Zure Botoa Gela Itxia Da, Eta Bakarrik Nik Daukat Bertan Sartzeko Giltza

Zure Botoa Gela Itxia Da, Eta Bakarrik Nik Daukat Bertan Sartzeko Giltza

Gaurko titulua 1972an Sergio Martinok zuzendutako film italiar baten tituluaren bertsioa da: Il tuo vizio è una stanza chiusa e solo io ne ho la chiave (Zure bizioa gela itxia da, eta bakarrik nik daukat bertan sartzeko giltza). Zenbait lagunek irri egiten didate, baina nik maite dut maite zinema italiarra, batez ere 60ko eta 70eko hamarkadetako Italiako genero zinema: spaghetti-a, giallo-a, poliziakoa, beldurrezkoa; eta maite dut maite zinema italiarra, titulu luzeak filmean zer dagoen izkutatzen ditanean, orduan hasten bainaiz izkutukoa, nire baitan titulu luze horiek pizten dituzten irudi miresgarriak ikusten. Maisuak baitziren italiarrak izenburuak asmatzen: Le colt cantarono la morte e fu tempo di massacro (Coltek heriotzari kantatu zioten, eta triskantzaren garaia izan zen) –Lucio Fulciren westerna, 1966koa–; Uomini si nasce poliziotti si muore (Gizaki sortu dena polizia hiltzen da) –Ruggero Deodatok 1976an filmaturiko pelikula bortitza–; edo L’assassino è costretto ad uccidere ancora (Hiltzailea behartua dago berriz ere erailtzera) –Luigi Cozziren gialloa, 1975ekoa–.

Alta, beharbada Italiako zinema hori ez litzaidake gustatu beharko, tenore hartan ohikoak baitziren Italian bertsioak, mozorropeko bigarren edo hirugarren parteak edo, zuzenean, plagioak edo sasi-plagioak. Mad max-ekin zinema post-apokaliptikoak arrakasta bazuen, orduan hasten ziren italiarrak desastre nuklear baten ondorengo munduan zebiltzan motorista barbaroen abenturak kontatzen; Steven Spielberg-en Marrazoa modan bazegoen, orduan Italian onddoak bezala sortzen ziren animalia erraldoien inguruko filmak, bi adibide aipatzearren.

Egia erran, nik ez dakit bertsioak gustuko ote ditudan. Aspalditik nire buruarekin dudan eztabaida da, eta, egia aitortze aldera, gehienetan, ezezkoaren aldera lerratzen naiz. Maiz, bertsioak jatorrizko lana baino aise eskasagoak izaten dira: Judas Priest musika taldeak, adibidez, ederki hondatu du Diamonds and rust erritmo biziko kanta, zahar-etxe bateko besta batean jotzeko moduko balada bihurtuz (halere, talde heavy-ek beren buruaren bertsio penagarri bilakatzeko joera handia dute; nire ustez, hobe litzateke musikariak berrogei edo berrogeita hamar urte bete baino lehen hilko balira –musikalki erran nahi baita, ez nahitaez literalki–). Baina ez da hori kontua, edo ez bakarrik hori: bertsioak alferkeriaren seinale iduritzen zaizkit, eta harrokeria puntu bat ere badute, jatorrizko bertsioa ongi dagoela baina pixka bat hobetu beharra bazuela aditzera emanen bagenu bezala. Nola azaldu, bertzenaz? Sarri sarri aditzen zuen bakoitzean, abesti horrek dantzarako sortzen duen gogoak edo urgentziak Ruper Ordorikari traba eginen balio bezala, eta horregatik inolaz ere dantzatu ezin den bertsioa egitea erabaki izan balu bezala. Munduak bertsio hori behar zuen? Zer onura unibertsal ekarri du ona zen artelan bat berriz ere –eta ez nahitaez hobeki– egiteak?, galdegin beharko genioke gure buruari bertsio baten aitzinean –ez bakarrik, bistan da, Ordorikaren Sarri sarriren bertsioaren aitzinean–.

Baina musikaren munduan sartuz –ezagutzen ez dudan lurralde batean sartuz, alegia– desbideratzen ari naiz. Zinemaren munduan remakea asmatu dute bertsioak –eta, azken buruan, plagioak– justifikatzeko. Egile eskubideak erosita, film bat planoz plano berregiten ahal da eta, detaile txiki batzuk aldatuta, film berritzat saldu.

Egia erran, ez dakit remakeak gustuko ditudan edo ez. Ez naiz remakeen kontrako talibana – Evil dead 80ko hamarkadako klasikoaren bertsioa ikusi nuen, baina, behin Koldo Izagirrek erran zuen bezala, aretotik alde egin nuen inork iritzia eskatu baino lehen–, baina jarrera hori –halako filma zoragarria zen; egin dezagun remakea– amorragarria gertatzen zait –zoragarria bazen, zertarako bertsioa?; zabal dezatela jatorrizkoa zinema aretoetan–. Eta are amorragarriagoa, publikoa tontotzat hartzen denean. Aspalditik, ohikoa izaten da Asian edo Europan arrakasta izan duten filmak hartu eta, bi edo hiru urteren buruan, AEBko ikusleendako remakea egitea. Japoniako The Grudge (Madarikazioa) beldurrezko pelikula izan zen kasurik deigarrienetarik: jatorrizko bertsioko zuzendariak eta aktore gehienek hartu zuten parte AEBn eginiko bertsioan ere; protagonistak, berriz, aktore amerikarrak ziren, eta istorioko zenbait lotura argitu egiten ziren bertsio berrian, ikuslearen lana errazte aldera. Remakearen itxurapean, bertsio normalagoa, onargarriagoa egin zuten AEBn, ikuslea alferra edo ergela –edo biak– delakoan. Eta filmak izan zuen arrakasta ikusita, asmatu egin zuten apustu hori egin zutenek.

Ez naiz bertsioen kontrako talibana, ezta jatorrizko bertsioaren defendatzaile sutsua ere. Zenbaitetan, jatorrizko produktura jo eta hau eskasa gertatzen da, ez da daukan famaren mailakoa.

Fite, hauteskundeak izanen ditugu Espainian, eta, hedaduraz, Hego Euskal Herrian. Badira hainbat alderdi berri –Nafarroan, gutienez bi alderdi txiki ditugu, Libertate nafarra eta Alderdi animalista, niri sekulako inbidia ematen didatenak: friki guziek aurkitzen dute beren gustuak norekin konpartitu, nik izan ezik–, baina bi dira naski nabarmenenak: Podemos eta Ciudadanos. Italiarrek ez bezala, izenburu motzak, hitz bakarrekoak, aukeratu dituzte, baina, Ciudadanosen kasuan, italiarrek bezala, Espainian jatorrizko bertsioaren arrakasta –Podemosena, alegia– sumatu eta berehala egin dute remakea. Ciudadanos hori baita, alderdi alternatiboaren bertsio onargarriagoa, errazagoa, hedabide espainolen laborategian egindakoa, berria iduri duena baina betiko eskemak errepikatzen dituena, hauteslea kontserbadorea –eta azaleko aldaketa batzuk aski ditu– edo ergela –eta ez da iruzurraz ohartuko– edo biak delakoan.

