Zinema urratzailearen aterpetik

MTM3Ng==

Zazpi minututan heldu gara etxetik rock-aren elizara. Zazpi minutuz arineketan, zure adatsaren aterpean babesa bilatuz, putzuz-putzu. Bilborock aretoan gara. Emakumez josita dago sarrera: kuadrilan, bikotekidearekin, bakarrik,.. emakume andana erakarri du zazpigarren Zinegoak jaialdiko proiekzioak. “L” izkia dute bi laburmetrailek sinopsian, baina ez da parking-eko “Libre” ezta “laburmetraila” ere: “lesbiko” di0ela azaldu dizut. Ez dakit drama ala komedia diren, akzio ala zientzia fikzio, ez dut halakorik irakurri, baina “Labur (ez horren labur) lesbikoak” sailean daudela badakit.

“Glioblastom” alemaniarrak kutsu surrealista itzelezko satira kontatu digu. Steffek lan eta neska zoragarria ditu eta dolce vita-z gozatzen duela esan dezake, baina arte erakusketa batean ustekabean 23 urre-arrain hil eta dena irauli egin da bere bizitzan. Eros eta thanatosek aurrez aurre diraute eta elkarreragin erabakiorra dute istorioan: pertsonaiek besteen bizitza eta heriotza baldintzatzen baitituzte, eta ezer ez da itxuraz dirudiena. Eli israeldarra bi munduren arteko disonantzian dago “The Other War” filmean: bere ahizpak senargaia gerran du eta herrialdearen konbentzioen isla da; bere maitale Naamak berriz, ospa egin gura du Europara, Israel eta gatazkatik ihesik. Bi bizimoduen artean hautua egin behar duela sentitu du Elik.

Artean, euria zar-zar sentitu dugu, bere zataraz pantailako fikzioei protagonismoa ostuz, eta inoiz ez bezala sentiarazi nau: elizan babesturik. Datorren asterako ere iragarpen kaxkarra izanik, laukidun tapakia sofan txukun-txukun tolesturik utzi eta zine urratzaile apur batek bizkortuko gaituela komentatu dugu.

Zinema portugaldarra paradigmatikoa izan da oso LGTB zinemagintzan, New Queer Cinema estetikaren erakusle izan zen 90. hamarkadan. Joao Ferreirak adierazi bezala, “Queer Lisboa” sailak portugaleko queer zinemako azken lanen bilduma eklektikoa aurkezten digu. Esaterako, Joao Pedro Rodriguesen “Morrer com um homem” gaur 17.30etan eta bihar 22.15etan Capitolen izango dugu. Proposamen aski interesgarria dirudi “Transformismo no femenino: Betty Santos” filmak ere, non emakumezko transformista honen eskutik, gau lisboarrean murgilduko garen -bihar 20.15etan eta datorren larunbatean 16.00etan Biborocken-. Gaurkoan, nazioarteko estreinaldia dugu 22.30etatik aurrera Bilborocken: “L’ultimo Giorno d’inverno”.

Eta, guk hilabetetan itxaron ostean, Clint Eastwood eta bere Mandelak gordeko digute eserlekua zineman datorren asterarte, ezta?

kazetaria-edo