Arte[faktua] 38: Aritz Branton ‘Booktegi.eus’, Leire Palacios, Joxe Mari Apaolaza

Arte[faktua] 38: Aritz Branton –

Booktegi.eus , euskal liburu elektronikoak doan eskaintzen dituen plataformako sortzaileetarikoa den Aritz Branton da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua] saioan. Donostiako Carlos Santamaria Zentroan elkartu gara irakurketa eta sormena bultzatzeko asmoarekin sortutako Booktegi-az hitz egiteko.

Aritz Branton Erresuma Batukoa da eta 14 urte daramatza Euskal Herrian. Filologia eta Historia ikasi zituen eta betidanik izan du hizkuntzekiko eta literaturarekiko interesa. Ogibidez itzultzailea da eta 11 itzulpen enpresaren sortzaileetakoa da eta duela bi urte sortu zen Booktegi-ren kudeatzaile nagusia.

Bere gonbidatua Leire Palacios kazetaria da. Basauriarra da eta Bizkaia irratian  “Irakurrieran” euskaraz egiten den literatura saioko gidarietako bat da. Berria egunkarian jarduna da eta Euskadi Irratian “Sarean” saioa egiten du. Booktegi atarian berriz,  “ElkarrizKateak” atalaren gidaritza, gidoia eta aurkezle lanak egin ditu Aritz Galarraga, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearekin batera.

Esther Uria aktore eta unibertsitateko irakasle donostiarra izango da irakurlearen tartea beteko duena. Oscar Wilde idazlearen “De Profundis” liburuaz hitz egingo du berak.

Galdetegian, Iñaki Martiarena marrazkigileak, Juanjo Olasagarre idazleak eta Aitor Arregi zinegileak euren liburu kuttunen berri emango dute.  Gauza bera egingo du Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko kirol kazetariak Apalategia izeneko tartean.

Iruñeko Ines Castiella euskaltzaleak Patxi Zabaletaren “Harri Aroko Arima Izutua” liburua hartu du gaitzat berak  grabatutako bideoa egiteko Booktuberraren atalerako.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, liburu-denden gomendioek eta abarrek   osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 38: Aritz Branton 'Booktegi.eus', Leire Palacios, Joxe Mari Apaolaza

Arte[faktua] 38: Aritz Branton ‘Booktegi.eus’, Leire Palacios, Joxe Mari Apaolaza

Arte[faktua] literatur saioa ETBn