Zuzeneko musika, tabernak eta beste hainbat kontu
Roberto Moso eta Trapi Taberna. Txomin L. Aramaio eta Ondarroako Kafe Antzokia. Gotzon Barandiaran eta “Nola aldatzen diren gauzak, kamarada”.
Roberto Moso musikari, musikazale, kazetari eta blogariak apunte bat eskaini dio blogean berriki hildako lagun bati.Bilboko Trapi tabernako zerbitzaria zen Javi Bilbao eta, Robertok dioenaren arabera lege zaharreko tabernaria.
“Ondo aukeratutako musika, ondo botatako kañak, bakoitzaren tokia non dagoen ezagutzen duen parrokia…”
Javik musika gomendio mordoa egiten omen zituen eta horietako baten bideoa aukeratu, Tomasitorena, eta apuntean jarri du, omenaldi gisa.
Tabernak eta lokalak direla eta, egun hauetan itxi dute Ondarroako Kafe Antzokia eta bertako programatzaile izandako Txomin L. Aramaiori elkarrizketa egin diote Entzun aldizkarian.
Bilboko Kafe Antzokiarekin du/zuen lotura Ondarroakoak eta arazo ekonomikoak argudiatuta ixteko erabakia hartu dute. Aramaiok dio garai baten amaiera dela hau, baina espero duela proiektuak segida izatea.
Elkarrizketa irakurrita gogoratu nintzen Gotzon Barandiaranek Gaur 8n idatzitako analisi luze honekin: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Oso luzea da eta ez da nire asmoa laburbiltzea baina bai gauza batzuk aipatzea. Bide batez, artikuluan Gotzonek dio diskogintzaren industrian gertatzen ari diren aldaketei buruzko tesia ari dela prestatzen(oharra: Audience taldeko Gaizka ari da prestatzen, Gotzonek behean dioen bezala).
Sorkuntza ez dago krisian
Gotzonen azterketaren analisia horrela hasten da: “Euskarazko kultur sorkuntza ez dago krisian. Musikariak eten barik ari dira kantugintzan, formatu zeharo ezberdinetan. Kexu dira, ordea; ez dute diskoen berri nork eman, ezta kantugintzarako plazarik ere”.
%17,4 goaz musika emanaldietara Euskal Herrian
Jaurlaritzaren Euskal Kulturaren Behatokiak ezagutarazitako datuen arabera (kultura ohiturak, praktikak eta kontsumoa: musika, 2007-2008; pdf)
2.623.969 euskal herritarretik, %17,4k dio duela musika emanaldietara joateko ohitura
Ez joateko arrazoiei buruz galdeturik,
%41,4k gastu ekonomikoak aipatu zituen
%43,6k denborarik eza
%26,7ren iritziz, berriz, egun dugun musika eskaintza ez da nahikoa.
Euskal taldeak zuzenean
Euskal taldeen zuzeneko emanaldietan dagoen erantzun eskasaz kezkatuta, musikari, antolatzaile eta zaletuen artean galdezka ibili da Gotzon:
1.- Kultura kontsumitzeko modua aldatu egin da: Internetek aldatu du. Nola? Ez dago argi.
2.- Soziologikoki, hogei urteren aldean behinik behin, jendartean ez daude eragile berdinak (politikoak, sozialak…).
3.- Bertako taldeek duela hogei urteko babes publiko-pribatua galdu egin dute.
4.- Gaztetxe gehienek kontzertu gutxiago antolatu dituzte: “herri mugimenduekin lotutako musika munduan kontzertuekiko “zaletasuna” jaitsi egin dela”.
5.- Askok teknologia berriei leporatzen diete kontzertuen heriotza, hots, egungo gain-informazioak zuzeneko esperientzia debaluatu du.
6.-Kontzertuen prezioa, gidatu beharra versus alkohola. Bestalde, promoa aski egoki eta garaiz egin ez izanak eragin handia du.
7.- Kultur adierazpide honek balorea galdu du. Doakoa da, nonahi entzuten da, autobusean zein medikuarenean, erosten den mobil berrian opari dator…
8.- Zergatik BBK Livek halako arrakasta? Ez delako kontzertua. Jaia da, jendetza egongo dela ziurtatzen duena, musikaz jantzia, baina bestelako erakarpenez ere bai.
9.- Informazioa kapsuletan jasotzera ohituta gaude, eta nahikoa da kontzertu bateko bideo bi ikustea han zer gertatu den jakiteko.
10.- Kontsumoa guztiz jaitsi da. Kultura kontsumitzaile asko guraso dira eta beste gastu eta plan batzuk dituzte asteburuetan, gehienbat. Belaunaldi berrietakoek, 25 urtetik beherakoek, beste jai-giro mota desberdin bat dute, doan diren ikuskizunetara ere gazteak erakartzeko gero eta zailtasun handiagoak ditugu.
Erreferentzia falta sare sozialen garaian
“Gero eta medio berri gehiago egoteak euskal munduari eragin dion kalteak ere eragin zuzena du” dio Gotzonek. Bere garaian Euskadi Gaztea zuten erreferentzia, gutxi gorabehera.
Amaitzeko
Bukaera aldean dauden bi esaldi gehiago:
1.- “Emateko dagoen jendea behar du euskal kulturak, eta ez hainbeste eskatzeko dagoena
2.- “Bai, jende gutxiago agertzen da kontzertu ertainetan eta txikietan, eta gero eta gehiago diru publikoarekin finantzatutako jaialdi handi horietan. Baina hori da nahi dugun eredua? Hori da behar duguna?”
(Jatorrizkoa Harrikadak blogean)
Aspaldian Zuzeun irakurri dudan artikulurik onena.