Zumaian euskara eta kultura uztartuta: EUSKURA
Euskara teknikaria da Xabier Azkue, eta kultura arloan ere aritua da azken urteotan Zumaian. Iaz Euskal Kulturgintzaren Transmisioko ikastaroa egin zuen, eta haren amaierako lanean Zumaiako euskal kultura aztertu du. Lan hori 50 bat lagunen aurrean aurkeztu zuen hilaren 5ean Alondegian eskainitako hitzaldian, ‘Euskara bestela ez gara’ zikloaren barruan. Hitzaldiaren bideoa osorik (irudiak Zumaiako Euskara Zerbitzuarenak, bideogilea Baleike).
Zumaiako kultura aztertzen hasita, Udalak berak antolatutako kultura dago alde batetik; oparoa da, euskararen ikuspuntutik. Banakako artista eta sortzaileak daude, bestetik; eta 50etik gorako bilduma erakutsi zuen Azkuek; hor aurrerapausoak emateko aukera ikusten du. Bukatzeko, taldeen bitartez lantzen dena dago, eta horixe aztertu du bereziki lan honen bitartez.
Hasteko, azpimarratu du Zumaian talde asko daudela, dozenaka, eta zuzenean kulturarekin lotura ez dutenek ere badute zeresana kontu hauetan: kirol taldeek, gizarte alorrekoek, elkarte gastronomikoek… Azken urteotan gehiago begiratu zaio ea talde horiek euskaraz funtzionatzen duten ala ez, baina horrekin batera euskaraz sortzeak eta publikoari eskaintzeak ematen dio bizitzeko indarra euskara bezalako hizkuntza txiki bati.
Azkue saiatu da aztertzen non dauden euskarazko zirkuituak, non sumatzen den motibazioa, zer elkargune dauden, zer pauso estrategiko ematea komeni den… Eta horretarako kultur transmisioa edo kulturaren sozializazioa giltzarritzat dauka. Lan honetarako hartu duen irizpidea da euskal kultura deitzea euskaraz edota euskara erdigunean dela egiten den kulturari.
TALDEEI GALDEKIZUNA ETA EMAITZAK
2013ko irailean galdekizun bat bidali zien Zumaiako 29 talderi, eta ia guztien erantzunak jaso ere bai. Taldearen jarduera nagusiak bildu zituen, komunikatzeko bideak, funtzionatzeko hizkuntza, harremanak eta Zumaiako kulturari buruzko ikuspegia, koordinazioa barne. Oro har, datu positiboa da euskaraz funtzionatzen dutela gehienek (%72k bilerak euskaraz edo euskaraz gehiago), eta talde gehienen jardueretan euskara lehenesten dela (%87). Horregatik, taldeen lanari aitortza berezia egin behar zaio, eta aurrera begira animoak eman.
Zumaiako kultur taldeei begiratuta, ikusten da sare aberatsa eta emankorra dela. Adierazgarriak dira musikaren inguruko elkarteen artean (eskola, banda, abesbatzak…) dauden harremanak, proiektuak eta bizitasuna. Bestelako musika taldeak kolektibo batean bilduta daude, guztira 19, eta azpimarratzekoa da horren barruan laurdenak besterik ez dutela euskaraz abesten. Beste alorretako elkarte batzuen artean ere ikusten dira elkarlanean landutako ekimenak, garai bateko ohiturak berreskuratzeko eta berritzeko.
Taldeek euskal kulturarekin eta sorkuntzarekin duten lotura irudikatzeko, mapa moduko bat proposatu du Azkuek. Koloreek ez dute adierazten taldeak euskararekiko duen jarrera edo erabilera, baizik eta euskal kulturaren transmisioan daukan eragina: berdez euskaraz sortzen duten taldeak, eta gorriz euskal kultura eskaintzen ez dutenak. Tamaina batzuk bereizi dira, kide aktiboen kopuruaren arabera; marrek, berriz, taldeen artean dauden harremanak adierazten dituzte, noizbehinkakoak (etenak) eta estuak (jarraituak) bereizita.
Egoera hobetzeko proposamen batzuk egin ditu: harremanak lantzea gainerako taldeekin, proiektuak partekatzea, egiten diren gauza horietan (hitzaldiak, emanaldiak, ikastaroak…) euskal kultura txertatzeko aukerak aztertzea… Ildo horretatik, estrategikoak iruditzen zaizkio Xabierri Zumaiako bi taldek saretze lan horretan egin ditzaketen ekarpenak: Baleikek eta Bertso Eskolak.
Baleike kulturan eta beste alorretan egiten den lanaren erakusleiho edo bozgorailu nagusia da. Herriko talde eta elkarteekin duen harremanari esker, saregile lanak egin ditzake, gainerako taldeen aktibatzaile edo laguntzaile, nolabaiteko komunitate baten sortzaile. Bertso Eskolak ere lan garrantzitsua egin lezake, gazteen artean hizkuntza aberasten eta zorrozten, eta beste talde askorekin elkarlanean: musikariekin abestiak, euskaltegian saio bereziak…
KULTURA MAHAITIK KULTURRITURRIRA
2012an Zumaiako Kultura Mahaia sortu zenetik ez du lortu alorra asko mugitzea, eta parte-hartze txikia du. Orain artean, batez ere, informazioa trukatzeko gunea izan da, gehienbat Udalarena zabaltzeko baliatu da.
Azkuek proposatu du egun bateko gogoeta egitea, kulturan aritzen diren eragile guztiak elkartuta. Euskara ardatz hartuta, eta bakoitzaren interesen gainetik, galdera honi erantzun beharko litzaioke: kulturaren aldetik nolako Zumaia nahi dugu 5-10 urte barru?
Emaitza horiekin, Kultura Mahaiak adostutako norabide estrategiko batzuen arabera lan egiteko aukera izango luke, eta horiek gauzatzeko behar diren azpiegiturak eta baliabideak antolatzeko irizpide argiagoak ere bai. Lanerako beste oinarri edo gako hauek ere aipatu zituen, besteak beste: auzolana, elkarlana, adostasuna, gidaritza, gozamena eta herri identitatea.
Eta aurrera begira, Mahaiaren irudia nahiko estatikoa dela iritzita, beste bat proposatu nahiko luke: iturria, Kulturriturria. Zenbat eta hobeto antolatu barruko hodiak, orduan eta emari hobea eta kalitate handiagokoa emango du. Barruan daude espazioak (herria, auzoak, plaza), kulturgileak eta sortzaileak, norbanakoak eta taldeak, elkartekideak eta Udaleko sailak. Kanpoan jasotzen da emaitza, era askotakoa, gure eta euskararen egarria aseko duen URA: kontzertuak, argitalpenak, emanaldiak… Urak fluxua, mugimendua, bizitasuna, berrikuntza adieraz ditzake, besteak beste.
Sanjuaniturri izenekoaren irudia hartu du ikurtzat (Dani Carballoren irudia), iturri horrek baduelako bestelako elementu bereizgarri bat: SUA. Udako solstizioa iturri horren ondoan ospatzen da urtero, su handi batekin, inguruan dantza eta jauziak eginda. Suak berotasuna adierazten du, argia, indarra, tradizioa, lehenarekin eta hizkuntzarekin lotura.
Amaitzeko, sua eta ura, euskara eta kultura elkarren ondoan ikusten ditu, eta hitz batean uztartu nahi izan ditu: EUSKURA.