500 egun daramatzate Afganistanen bahituta Frantziako bi kazetarik
500 egun daramatzate Afganistanen bahituta Frantziako bi kazetarik
Herve Ghesquiere eta Stephane Taponier 2009ko abenduaren 30ean harrapatu zituzten hiru laguntzaile afganiarrekin batera. Urte bat, lau hilabete eta hamalau egun igaro dira ordutik. Gobernarien promesak gorabehera, familiaren itxaropena agortzen ari da.
Afganistango Kapisa probintzian Talibanek bahitu zituztenetik 500 egun igaro eta gero Frantzian hainbat mobilizazio antolatu dituzte France 3ko bi kazetariei elkartasuna adierazi eta askatasuna eskatzeko. Samina eta ezinegonaren gainetik mobilizatzeko deia egin dute.
Sendiak linbo egoeran ikusten dute bahiketa
François Fillon lehen ministroak eta Michelle Alliot-Marie atzerri ministro ohiak “baikor” zirela esan zuten bahiketa burutu eta urte betera. “Negoziazioak aurrera doaz”, azaldu zuen Fillonek. Nahiz eta familiei isilpean mantentzeko eskatu zieten, egoeraren larritasunak eta informazio ezak egoera salatzera eraman ditu.
Taponierren anaiak Frantziako agintariengan konfiantza galdu du, eta, txarrena, “linbo egoeran” daudela onartu zuen. Ez aurrera, ez atzera, alegia, itxaropen zantzu bati ezin heldu. Iazko azarotik ez da kazetariak bizirik diren frogarik aurkeztu. Izan ere, azaroan bi gizonak ageri ziren bideoa argitaratu zen. Zurrumurruen arabera gabonetarako etxean behar zuten, ez zen hala gertatu, ordea, eta etsipena zabaldu zen.
Are gehiago, bahitzaileen aldetik etorritako berriak ez dira denborarekin baikortu. Baliteke Osama Bin Ladenen hilketak ere kalte egin izana.
Bitartean, Mugarik Gabeko Kazetariek (RSF) elkartasuna adierazteko mosaiko bat osatzeko kanpaina jarri zuten abian, argazki bidezko atxikipena da Frantziari eta Talibanei presio egiteko tresna. Horrez gain, kazetariak askatzeko komiteak sortutako webgunean informazio eguneratua eskaintzen dute.
Hemen bahiketaren inguruko kronika:
Frantziako telebistak bahiketa egin eta urtebetera zabaldutako spota:
Nere elkartasunik handiena erreportari izateagatik bakarrik, bahitu dituzten bi kazetari haueri, baina baita munduko hainbat eta hainbat lekuetan arrazoin ber-beragatik bahitu, torturatu, erail eta Reporters Sans Frontieres elkarteak beraien izenak ahantzi eta gertakariak salatzeari uko egiten dion kasu guzietako biktimei ere. Atzo Hondurasen erahil zuten Hector Francico eta inguru hartan estatu kolpea eman zutenetik erail dituzten beste 11 kazetarieri adibidez.
RSF-ek aipatu eta salatu ez arren, gertatzen direnak.