri eta biztanle kantitate esanguratsuak dauzkaten herrialdeak.

Nabarmendu nahiko nukeen beste datu bat “paradisu fiskalena” da. Egia da gehienak zerrendaren atzean daudela, baina oso toki esanguratsuetan normalean daukaten biztanle kopuru urria kontutan hartuta. Horrek agerian uzten du zenbait diru kantitate zikin mugitzen den lurralde horietara, eta noski, dakizuen bezala, ez da gerrikoa nahi ala ez nahi estuagoa daukagun langileona.

69 enpresa eta 31 estatu