Botere guztia sovietetara!

Botere guztia sovietetara! –

Kontsigna hau gakoa izan zen 1917ko hilabete zurrunbilotsu horietan. Nicolas II.a tsarrak abdikatu ostean 1917ko martxoan (momentu horretan Errusian zegoen juliotar egutegian otsaila zen) sortutako behin-behineko gobernuan sozialdemokratak parte hartzen ari ziren, liberal eta aristokratekin batera.
.

Boltxebikeen zuzendaritzaren sektore batzuek ere gobernuarekiko adiskidetze jarrera zeukaten. Testuinguru horretan, Leninen Apirileko tesiak obran jasotako planteamenduak gakoak izan ziren boltxebikeen norabidea argitzeko (boltxebikeak barruko korronte nagusia ziren Errusiako Partidu Sozialdemokratan, handik gutxira Partidu Komunista bihurtu zena) baita, hilabete batzuk geroago, Petrogradon boterea hartzea ahalbidetzeko ere.

Botere guztia sovietetara!Azaroaren 6-7 honetan (juliotar egutegian urriaren 24-25a) iraultza sobietarraren 100 urte bete dira. Zalantzarik gabe, iraultza hori garaipen nabarmenena izan zen munduko langileriaren historian. Langileek boterea hartzeak eta 1918-1921eko gudan potentzia inperialistek babestutako erreakzioa garaitzeak ideia marxisten gauzatzea suposatu zuen neurri handi batean. Izan ere, Marxek eta Engelsek beraiek azaldu zuten marxismoa ez zela dogma bat, baizik eta akziorako gida. 1871eko Pariseko Komunaren herri garaipen iraungikorraren ostean, sobietar iraultzak klaserik gabeko jendartera abiatzea ahalbidetu zuen, baita kapitalismotik komunismorako trantsiziorako Estatu sozialistaren eraikitzea era praktikoan planteatzea ere (Estatua eta iraultza idazkian Leninek berak teorizatu zuena). Geroago gauzatu zen SESBren norabidearen okertzearen eta atzean egon ziren barne (estalinismoa, burokratizazioa…) eta kanpoko arrazoien (eraso inperialistak, Europan hedatu behar ziren beste iraultzen porrota…) analisian sartu gabe, Iraultza sobietarrak gainontzeko herriei erakutsi zien posiblea zela klase zapalduek boterea eskuratzea eta berdintasunezko eta jaberik gabeko jendartea eraikitzea. Iraultza horrek eta sortutako Estatuak auzitan jarri zuen (des)ordena kapitalista eta, inperialismo nazia adoretsuki suntsitu ostean, SESB munduko potentzia bihurtu zen arlo guztietan, inperialismo yankiaren kontrapisua bilakatuta. Horregatik ezinbestekoa zaigu gertakizun horiek gogoraraztea, ikertzea (asmatzeak zein akatsak) baita aldarrikatzea ere. Are gehiago urteurren honetan non sistemaren desinformazio medioak gertaera horiek karikaturizatzen eta sinplifikatzen saiatuko diren. Izan ere, iraganeko zerbait bezala aurkeztuko dizkigute, gaindituta dagoena, kapitalismoari alternatibarik ez dagoen munduan errepikatu ezin izango dena.

Botere guztia sovietetara!Leninen eta beste iraultzaileren ekarpen teorikoak baita milaka langile eta nekazarien borroka ere lurperatzen saiatuko dira. Hala ere, errealitate gordinak berresten du ideia horien gaurkotasuna eta sistema aldatzearen beharra. SESBren desagertzeak eta kapitalismoaren nagusitasunak munduan emakume-gizonen arazo larriak konpondu ditu akaso? Jendartea klaseetan banatzeak, ekoizteko baliabideen jabea den gutxiengoak gehiengoa esplotatzeak, kapitala gero eta esku gutxiagotan kontzentratzeak (Inperialismoa, kapitalismoaren aro gorena idazkian Leninek deskribatutakoa), monarkia parasitoen irauteak, populazioak hiltzen dituen miseriak, goseak, gerrak… erakusten dute duela mende bateko eskenatokitik ez dugula asko aurreratu.

