Asteburu euritsuari aurre egiteko, zoaz zinemara!

zinemara –

Estreinaldiak: Azaroak 10

Egilea: Maialen Goñi

.

The Square

Ruben Östlund zinegile suediarrak Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen maiatzean komedia eta drama uztartzen dituen proposamen arriskutsuarekin. Filmeko protagonista Christian da, arte garaikideari lotutako museo bateko burua. The Square izeneko instalazio bat jarriko du museoaren kanpoko aldean, ustez, museoaren izen ona sustatzeko, baina ikusleek ez diote esperotako harrerarik egingo, eta egoera surrealistak bizitzen hasiko da. Artearen kritika zorrotza egiteaz gain, politikoki zuzena denaren eta adierazpen askatasunaren arteko mugaz jardungo du filmak. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera saila zabaldu zuen filmak.

.

Pokot (El rastro)

Agnieszka Holland zinegile poloniarraren dramak, ostera, Poloniako mendietan bizi den Janina Duszejkoren istorioa kontatuko digu. Ingeniari eta astrologo ohia da, eta ikaragarri sufritzen du herriko ehiztariek oreinak, azeriak eta bestelako animalia basatiak hiltzen dituztela ikusitakoan. Gau batean, ehiztari baten gorpua topatuko du bere etxetik hurbil, eta pixkanaka, hilketa gehiago gertatzen hasiko dira. Janinaren iritiz, animalia basatiak egongo dira hilketa horien atzean. Berlingo zinema jaialdian Alfred Bauer saria jaso zuen ekoizpenak, eta Agnieszka Mandat-Grabka aktorearen lana goraipatu dute kritikariek.

.

The Bookshop (La libreria)

Isabel Coixet zinegile katalanaren berriak, bere aldetik, Penelope Fitzgerald idazlearen The Bookshop eleberria zinemarako egokitu du, eta filmak Frankfurteko Liburuaren Azokako saria eskuratu du, literaturatik egokitutako film onenaren garaikurra, alegia. 50eko hamarkadan, Ingalaterrako herri txiki batean liburu-denda bat zabaldu nahiko du Florence Green izeneko alargun gazteak. Horretarako, herriko etxe zahar baina enblematiko bat hartuko du, eta Christine neskatilaren laguntzarekin, etxea egokitzen hasiko da. Erabakiak harrabotsa  sortuko du hirian, bereziki, Greenek bere dendara ekarritako liburuengatik, hala nola, Fahrenheit 451 eta Lolita.

.

Happy Death Day (Feliz día de tu muerte)

Tree unibertsitateko ikasle arrunta da. Bere urtebetetze-egunean, Carterren ohean esnatuko da. Bere egoitzara itzuliko da, eguneroko erritmoa berreskuratu nahian, baina egunak ohikotik gutxi duela ohartuko da berehala. Izan ere, deja vu moduko bat bizitzen ariko dela irudituko zaio, gertatzen ari den guztia aurrez bizi izan duela, eta eguna amaitu aurretik, ezezagun batek hilko du, berriz ere, bere urtebetetze egunean esnatzeko. Amaitezina dirudien kiribil horretatik irteteko, baina, hiltzailea nor den asmatu beharko du. Christopher Landonen proposamenak kritika onak jaso ditu AEBetan, eta zinemetan egin zuen lehen asteburuan arrakasta itzela izan zuen.

.

Oro

XVI. mendean, espainiar konkistatzaileak Mendebaldeko Indietara heldu zirenean, 30 bat laguneko taldea Amazonas oihanean murgildu zen El Dorado izeneko urrezko hiria aurkitzeko asmotan. Agustín Díaz Yanes zinegileak zuzendutako proiektuak Arturo Pérez-Reverteren eleberri homonimoa du oinarrian, Lope de Aguirre eta Núñez de Balboa konkistatzaile espainiarren bidaiari buruzkoa. Aktore taldea Raúl Arévalo, José Coronado, Bárbara Lennie, Óscar Jaenada eta Juan José Ballestak, besteak beste, osatu dute.

.

Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian.

zoaz zinemara

zoaz zinemara!

Euskal pantailaren gunea