Ez dakit bertsioak maite ditudan edo gorroto ditudan, eta gainera, Podemosekin eta Ciudadanosekin, ezagutzen ez dudan lurraldean sartzen ari naiz –nik bertze genero batzuk nahiago ditut–. Baina kontuan hartuta bertsioak –hau da, Ciudadanosek– txaloak bertzerik ez duela jaso Espainiako prentsan, nik nire barneko esnobari eginen nioke kasu eta, hautatzekotan, jatorrizko bertsioa hautatuko nuke. Bertsioak, gainera, bertze produkzio handi horren antz handiegia du, Alderdi Popularrarena. Protagonista, gaurko joerari jarraiki, gaztetu badute ere.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

7 pentsamendu “Zure Botoa Gela Itxia Da, Eta Bakarrik Nik Daukat Bertan Sartzeko Giltza”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2015-05-13 10:53

    Ez dut bertsioen inguruan egin duzun teorizazioa zapuztu nahi, baina ‘Sarii Sarri’ ere bertsioa zen, Toots & The Maytals (Toots eta Maitaleak?) talde jamaikarrarena…
    Eia da zure galdera egiten badiogu Kortaturen ‘Sarri Sarri’ kantari ” Munduak bertsio hori behar zuen?” erantzuna baiezkoa dela. Ez dakit munduak, baina 80. hamarkadako Euskal Herriak behar zuen ‘Sarri Sarri’ hura.

    https://youtu.be/9U8_F-_jKEo

    • Santi Leone 2015-05-13 12:08

      Nik ere ez nuke nire teorizazioa zapuztu nahiko, baina puntu batean bederen arrazoi duzu: nire testua irakurrita, iduri luke alde batetik bertsioak ditugula, eta, bertzetik, jatorrizko lanak. Baina “jatorrizko” lan guziek badituzte eraginak (aitortuak eta ez aitortuak), aitzindariak eta oihartzunak. Ez da original erabatekorik.
      Bertsioa izateak ez dio kanta bati edo film bati nahitaez deus kentzen, eta Kortaturen bertsioa beharrezkoa zen naski 80ko hamarkadako Euskal Herrian, baina nire ustez hori bezain egia da maiz bertsioak nekearen seinale direla (zenbait abesleriren kasuan), eta remakeen moda irudimen faltaren edo alferkeriaren adierazgarri (AEBko zinemagintza komertzialean aspalditik gertatzen ari den bezala)

      • Gari Garaialde 2015-05-13 15:54

        Gustiz ados!

        • Gari Garaialde 2015-05-13 15:57

          Gainera nik iruzkina tonu komikoan egin nahi nuen, baina idazten hasi eta berandu egin zaidanez, di-da amaitu behar izan dut. Orain nirea irakurrita, serioa den zerbaitetaz nenbilela dirudit, baina ez zen hori asmoa… Parra egin dut zurearekin, irratiz aditzean, eta iruzkintxoa egin nahi nuen.

  • amonamantangorri 2015-05-13 12:13

    Izan ere, Kortaturen arrakasta gehienak atzerriko punk eta ska taldeen bertsioak ziren.

  • Esango nuke “Ciutadans” Podemos baino lehen sortu zutela Albert Rivera eta Boadelak. Gainera, Ciudadanos- Hiritarrak (hori dute izena) beste alderdi baten bertsioa izatekotan, UPyDrena izango litzateke.

    Ondo ibili

    • Santi Leoné 2015-05-14 11:07

      Bai, Ciutadans Podemos baino aise lehenago sortu zen. Oker ez banabil, Katalunian lehen gobernu hirutarikoa osatu eta urte pare batera, PSCren “traizioak” umezurtz utziak omen zituen ezkerreko herritarrei begira hain zuzen ere. Ezkerreko plataforma (lehenik) eta alderdia (gero) omen zen hasmentan. Baina alderdiak urte batzuk baditu ere, Rivera oraindik orain bihurtu da -bihurtu dute- Pablo Iglesiasi buru egiten ahal dion bertze lider alternatibo, eta horrela ikusi ahal izan dugu Espainiako prentsan. Alde horretatik (eta, berriz ere, zinematik harturiko metaforak erabiliz), Podemos film indiea baldin bada, Ciudadanos indie itxurako superprodukzioa da, lehenbizikoaren famaren gibeletik eta fama hari aurre egin nahian sortua, alderdi bakoitzaren kronologia gorabehera.