Betikoak, beti.

Beti betikotan. Beti betikoak. Aldarriaren lehen lerroan egon baino, argazkiaren lehen lerroan egotea nahiago dutenak. 

Bustitzea baino, lehor eta ongizateak ematen duen berotasunean erretzea nahiago dutenak.

Moralaren predikatzaileak, politikoki zuzenaren defendatzaileak, “beti izan da horrela” argudio zitalaren sortzaileak. 

Nazkagarriak. Denak

Behin egin zuten eta horrela diraute, errentagarritasunaren morroi. 

Ilusioa izan zuten behin. Eta orain, ilusioa transmitutu beharrean, daukatenari usurpatu nahi diote, bihotzak zurbil utziz, erosotasunaren errebeldiaz janzten dutelarik.

Gustatzen zaie bai, horrela bizitzea gustuko dute. 

Atzera begiratuz, garai hobeak ikusten dituzte. Gaur egunekoari so egin eta haiek landatutako hazia ikusi baino, beste baten akatsak dira gailetzen zaizkienak haien buru perfektuetan.

“Gure garaietan!”, “gora tal!”, “gaur eguneko bizimodua!”…

Ahoa hitz ponposoek lehertzen dute, belarriak zulatu eta garezurra hautsiz garunerarte sartzen dira, bala bat bailitzan; azkarrago eta gogorrago esanda adierazpenok duten egiatasun maila igo dezaketeelakoan.

Iada aspertua nago. Etsituta.

Ilusioa islatzen nuen behin, gure garaietan…

betikoak, beti

Irudia | betikoak, beti | egibihurturikoametsak.blogspot | Creative Commons By SA