Iraultza sobietarrak irakaspen oso baliagarriak utzi zituen, XX. mendean zehar eta gaur egun ere garatzen diren esperientziekin aberastuak izan direnak. Horietako bakar batzuk aipatzeagatik, iraultza horrek botere paralelo bat (langileen, nekazarien eta soldaduen sovietak) eraikitzearen beharra erakutsi zuen, boterea hartzeko baliogarria izango zena baita etorkizuneko Estatu sozialistaren enbrioia ere. Era berean, boterea hartzea ahalbidetuko duen Estatu krisia heltzen den bitartean langileria formatzearen ezinbestekotasuna erakutsi zuen, baita langileek boterea eskuratzeko eta finkatzeko estrategiaren premia ere, Historian hainbestetan gertatu diren matxinadak matxinada hutsetan ez geratzeko, ordena berri bat eraikitzeko ezgai. Iraultza sobietarrak Estatu zaharra eraistearen eta berri bat eraikitzearen beharra erakutsi zuen, burgesiak berak gehiengoa menperatzeko diseinatutako egituren erabilera gaindituz. Honen harira, indarkeria antolatua herriaren eskumena izan behar zela azaldu zuen, eta ez herriaren kanpotik eta gainetik dauden errepresio indar berezien (polizia eta ejertzitoa) eskuetan egon.

Botere guztia sovietetara!

Horretaz gain, Leninek behin eta berriro ohartarazi zuen bake sozial iraunkorraren ilusioa elikatzen duen klaseen arteko hitzarmenaren sineskeriarekin apurtu behar zela. Hots, interes kontrajarriak dauzkaten klaseak adiskidetzearen ezintasunaz ohartarazi zuen. Zentzu horretan, Leninek utzitako esaldi adierazgarrienetariko bat honako hau da: “Gizonak (eta emakumeak) beti izan dira politikan norberaren eta besteen engainuen biktimak, eta horrela jarraituko dute esaldi, adierazpen eta moral-, erlijio-, politika- eta jendarte-agintza guztien atzean klase baten edo beste baten interesak identifikatzen ikasten ez duten bitartean”. Ideia honetatik sortutako burgesiarekiko eta sozialdemokraziaren morroi-sektoreekiko ezinbesteko mesfidantza gakoa izan zen “Botere guztia sovietetara!” leloa errealitatea bihurtzeko.

Botere guztia sovietetara!

Internazionalista. EHUko irakaslea

2 pentsamendu “Botere guztia sovietetara!”-ri buruz

  • Ametsgaizto luze baten hasiera…

  • Alemanian nazien nostalgikoak ditugu, Euskal Herrian munduko historiak eman duen tiranian beltzenaren alabantza lotsagabea. Biek dute gauza berbera: erregimen horiek sortu zituzten miloika hildakoen ukazio biribila.
    Iraultza sobietikoak bere arrastoa utzi du eta horren adierazgarri hor goian dagoen artikulugilea. Iraultza sobietikoa hasera haseratik demasia odoltzaleen putzu asezina gertatu zen. Kontuan izan dezagun boltxebikeek ez zutela Tzar delakoen sistema hondatu, hori otsailean gertatu zen. Boltxebikeek ez zuten zer ikusirik izan sobiet delakoen sorkuntzan eta gobernu probisionalaren eraketan.
    Baina Alemaniako Kaiserrak ondo pagatua, hara joan zen gure Lenin, Alemaniakin gerra bukatu behar zela eta Batzar Konstituziogilearen hauteskundeak galdu eta gero, sobiet zelakoei eman omen behar zitzaiela boterea.
    Kontuan izan dezagun gerra zibila piztu zenean -eta gerra horrek Alemaniako gerrak baino askosaz miloi hildako gehiago eragin zituen- Terrore Gorria ezarri zela berehala; Leninek anarkistak, eseritak, kadeteak, mentxebikeak, sozialista iraultzaileak; Kronstandko marinelak, Tambovko nekazariak… Ezkerraren adar guztiak lege gabetu eta esterminatu zituen. Georgia mentxebikea jan zuen eta Polonia eraso, Alemaniako komunistak irteerarik gabeko iraultza batetara bultzatu bitartean. Eta gero kriston gerra egin zuen nekazalgo beraren kontra, 1921an bukatu zena, nekazariak miloika hiltzen hasi baitziren gosez. Hor esterminatu zituen gosearen bitartez pare miloi ukraniar, beren bekatua, abertzaleak eta anarkistak izatea. Solovskin jarri zuen Lenin paregabeak Gulag sistemaren lehen harria. Eta intelektualak persegitu eta fusilatu zituen inongo beldurrik gabe. Stalin tipo honen jarraitzale txintxua besterik ez zen izan. Lotsa ematen du gure herrian kasta honetako heriotz industrialaren apologistak edukitzea.