Zinea: Maria by Callas
Zinea Maria by Callas –
Arraroa da astegun batean arratsaldeko 5.30tan zinera joatea. Bihurrikeri bat egiten ari zaren sentsazioa duzu, ikastolan “pira” egiten genuenean bezala. Maria Callas-i buruzko dokumental hau ikusteko aukera bakarra ordu horretan zenez, hortxe joan nintzen arratsalde eguzkitsu zoragarri batean, beste 15 pertsonekin (denak jubilatuak) soprano greko-amerikarraren bizitzari buruzko kontakizunaz gozatzera. A priori ez zen nire “must see” zerrendako film bat eta nire ingurukoei galdetuta denek kointziditu dute “nagikeria” ematen duela. Baina Maria Callas beti iruditu zait pertsonaia faszinantea, eta ez nuen pantaila handian ikusteko aukera galdu nahi. Eta zenbat poztu nauen hondartzara joan beharrean zinemara joan izanak.
Tom Volf-en dokumentalak sopranoaren bizitza kontatzen du soilik, artxibozko irudiak, grabaketak eta Maria Callas beraren off-eko ahotsa erabiliz. Izugarrizko dokumentazio lana dago film honen atzean. Zuzendariak bikainki josten ditu filma osatzen duten eszenak grabaketa formatu desberdinetan, estruktura narratibo kronologikoa erabiliz, Callasen haurtzarotik hasita bere heriotzara, bizitza pertsonalari errepasoa emanez baina bere karrera profesionalean zentratuz.
Bizitza gazi-gozoa izan zuen gure divak. Alde batetik bere talentuak gazte-gaztetatik arrakasta ezagutzen lagundu zion eta opera abeslari batek lor ditzaken helburu guztiak lortu zituen, ez lan eta esfortzu gutxirekin. Amak, hasieran, eta bere lehenengo senarrak gero, bere talentuari zukua ateratzen jakin izan zuten eta kosta ala kosta arrakasta lortzera bideratu zuten, bidean bere bizitza pertsonaleko ametsetako bat sakrifikatzeraino. Bai, bere bizitzako ametsa ama izatea zen eta etzuen lortu. Film honen bidez Callas-i buruz ezagutu nuen ezaugarrietako bat, eta asko harritu ninduena, emakumeari buruz zuen ikuspegi matxista da. Bere ustez emakumea ama izateko eta senar baten zerbitzuan bizitzeko jaioa zen. Eta berak hau lortu ez izanak, filmean zehar ikusten den bezala, asko markatu zuen.
Eta agian horregatik, agian ez -filmak ez du azaltzen- izan zituen bere karrera profesionala zipriztindu zuten depresioa eta beste osasun arazo batzuk. Callas-ek bazuen komunikabideek bikainki elikatu zuten fama txarra opera zirkuituan, emanaldiak bukatu gabe uzten zituela alegia. Eta filmean agertzen dira pare bat pasarte non “alde-egite” hauek osasun arazo larriengatik izan zirela argi uzten duen zuzendariak, garaiko zurrumurru horiek gezurtatuz.
Eta gure Maria zurrumurru-iturri amaigabea zen. Bere lehenengo senarra Aristotle Onassis enpresari grekoarengatik utzi zuenean ere zeresan ugaria eman zuen. Eta filmean affair hau deskribatzen denean batek ez du ulertzen Maria Callas bezalako norbait nola maitemindu zen Onassis bezalako gizontxo txiki, sudur-handi eta itsusi batez. Eta honek Callas-en beheraldi momentu txar baten erdian orduan Jacqueline Kennedy zenarengatik utzi ondoren, izugarri sufrituta, nola hartu zuen berriro bere besoetan. Eta beste diva bat gogorarazi zidan pasarte honek: gure Amy Winehouse, bere kasuan ere gizonek eragin ezkorra izan zuten bere bizitzan eta berak ere izugarri maite zituen.
Callas ez zen perfektua, eta pertsona bezala eta profesional bezala kuestionatua eta kritikatua izan zen. Baina film hau ikusi ondoren gizatiarragoa ikusten du batek, bere gainezkako talentu hori nola edo hala kudeatzen eta zoriontsu izaten saiatu zen emakumea. Filmean agertzen den artxibozko elkarrizketatako batean zoriontsua den galdetzen diote, berak baietz esaten du “nire buruari gehiagotan gogorarazi beharko nioke“.
…
Terrence McNully antzerkigile amerikarrak ateo eta agnostikoontzat ere ulergarria den esaldi hau bota zuen bere Callas mirestuari buruz: “Other sopranos only sing ‘Vessi d’arte’ in Tosca. Only Callas talks to God” (Beste sopranoek soilik Tosca-ko ‘Vissi d’arte’ abesten dute. Callas-ek bakarrik hitz egiten du Jaungoikoarekin)
…
IZARRAK: 5/4
…
AIPAGARRIA: Zinean Callas abesten entzuteak efektu hipnotikoa du, ia-ia meditazio saio bat bihurtzen dira abestiak. Eta batez ere marabilla hau, Casta Diva, Bellini-ren Norma tragedia lirica-tik:
…