[Zine Kritika] The Favourite

[Zine Kritika] The Favourite –

Batzuetan, film bat ikustera bakarrik aktore edo zuzendari konkretu baten azken lana ikusteko joaten gara. Gaur hizpide dugun filma ere bere zuzendariagatik eta aktore protagonistagatik ikusi nahi izan dut, Ingalaterrako telebistan aurpegi ezaguna izan dena baina zinean lan gutxiago egin duen aktore puska honek zinera eraman nau. Olivia Coleman (Broadchurch, Peep Show, London Road, The Lobster) aktoreak Yorgos Lanthimos (The Lobster, The Killing of a Sacred Deer) zuzendari grekoaren azken filman egiten duen lana izugarria da, naturaz gaindikoa, eta Glenn Close-n The Wife ikusi gabe, Coleman-ek otsailean ospatuko dituzten Oscar sarietan estatuatxoa irabaziko duela iragartzen ausartuko naiz. Eta zer esan The Lobster edo The Killing of a Sacred Deer bezalako filmak zuzendu dituen zinegileak sortutako azken bitxikeriaz? Ba bere aurreko filmak ikusi badituzu sorpresa latza hartuko duzula.

Ingalaterran gaude, XVIII mende hasieran eta Anne (Stuart etxeko azken agintaria) erreginaren herrialdea eta Frantzia gudan daude. Bai gerraren inguruko erabakiak eta baita erresumaren kudeaketan “kontseilatzen” duen Lady Sarah Marlborough (Rachel Weisz) erreginaren gorteko kutunena da, bere aholkularia eta kontakizunean aurrerago jakingo dugunez, bere maitalea.

[Zine Kritika] The FavouriteErregina, gotak jota eta erdi deprimiturik bizi da jauregian, eta bitartean bere inguruan dituen neurriz gainezko ileordedun gortesauek ahate lasterketetan apostuak eginez pasatzen dute denbora.

[Zine Kritika] The FavouriteGauzak horrela, egun batean Sarah-ren lehengusina gaztea, Abigail (Emma Stone), erreginaren gortera iristen da lan bila eta dena hankaz gora jartzen du. Sarah-k bere mentore papera hartzen du baina ez du susmatzen bere arerio latzena izango dela. Maitasun eta botere triangelu entretenigarria hasten da orduan eta harriduraz (eta zergatik ez, miresmenez!) Abigail gaztea, xake joko batean bezala, estrategia eta amarru koloretsu ugariz baliatuz, Sarah-ren lekua hartzen ikusiko dugu. Bera bihurtzen da, inor konturatzerako, Anne erreginaren kutunena.

[Zine Kritika] The FavouriteAktore guztien lana goraipatzekoa da, ez bakarrik Olivia Coleman-ena, Emma Stone eta Rachel Weisz ere bikain daude eta Nicholas Hoult-ek (About a Boy, Mad Max, Skins) umore puntu interesgarri bat ematen lortzen du Robert Harley politiko toriaren paperean.

Bikainki zuzendua, Lanthimos-ek fish-eye lenteekin lortzen duen efektu nabarmenak erreginak jauregian sentitzen duen bakardade eta surrealismoari laguntzen dio, batzuetan klaustrofobikoa egiten den musikarekin batera eta muntai lana ere aipagarria da, flash-backak naturaltasunez erabiltzen ditu adibidez, kontakizunaren mesedetarako.

Eta guzti hau nahikoa ez bada, XVIII mende hasieran gaudenez, jantzitegia eta makilaia lanak ikusgarriak dira. Beraz, denontzako zerbait dauka The Favourite filmak.

IZARRAK  5/4

TRAILERRA:

[Zine Kritika] The Favourite  

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus

Zer duzu buruan “[Zine Kritika] The Favourite”-ri buruz

  • Ez zait batere egiazkoa iduritu. Dena neurriz gainekoa uduritu zait, teatro hutsa. Ez nioke inori gomendatuko
    Gainera historia murritz, maitale kontu gehiegi