Zizka-mizka beroa

Zizka-mizka edo kanape honi, “Ibañez jaunaren pintxoa” deitzen diogu, lagunon artean. Erraza da oso, eta Ferrán Adriáren pare lagako zaitu edonoren aurrean.

Osagaiak: Maionesa, gazta-parmesano birrindua, tipula (oso txiki xehatua), ogi txigortua.

Nola egin: Heren bat maionesa, heren bat parmesano eta heren bat tipula (oso xehatua) gopor edo ontzi batean nahastu. Goilaratxo batez, ogi txigortuen gainean ezarri. Labe beroan gainerre hiru bat minututan eta kitxo.

Harrituko zara ederki! Seguru asko maionesa urtu egingo dela usteko duzu, baina bai zera!, eutsi egiten dio gorputzari eta benetan urtzen dena parmesanoa da. Tipula zati nimiñoek, ostera, crudité ukitua ematen diote.

(Doako publizitatea: Niri Krafft maionesarekin eta Recondo Tostadas Normales delakoekin egitea gustatzen zait).

(Asmoa: Hurrengo batean berakatz atal bat gehituko diot, txiki-txiki eginda. Nik uste zoragarri geratuko dela. Hementxe kontatuko dut zer ateratzen zaidan)

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude